Finlandian, oinarrizko errenta unibertsala probatu dute 2017an eta 2018an, eta, behin-behineko ondorioen arabera, dirua jaso duten 2.000 pertsonek estres gutxiago eduki dute tarte horretan, eta lan egiten jarraitu dute. Gaiaren inguruko eztabaida zabaltzeko lagundu du Finlandiako esperientziak.
Oinarrizko errenta unibertsala hauxe da: herrialde bateko herritar guztiek erregulartasunez eta baldintzarik gabe jasotzen duten diru kopurua.
Hilabete amaieran kontu korrontera sartzea, eta ikustea 560 euro jaso dituzula. Eta jakitea ez duzula ezer egin behar izan errenta hori jasotzeko. Horrela bizi izan dira Finlandiako 2.000 herritar bi urtez. Esperimentu bat izan da, baina, era berean, baliagarria izan da oinarrizko errenta unibertsala defendatzen dutenentzat kontua mahai gainean jartzeko.
Esperimentuaren lehen balorazioak ondorio hauek utzi ditu: estres maila jaitsi egiten da soldata hori jaso dutenen artean, loaren kalitatea hobetu egiten da, oinarrizko lehengaiak eskuratzeko zailtasunak jaitsi egiten dira, ongizate subjektibo hobea daukate eta, ondorioz, zoriontsuagoak ere badira.
Oinarrizko errentaren inguruan sortzen diren esamesen artean askotan errepikatzen da argudio hau: dirua jasotzen duen jendea alfertu egiten dela, eta herritar denek jasoko balute inork ez lukeela lanik egingo. Finlandiako esperientziak erakutsi duenez, errenta jaso duten pertsonek ez diote utzi lan egiteari.
Finlandiako esperientziak erakutsi duenez, errenta jaso duten pertsonek ez diote utzi lan egiteari.
Diru sarrera hori izan ez zuten beste langabe batzuekin alderatu zituzten jaso zutenen bilakaera. Errentadunek batez beste 49,64 egun egin zituzten lan 2017an, eta diru sarrerarik gabekoek, berriz, 49,25 egun. Lanaldi partzialen tasak, bestalde, %17 egin zuen gora errenta jaso zuten herritarren artean, jaso ez zutenekin alderatuz gero.
Ezkerreko zein eskuinekoak, alde zein aurka
Ezkerreko eta eskuineko ideologo ugari daude errentaren alde, baina baita kontra ere. 2016an bertan, Davosko Foroan, herritar denek jaso beharreko ordain bat bermatuko zuen sistema ezartzea eztabaidatu zuten. Baina, errenta horren truke, ongizate estatua pribatizatu egin beharko litzateke; hau da, osasuna eta hezkuntza ez lirateke publikoak izango.
Ezkerretik proposatu ohi duten sistemaren arabera, ordea, osasuna eta hezkuntza bermatuta edukitzeaz aparte, hileroko errenta bat ere jasoko luke pertsona orok.
Jatorrizko artikuluak
- Esperimentu finlandiarra Lander Muñagorri | |