Uemako herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat

  • Albistea entzun

9 eta 17 urte bitarteko herritarren kontsumoa ikertu dute, ia 11.600 inkesta eginda. Hauek dira ondorioetako batzuk: Lehen Hezkuntzako ikasleetan, gaztelerazko marrazki bizidunen Clan kateak ETB3k halako bi ikus-entzule ditu, eta Netflix ‘streaming’ plataforma bi aldiz gehiago kontsumitzen da gehien ikusten diren plataformetako hurrengoa baino. 

Datorren moduan hartzen da, eta etorri, nagusiki, erdaraz etortzen da. Ondorio hori erator daiteke Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruz egin duen ikerketatik. Telebistaren kontsumoa jaisten ari da, eta plataformena, handitzen —bost ikasletik lauk erabili ohi dituzte—, eta erdarazko eskaintzak jan egiten du hor euskarazkoa. Bestalde, gehien erabilitako sare sozialetan ere jarduna, batez ere, gaztelaniaz egiten da.

Datuak modu orokorrean hartzerik ez dago, hala ere. Uemako herrietakoak dira; hots, gune soziolinguistiko euskaldunenetakoak —herritarren %70 baino gehiago euskaldunak dira—. Eta, gainera, adin tarte jakin bati dagozkionak: 9 eta 17 urte bitarteko herritarren kontsumoa ikertu dute, ia 11.600 inkesta eginda.

TELEBISTA

Gehien ikusten den telebista katea ETB1 da, alde handiz: hirutik batek baino gehiagok hautatu dute. Tartea ateratzen die gehien ikusitakoetan haren atzetik daudenei: Telecinco (%21,6), Clan (%21) eta FDF (%20). Koska bat beherago daude beste sei bat kate: besteak beste, ETB3 (%12,3), haurrentzako ETBren katea. ETB3 ez da gehien ikusten dena Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, eta, are, erdarazko marrazki bizidunen Clan kateak hark halako bi ikus-entzule ditu.

Telebistaren kontsumoaren beherakadari buruzko datu adierazgarriak ere baditu ikerketak. Sei ikasletik batek ez dauka telebista ikusteko ohiturarik. Gainera, adinean gora egin ahala, apalagoa da telebistaren kontsumoa.

Gehien ikusten den telebista katea ETB1 da, alde handiz: hirutik batek baino gehiagok hautatu dute.

PLATAFORMAK

Uemako herrietako gaztetxoen artean nagusi da Netflix streaming plataforma, alde handiz. Inkestari erantzun diotenen artean, hamarretik seik aitortu dute azken hiru egunetan erabili izana. Haren erdia da Amazon Prime Videoren erabilera (%33), eta herena, berriz, Movistar Plusena (%20). Hiru horien kontsumotik dezente behera daude beste plataformenak, baina badira aldeak horien artean ere. Deigarria da, esaterako, ETB Nahieran plataformaren kontsumoa (%9,8) handiagoa dela HBOrena (%7,9) baino.

TELESAILAK 

Zer telesail ikusten dituzten ere galdetu diete ikasleei. La casa de papel da gehien ikusitakoa (%54), eta euskarazko bat dago bigarren lekuan: Goazen (%45). Euskarazko telesailetan, gehien ikusitako hurrengoak %10etik behera daude: Altsasu (%8), Ihesaldia (%4) eta Alardea (%3).

La casa de papel da gehien ikusitako telesaila (%54), eta euskarazko bat dago bigarren lekuan: Goazen (%45). 

Errealitateari tamaina hartzen laguntzen du Uemak Lehen Hezkuntzako ikasleei egindako galdera batek: azkena ikusi duten telesaila zein hizkuntzatan zegoen. %73k esan dute gaztelaniazkoa zela, eta %11k, euskarazkoa. 


SARE SOZIALAK 

Youtube (%85), Whatsapp (%74), Tiktok (%65) eta Instagram (%56) dira gehien erabiltzen diren sare sozialak, eta, horien atzetik, Snapchat (%40), Twitch (%24), Twitter (%13), Telegram (%6) eta Facebook (%4). Azken hiru egunetan erabilitako sare sozialez galdetuta atera da emaitza hori. Eta gehien erabiltzen den aplikazioan, Youtuben, euskarazko edukien kontsumoa oso apala da: %9koa. Gaztelaniazkoa, berriz, %71koa.

Gehien erabiltzen den aplikazioan, Youtuben, euskarazko edukien kontsumoa oso apala da: %9koa. Gaztelaniazkoa, berriz, %71koa.

Argazki orokorrari erreparatuta, agerikoa da sare sozialetako jarduna gaztelaniazkoa dela nagusiki: Youtuben, %76koa da hala; Tiktoken, %78koa, eta Twitchen, %88koa. Hala ere, badira aldeak sare sozial batetik bestera, bai edukiak jasotzeko moduan, baita ekoizteko eran ere. Tiktoken eta Twitchen, adibidez, erdaraz sortzen dituzte edukiak, batik bat, baina Instagramen, euskarazko sorkuntza %50ekoa da Uemako ikasleen artean.

Instagramen, euskarazko sorkuntza %50ekoa da Uemako ikasleen artean.

MUSIKA

Ikus-entzunezkoen kontsumoa ez ezik, musikarena ere aztertu dute, zein hizkuntzatan entzuten duten jakite aldera. Batez ere Youtube (%78) eta Spotify (%69) erabiltzen dituzte herri euskaldunenetako ikasleek musika kontsumitzeko. Entzuten duten musikaren erdia gaztelaniaz entzuten dute. Laurden bat pasatxo, euskaraz, eta ia beste hainbeste, gainerako hizkuntzetan.

BIDEOJOKOAK

Hutsala da hor euskarak duen lekua: %4. Batez ere gaztelaniaz da kontsumoa (%54), eta, hein txikiagoan, beste hizkuntzetan (%19).

Hutsala da bideojokoetan euskarak duen lekua: %4

Bideojokoak, batez ere, Lehen Hezkuntzako ikasleek erabiltzen dituzte, eta euskarazko bideojokoek presentzia handiena ikastaldi horretan dute. Ez da %10era iristen, dena den.

Jatorrizko artikuluak