Trantsitu bi, helburu bera: norbera izatea

  • Albistea entzun

German Urteagak eta Ibane Imazek euren bidea egin dute jaiotzean ukatu zieten identitatearen bila. Trantsitu bat egin dute biek, baina oso esperientzia desberdinak izan dituzte. German Urteaga mutil transgenero bat da. Baginarekin jaio zen, baina gizonezkoa da. Ibane Imaz emakume transexual bat da. Zakilarekin jaio zen, baina emakumezkoa da. Imaz sexuz aldatu zen, baina Urteaga ez, mutila izan arren gustura dagoelako bere baginarekin.

Haurrek ez dute esaten trans direnik. Haurrek mutila edo neska diren esaten dute.

IBANE IMAZ: Nik neure burua ez daukat transexualtzat. Trantsitu bat egin dut, ni naizen hori izateko. Baina ni emakume bat naiz, beste edozein bezalakoa. 

GERMAN URTEAGA: Nik bai, nik transtzat daukat neure burua: ez naiz mutil zisgenerocloseBere ezaugarri biologikoengatik jaiotzean ezarri zaion generokoa sentitzen dena. Laburturik, 'zis'. bat.
bat. Mutil bat naiz, eta mutil izateko modu desberdinak daude. Genital femeninoak dituen mutil bat naiz, eta gustura nago nire genitalekin. Garrantzitsua da jendeak jakitea badagoela aniztasun hori.

Zein da zuen identitateari buruz daukazuen lehen oroitzapena?

I. I.: Ni beti izan naiz emakume bat. Beti nahi izan dut operatu, ni naizen hori izateko.

G.U.: Niretzat, gorputza garatzea oso desatsegina izan zen, batez ere titiak haztea. Hilerokoa jaistea ere bai. Neskak gustatzen zaizkidala jabetu ondoren, lesbiana edo transexuala ote nintzen ere galdetu nion neure buruari. Lesbiana izate hutsak beldurra ematen zidan. Transexuala izateak, ikara ez, izugarrizko ikara. Nire genitalekin gustura nagoela jabetu nintzenean, lasaitua hartu nuen. 

«Nire genitalekin gustura nengoela jabetu nintzenean, lasaitua hartu nuen».

German Urteaga

Orain bi urte, lagun baten etxean nengoela, galdetu zidan: «Noizbait pentsatu duzu trans ote zaren? Nik hala ikusten zaitut». Eta nik erantzun nion ni haurra nintzela genitalengatik zer izan behar nuen esan izan ez balidate eta aukera guztiak aurrean jarriz gero banekiela zer bide aukeratuko nukeen, eta ez zela egin dudana. Eta esan zidan: «Ez bada hau zuk aukeratuko zenukeen bidea, zer bide egin duzu?». Eta klik egin zidan buruak.

Gizartean, zerk eragin dizue sufrimendua?

I. I.: Ni jo egin naute etxerako bidean, iraindu egin naute, txistua bota, denetarik egin didate Beasainen, 13 eta 14 urte nituenean. Ni isildu egiten nintzen. Nire irudia, gainera, oso muturrekoa zen orduan, munduari esan nahi bainion oso emakumea nintzela.  Eta ez naute soilik ni epaitu, baita ama eta ahizpa ere: «Begira hori, nola uzten dion semeari horrela janzten...».

«Ni jo egin naute etxerako bidean, iraindu egin naute... denetarik egin didate Beasainen».

Ibane Imaz

G.U.: Nik ez dut arazorik izan gizartearekin. 21 urterekin klik hura izan nuenetik, ez dut sekula izan beldurrik. Argi izan dut aurrera egin behar nuela eta maite nauenak onartuko nauela.

I. I.: Aurten bertan, Beasaingo jaietan, lagunekin nindoan paseatzen, eta mutil batek neska bati esan zion: «Ikusten duzu hori? Ba, mutil bat da». Nire herrian ukatu egin naute, eta beti izan dut herriarekiko zera hori. Asko kostatzen zait, adibidez, euskaldunekin irekitzea. Ijitoen artean, berriz, oso ondo hartu naute.

Zu ere euskalduna zara.

I. I.: Ni euskalduna naiz, baina nire ingurua erdalduna da. Ni asko ibiltzen naiz emakume ijitoekin, beltzekin, musulmanekin, errumaniarrekin... Kosta egiten zait, ordea, euskal kulturan integratzea. Lehen aipatu dizkizudan gauzak beti gertatzen zaizkit ahizparekin Arranora edo euskal giroko tabernetara joaten naizenean. Amorratu egiten nau horrek. Asko borrokatu behar izan dut naizen bezalakoa izateko.

G.U.: Desberdina da, gainera, mutil trans bat izatea edo neska trans bat. Mutilok transfobia jasaten dugu, baina neskek, transfobia eta matxismoa. Eta, beltza bazara, baita arrazakeria ere.

German Urteaga eta Ibane Imaz. GOTZON ARANBURU / FOKU

Trantsitua adin oso ezberdinetan hasi zenuten.

