Telmo Lazkano: «Eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu behar ditugu»

Haur eta nerabeen artean sakelako telefonoen erabilera mugatzeko neurrien eske Altxa Burua mugimenduan batuta dauden familiek ozendu egin dute berriz ahotsa. 8.000 sinadura baino gehiago batu dituzte beren aldarrien alde.

Zer aldarritan jarri nahi duzue indarra?

Hiru helburuk batzen gaituzte, batik bat: mugikorra erabiltzen hasteko adina atzeratzea, heztea eta bidelagun izatea bidean, eta eskolak mugikorrik gabeko arnasgune izatea.

Eta zer eskari dituzue helburu horien inguruan?

Eskolaren inguruan, araudi juridiko bat eskatzen diogu Hezkuntza Sailari, non jarriko duen eskolak mugikorrik gabeko arnasguneak direla. Bi kausa daude horretarako. Lehenengoa: hori ez da eskubide urraketa bat, baizik eta eskubide bat bermatzeko modu bat. Zer eskubide? Garapen kognitibo osasuntsu bat izateko eskubidea. Badakigu eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzen direnean egoerak hobera egiten duela nabarmen, maila oso nabarmenetan: irakasleen jarduna errazten du, baita ikasleena ere, hartu-eman gehiago dituzte ikasleek  artean, jarduera fisikoa hobetzen da, ziberjazarpenacloseZiberbullying-a.
murrizten da, eta PISA txostenetan ere hobekuntzak ikusi dira.

 «Badakigu eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzen direnean egoerak hobera egiten duela nabarmen».

Telmo Lazkano (Altxa Burua mugimendua)

Bigarren motiboa zein da?

Gaur egun, eskoletako profesionalak ere oso egoera zaurgarricloseErraz kaltetua gerta daitekeena.
an daude, babes legal bat ez daukatelako. Oraintxe bertan, nahiz eta gure eskolako araudian halakoak sartu, ez dago garbi guk bermerik badugun irakasle gisa ikasleei mugikorra kentzeko eta dena delako ondorioak jartzeko. Eta zer gertatzen da ziberjazarpen kasuetan? Niri, eskola moduan, ez didazu uzten gailu hori eskolara ez sartzen, baina sartzen bada, ni naiz erantzulea. Orduan, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu lege bat hori guztia jasotzeko.

Hau ez da hemen jaio den zerbait, nazioartean gertatzen ari da, eta Unescok berak adierazia du: eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu behar ditugu.

Sakelakoa erabiltzen hasteko adina atzeratzeko eta haur eta nerabeei arlo horretan laguntza emateko, zer egin behar dute instituzioek? Zer eskatzen diezue?

Instituzioek lagun dezakete gaiaren gaineko kontzientzia zabaltzen. Adinaren atzeratze eta erabileraren arrazionalizatzecloseArrazoimenaren neurrietara ekartzea.
horretan, lan ikaragarria, boluntarioa, esfortzu handikoa ikusten dugu familien partetik, eta eskolen partetik ere askotxo. Baina instituzioek ez digute erakusten babesik, eta zer lagungarria izango litzatekeen Osasun Sailak, adibidez, hau osasun publikoko arazo bat den neurrian, honen gaineko kontzientziazio kanpaina bat egitea, kalamuarekin-eta egiten den bezalaxe.

 «Zer lagungarria izango litzatekeen Osasun Sailak, adibidez, hau osasun publikoko arazo bat den neurrian, honen gaineko kontzientziazio kanpaina bat egitea, kalamuarekin-eta egiten den bezalaxe».

Telmo Lazkano (Altxa Burua mugimendua)

Eta hirugarren helburuari begira?

Helburu hori heziketa da: eredu izatea. Adina atzeratzeagatik atzeratzeak ez du ekarriko harreman osasuntsu bat mugikorrekin. Adina atzeratzea funtsezkoa da gaitasuna eta heldutasun maila bat behar direlako tresna ahaltsu hau kontrolatu ahal izateko, baina, horrekin batera, baliabideak eman behar ditugu: heziketa bat.

Helduek teknologia horiekin duten harremana berrikustea ere beharrezkoa da hor, ezta?

Hori da. Pantailaren alde berean gaude guztiok, eta ondorioak guztiok pairatzencloseJasaten.
ditugun, denontzat berdinak ez badira ere. Zenbat eta adin gutxiago izan, ondorioak latzagoak dira: neurogarapenean, osasun mentalean... Baina helduoi ere eragiten digu, eta, zintzotasunez jokatuz gero, esango dugu nahi baino denbora gehiago ematen dugula mugikorrarekin eta horrek eragozten digula osasuntsuagoak diren gauzei arreta ematea. Gainera, gure erabilerak eragin zuzena du gure txikiek egingo duten edo egiten duten erabilerarekin. Eredu gara arlo askotan, eta honetan ere bai, noski.

Jatorrizko artikuluak