Samara Velte eta Josu Martinez: «Bidaia bat egin dugu estoldetan barrena»
Samara Veltek (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) eta Josu Martinezek (Bilbo, 1986) Paperezko hegoak dokumentala egin dute, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren inguruko lana.
Samara, BERRIAn zortzi urtez aritu zara lanean, Euskaldunon Egunkaria-ren zenbait langile ohiren alboan. Nola murgildu zinen dokumentalean emozionalki?
S.V.: Istorio honen oinordeko sentitzen naiz pixka bat. Egunkaria itxi eta zazpi urtera iritsi nintzen BERRIAra, baina erredakzio horretan itxieraren gertakaria oso bizi egon da. Aldiro entzuten nuen: «Egunkaria-ren garaian, hau eta bestea». Kazetari gazteok memoria horren zati bat jaso dugu. Niretzat garrantzitsua da istorio hau ondo kontatzea, ezagutzen ditudalako itxiera beren larruan sufritu zuten pertsonak. Eta galdera batzuk planteatu genituen: zer zegoen itxieraren atzean? Zein ziren hori egitea ahalbidetu zuten botere harremanak?
Forma aldetik nolako estiloa du dokumentalak?
J.M.: Hasieran, nahi genuen Joan Mari Torrealdai izatea filmaren haria edo eramailea. Lanketa handia egin genuen harekin: hiruzpalau aldiz egon ginen harekin, eta dokumentuak bidaltzen zizkigun. Torrealdai liburu bat idazten ari zen Egunkaria-ri buruz, amaitu ez zuena. Hil baino astebete lehenago, Joan Marirekin hitz egin nuen telefonoz, ahul zegoen, baina uste zuen buelta emango ziola. Eta uste zuen izango zuela aukera gurekin egon eta grabatzeko. Hil zenean, horrek ekarri zigun dokumentalaren egitura berriro planteatu behar izatea.
Dokumentala batez ere elkarrizketa dokumental bat da. Bestalde, Adur Larreak animazio batzuk egin ditu Torrealdairen itzala irudikatzeko haren lekukotza biltzen denean. Musika, berriz, Joserra Senperenarena da.
Itxieraren atzean zeudenengana ere jo duzue?
J.M.: Estoldetan barrena egindako bidaia bat izan nahi du dokumentalak. Estoldetan aurki ditzakegun zikinkeriekin eta itzalekin jolasten da. Zenbait ate, ordea, ez zaizkigu ireki: Juan del Olmo itxiera erabaki zuen epaileak eta Angel Acebes Espainiako Gobernuko ministro ohiak ezezkoa eman ziguten. Lortu dugu Guardia Zibilaren koronel batekin hitz egitea. Eta Javier Gomez Bermudez epaileak parte hartzen du. Gertatutakoaren zergatien ikuspegi desberdinak dituzten pertsonen lekukotzak bildu ditugu.
«Gertatutakoaren zergatien ikuspegi desberdinak dituzten pertsonen lekukotzak bildu ditugu».
Belaunaldi gazteentzat zer neurritan da garrantzitsua horrelako dokumental bat?
S.V.: Historiako gertakari batzuk normalizatu egiten dira, eta, beharbada, gauzen larritasunaren dimentsioa galdu egiten da. Horrelako ariketak ondo daude berriro konturatzeko egunkari bat itxi zutela 2003. urtean, inolako oinarririk gabe. Dokumentala gure adineko jende askorentzat baliagarria izan daiteke historia horren oinordeko sentitzeko, haiena ere badela senti dezaten.
«Horrelako ariketak ondo daude berriro konturatzeko egunkari bat itxi zutela 2003. urtean, inolako oinarririk gabe».
Dokumentala lotura honetan dago osorik ikusgai:
https://www.eitb.eus/eu/nahieran/dokumentalak/paperezko-hegoak/paperezko-hegoak/osoa/7425/187666/
Jatorrizko artikuluak
- «Estoldetan barrena bidaia bat egin dugu» Urtzi Urkizu | |