G.U.: Ni harro nago 21 urtez gizartearentzat rol femenino batean bizi izanaz. Hori gabe, ni ez nintzateke naizen pertsona izango, eta hori ez nuke aldatuko. Amak inoiz esan izan dit genital maskulinoekin jaio izan banintz errazagoa izango zela dena niretzat. Baina ez. Ni gustura nago nire genitalekin. Gizarteak emakume moduan ikusi izan nauenez, gainera, matxismoa jasan dut: ipurdia ukitu didate, beldurra sentitu dut etxerako bidean... Mutil transak posizio aberasgarri batean gaude, eta maskulinitate hegemonikoa deseraikitzeko eta emakumeak ahalduntzeko erabili behar dugu hori.

Trantsituan zer izan da zuentzat erabakigarriagoa?

I. I.: Niretzat, ebakuntza. Operatu ondoren nire gorputza ikustea ez zen sorpresa bat izan; betidanik eduki izan banu bezala sentitu nintzen.

G.U.: Niri berdin gertatu zait mastektomiarekin. Behar nuen ebakuntza. Horrek ez du esan nahi denek behar dutenik; nik disforiacloseOndoezik sentitzea. 
closeondoezik sentitzea  nuen nire bularrarekin. Trans izateko modu asko daude. Horregatik ez dago ondo psikologo-psikiatraren txostena behar izatea ebakuntza bat egiteko, eta hortik pasatu behar izatea.

Nola gogoratzen dituzue ebakuntzak?

I.I.: Oso gogorrak. Nik hiru egin ditut: lehenengo, baginoplastia egin nuen; gero, bularra; eta, hirugarrenean, baginan ukitu bat egin nuen. Lehenengoa izan zen gogorrena. Bi astez egon nintzen ohetik mugitu ezinik, bizkarrean mina nuen, antsietatea nuen... Odol asko bota nuen, eta ezin nuen jan, ezin nuelako kaka egin. 400 puntu eman zizkidaten baginan. 49 kiloan geratu nintzen, eta gurpil aulkian atera nintzen ospitaletik. Baina ez naiz damutzen.

«400 puntu eman zizkidaten baginan. 49 kiloan geratu nintzen, eta gurpil aulkian atera nintzen ospitaletik. Baina ez naiz damutzen».

Ibane Imaz

G.U.: Niretzat oso berezia izan zen ebakuntzaren eguna. Oso gustura nago emaitzarekin. 

Feminismotik emakumeen zenbait estereotipo kritikatzen dira, horiek erreproduzitzeak binarismoa indartzen duela esanez.

I.I.: Niretzat, garrantzitsua da norbera den bezalakoa izatea. Jende asko dago ez dena den bezalakoa, eta hori tristea da, ez direlako inoiz izango zoriontsu.

German, zu ez zara hormonatzen.

G.U.: Oraingoz, ez. Aldaketa batzuk nahi ditut, adibidez bizar pixka bat ateratzea, baina hormonarik hartu gabe aldatzen saiatzen ari naiz, pazientziarekin. Badakit testosterona asko dudala, eta hormonak hor egongo dira gero ere.

Kiroldegira joan behar baduzue, aldagelak prestatuta daude?

G.U.: Ni ez naiz joaten. Sexu femeninoa duen mutil bat naiz. Emakumeen dutxan ez nintzateke sartuko, eta gizonezkoenean ez nintzateke arriskatuko, garbi izan arren hor sartu beharko nukeela.

I.I.: Niri ez zait gustatzen jendearen aurrean dutxatzea. Emakumezkoenean sartu naiz beti, baina, zakila nuenean, dutxa indibidualean dutxatzen nintzen.

«Trans jendearentzat leku deserosoak dira aldagelak eta komunak. Transfobia gehien dagoen tokietako bat da».

German Urteaga

G.U.: Trans jendearentzat leku deserosoak dira aldagelak eta komunak. Transfobia gehien dagoen tokietako bat da. Eta ez da hain zaila hori konpontzea: aldagela eta komun komunak jarri behar dira, ateetako ikurrak kendu eta barruan dutxa eta komun indibidualak jarri. Generoa ez da binarioa, eta, bi ate bakarrik uzten badira, non sartzen dira besteak?

GERMAN URTEAGA

(Beasain, Gipuzkoa, 1995)

Psikologia ikasi du, eta futbol entrenatzailea eta bertsolaria da. 2017ko irailean izena aldatu zuen; harrezkero, German Urteaga gisara kantatzen du.


IBANE IMAZ

(Beasain, Gipuzkoa, 1991)

16 urterekin, ikasketak utzi eta dantzalekuetan eta gaueko giroko beste lokal batzuetan hasi zen lanean. Dantzaria eta modeloa izan da, besteak beste, Herrialde Katalanetan eta Italian. Mestizoa dela dio, euskalduna eta ijitoa, aitaren familia ijitoa delako.


Jatorrizko artikuluak