Txelo Ruiz eta Elena Lazkano: «Geuk erabakiko dugu zertarako nahi ditugun robotak»

  • Albistea entzun

Robotak gizakiengana hurbiltzeko lanean ari dira Ruiz eta Lazkano. Batzuen eta besteen arteko aldea izugarria da oraindik, gizakientzat sinpleak diren gauzak oso konplexuak baitira robotentzat.

EHUren Informatika Fakultateko RSAIT Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko ikertzaileak eta E-makumeak ikerketa taldeko kideak dira bi irakasleak.

Zer lan ildo dituzue robotikan?

ELENA LAZKANO: Bi ikerketa ildo nagusi ditugu: alde batetik, roboten nabigazioari buruzkoa; bestetik, robotika soziala. 

Robotika soziala. OximoroncloseKontrako esanahia duten hitzekin osaturiko kontzeptu bat. bat dirudi.

E.L.: Robotika sozialaren helburua hauxe da: robotak gure artean egotekoak badira, gure lagunak izatekoak badira, porta daitezela gure antzera. Gurekin elkarrekintza eduki behar dute, guk gure artean dugun modu berean.

Zer egiten duzue?

E.L.: Robotak beti mugitu izan dira modu oso robotikoan, zurrunean. Guk naturaltasuna bilatzen dugu. Orain hizkeran zentratu gara, geuk egiten ditugun keinuak-eta sortzean; baina horiek ere, jakina, modulatu egin behar dira, robotak esaten duen testuaren arabera, aurrean duen pertsonaren egoera emozionalaren arabera edo jasotzen duen enpatiaren arabera.

Enpatia aipatzen duzuenean, gizakiok enpatia gisa ulertzen duguna aipatzen duzue? Bestearen lekuan jartzea? Posible da robot batean?

E.L.: Gutxieneko enpatia bati buruz ari gara. Gu beste sistema bat gara, ez daukagu zerikusirik robotekin, baina ondokoarengandik jasotzen dugun egoeraz ari gara: egokitzen ditugu ahotsaren tonua, erritmoa, aurpegiera, keinuak... Horretan ari gara.

Zertarako nahi duzue robota gai izatea gizakien keinuak erreproduzitzeko? Gizakiak gertuko sentitzeko?

E.L.: Bai.

TXELO RUIZ: Pentsa, etxean bakarrik bizi den pertsona edadetua, 80-90 urtekoa. Jartzen badiozu makina bat etxean laguntzeko, eta makina oso zurruna eta desatsegina baldin bada, zaila izango da makinarekin etxea partekatzea; aldiz, naturaltasun pixka batekin hitz egiten duen robot bat bada, orduan errazagoa izango litzateke pertsona horrek robot bat onartzea etxean laguntzeko.

Robot kooperatiboak ere aipatzen dira, kobot-ak. Robotak eta pertsonak gero eta gertuago egongo dira enpresetan?

E.L.: Hurbiltzen ari dira. Denok gogoan ditugu autogintzan-eta erabiltzen diren beso robotikoak. Beso horiek normalean modu itsuan lan egiten dute, ez dute antzematen ea norbait sartu den haien eremuan, eta hori oso arriskutsua da. Orain, ordea, robot kolaboratibora aldatzen ari da: robotek eta langileek elkarren ondoan lan egiten dute. 

Robotek langileak ordezkatuko dituztela esaten da. Langabezia handituko dela. 

E.L.: Robotak guk egiten ditugu. Guk erabakiko dugu zertarako egin nahi ditugun eta zertarako prest gauden. Sortu nahi dugun gizartearen araberako gauzak onartuko ditugu edo ez. Lanpostu batzuk desagertuko dira? Bai, baina beste asko sortuko dira.

«Sortu nahi dugun gizartearen araberako gauzak onartuko ditugu edo ez. Lanpostu batzuk desagertuko dira? Bai, baina beste asko sortuko dira».

Elena Lazkano (informatikako doktorea eta EHUko irakaslea)

T.R.: Hala da, frogatuta dago. Lehen ere, aldaketa teknologikoak gertatu direnean, batzuk lanik gabe geratu dira, baina beste lanpostu mota batzuk sortu dira.

Eta zer dira robot sozialak? 

E.L.: Badaude robot sozial gisa saltzen diren prototipo edo robot asko, baina egia da dauzkaten abilezia sozialak minimoak direla. Lan handia ematen dute oraindik robotek. Lana kendu baino gehiago, lana eman egiten dute.

Ohituak gaude gidari edo zerbitzari lanak egiten dituzten robotetara. Robot sozialak dira?

E.L.: Horrelakoei robot sozial esatea negargarria iruditzen zait. Heldu gabe daude. Aurpegiak ezagutzen dituzte, itxura adeitsua dute, batzuetan mugitzeko gai dira, eta galdera sinpleak erantzuten dituzte; baina gehiegizkoa da horri sozial deitzea. Nik askoz ere gehiago espero dut robot sozial batetik.

