Susmopean, ijito izateagatik

  • Albistea entzun

Supermerkatu eta merkataritza guneetan andre ijitoek jasaten duten arrazakeria azaleratzeko, 'testing' bat egin zuten Bizkaian 2021ean: denden %80tan izan ziren jarrera kriminalizatzaileak.

Bi emakumek jertse bat hartu dute dendako arropa pilatik, eta probagelarantz joan dira, baina, sartzean, motxila irekitzea galdegin die langileak; bost minutu igaro ez direnean, beste emakume bat sartu da probagelan, motxila handiago batekin, baina hari ez diote eskatu poltsa barrukoa erakusteko. Lehen bi andreak ijitoak dira; azkena, ez. Lehen biak susmopean daude ijito izate hutsagatik, eta «kriminalizazio argia» pairatzen dute erosketak egitean, Amuge andrazko ijitoen elkarteak berretsi duenez: Bizkaian egindako testing batean [2021ean], hogei dendatatik hamaseitan jasan dute aurreiritzi arrazistetan oinarritutako jarreraren bat. BERRIAk behatzaile gisa parte hartu du probetako batean, eta ijitoon etsipenaren lekuko ere izan da: «Jazarriak sentitu gara; oso deserosoa izan da. Baina ohituta gaude».

Jokabiderik ohikoena izan da dendetako langileak ijitoei jarraika aritzea. BERRIAk parte hartu zuen egunean ere, agerikoa izan zen supermerkatu batean: emakume ijitoak ikustean, asaldatu egin ziren langileak, eta bikoteak une oro izan zuen beharginen bat alboan zelatatzen.

Jokabiderik ohikoena izan da dendetako langileak ijitoei jarraika aritzea.

Emakume zuriek normaltasunez egin ahal izan dituzte erosketak, baina ijitoek «jazarpena eta kontrola» izan dituzte ahotan beren esperientziaz hitz egitean. Jarraipenaz gain, beste hainbat diskriminazio molde pairatu dituzte: ahozko akusazioak, txutxu-mutxuak, kontaktu fisikoak —bultzadak, ukitzeak...—, akusazio begiradak, iruzkin iraingarriak, lankideei laguntza eskatzea...

Diskriminazioa salatzeko babes juridikorik ez

«Ijitoen aurkako indarkeria egunerokoa da. Gutxiago sentiarazten gaituzte. Gure gaineko estereotipoen ondorio da; guk ez dugu ezer egin», adierazi du Tamara Claveria Amugeko arduradunak. Kriminalizazio hori esparru ugaritan gertatzen da, baina bereziki ohikoa da erosketetan. «Gure oinarrizko eskubideei eragiten die, baita gure osasunari eta autoestimuari ere. Halako umiliazio publikoek mugatu egiten dute emakume ijitoen parte hartze soziala».

«Ijitoen aurkako indarkeria egunerokoa da. Gure gaineko estereotipoen ondorio da; guk ez dugu ezer egin»

Tamara Claveria (Amuge elkartea)

Amugek gogora ekarri du profil etnikoaren araberako kontrolak ez direla legezkoak, baina gaitzetsi du halako kasuak ezin direla salatu gorroto delitu gisa, haren formulazioak ez dituelako kontuan hartzen horrelako diskriminazio moldeak. «Erreklamazio orriak jarri beste aukerarik ez dugu izaten, baina horiek ez dute ibilbide juridikorik egiten, eta ez dute eraginik».


Jatorrizko artikuluak