Zer?

E.L.: Bat, oso oinarrizkoa, elkarrizketa normal eta koherente bat eduki ahal izatea. Saltzen ari direnak galdera-erantzun sistemak dira, eta elkarrizketa normal batetik oso urrun daude. Badaude elkarrizketa sistema garatuagoak, baina ez diote koherentziari eusten bi minutu baino gehiago. Etxean robot batekin egon behar badut, gutxienekoa da elkarrekin hitz egitea eta berak ulertzea nik zer eskatzen diodan. Autonomia handiagoa behar da.

Enpatia aipatu duzue lehen. Robotak gai izango dira pertsonen egoera emozionala neurtzeko eta horren arabera jokatzeko?

E.L.: Nik uste dut baietz. Emozioak adieraz ditzake. Horretarako, enpatia minimo bat behar du. Jaso behar du feedback hori, eta erakutsi behar du ulertzen duela egoera, emozioen bitartez, guk egiten dugun bezala. Bestela, erratzarekin hitz egitea bezala izango da.

Gizartea prest dago horrelako egoera baterako? Etxean robot bat edukitzeko eta harekin hitz egiteko?

T.R.: Bai. Hor dago Alexa. Etxeetan sartu da. Traste sinple bat da, eta jendeak galderak egiten dizkio. Jendea ohitu egin da.

«Hor dago Alexa. Etxeetan sartu da. Traste sinple bat da, eta jendeak galderak egiten dizkio. Jendea ohitu egin da».

Txelo Ruiz (industria Ingeniaritzako doktorea eta EHUko irakaslea)

Pepper robota ikustean, robot bat ikusten duzue, edo robot izaera gainditu duen zerbait?

E.L.: Nik robot bat ikusten dut, eta hala ikusi nahi dut. Desberdindu nahi dut zer den robota eta zer ez. Japonian eta AEBetan badaude bi zentro geminoideak egin dituztenak. Ezaguna da Sofia. Ikusgarria da harekin lortu dutena, baina ez zait gustatzen irudia. Alde batetik, ez zait gustatzen robot bati sexua jartzea, ez du ez hankarik, ez bururik. Niretzat robota makina bat da. Bestetik, nik robotak bereizi nahi ditut. Izan ditzakete zenbait ezaugarri antropomorfiko, guretzat elkarrekintza errazagoa izateko, baina gure berdinak... nik ez dut interesik horretan.

«Ez zait gustatzen robot bati sexua jartzea [Sofia], ez du ez hankarik, ez bururik. Niretzat robota makina bat da».

Elena Lazkano (informatikako doktorea eta EHUko irakaslea)

Jabetzen gara zer lan den robot batek guretzat oso oinarrizkoa den edozein funtzio egitea?

E.L.: Ni jabetzen naiz. Ez gara jabetzen guk daukagun orokortzeko gaitasunaz. Guretzat, esaterako, edozer gauzak egin dezake aulki funtzioa, edo, objektu bat ikusten dugunean, gai gara antzemateko ea biguna edo gogorra den. Orokortzeko daukagun gaitasuna ez da existitzen izaki sintetiko batean.

T.R.: Pertsonontzat zailagoa da matematikan aditua izatea edo xakean jokatzea, goizean gosaria prestatzea edo beste norbaitekin hitz egitea baino. Adimen artifiziala asmatu zutenean, ikusi zuten askoz ere errazagoa zela makina bati xakean jokatzen irakastea. Ez dago adimen artifiziala duen robotik gai denik gurekin normal-normal komunikatzeko edo gosaria prestatzeko. Guretzat adimenik behar ez duten jarduera batzuk oso zailak dira robotentzat, guk orokortzeko gaitasuna daukagulako eta makinek ez. Uste dut ez dutela inoiz lortuko.

«Guretzat adimenik behar ez duten jarduera batzuk oso zailak dira robotentzat, guk orokortzeko gaitasuna daukagulako. Uste dut ez dutela inoiz lortuko».

Txelo Ruiz (industria Ingeniaritzako doktorea eta EHUko irakaslea)

Txelo Ruiz Vazquez (Irun, Gipuzkoa, 1959) Industria Ingeniaritzako doktorea eta EHUko irakaslea da Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Sailean. 1976an hasi zituen industria ingeniaritza ikasketak, eta 1982an bukatu zituen: «Lehen mailan bi gela ginen, 80-90 ikaslekoak, eta gela bakoitzean hiru neska geunden». 

Elena Lazkano Alkorta (Donostia, 1969) Informatikako doktorea eta EHUko irakaslea da Konputazio Zientziaren eta Adimen Artifizialaren Sailean. Ruizen ikasle izan zen Lazkano. 1987an hasi, eta 1992an bukatu zituen informatika ikasketak: «Lehen mailan, erdi eta erdi ginen gizonak eta emakumeak».


Jatorrizko artikuluak