Sakelakorik gabeko arnasguneak xede

Hezkuntza komunitatean eta zenbait gurasoren artean gero eta gehiago hedatzen ari da Altxa Burua mugimendua. Eskuko telefonoak eskoletatik kanpo uztea nahi dute: «Asko dugu irabazteko, eta ezer ez galtzeko».

Pin. Whatsappeko mezuaren jakinarazpena iritsi orduko nagusitu ohi da pantailari begiratzeko tentazioa. Eta zenbat metro ditu Txindoki mendiak? Aise closeErrazeskua sakelara. Googlek izango du erantzuna. Erabat hedatuta dago eskuko telefonoen erabilera, baita haurren eta nerabeen artean ere. Alabaina, joera horrek eragin du kezka bat azkenaldian, eta ahotsa altxatu dute zenbaitek, Altxa Burua mugimenduaren babesean: ikastetxeak sakelako telefonorik gabeko arnasgune izateko eskatu dute. Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean ere aritu dira gaia aztertzen.

Aspalditxoan piztuta dago eztabaida: eskoletan sakelakoak bai ala ez; eta erantzuna baietz bada, noiz, nola eta zertarako. Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi zuen erabakia, urtea amaitzerako arautzeko eskatu zuen, eta berriki ezagutarazi dituzte prozesuaren emaitzak: Lehen Hezkuntzan, %83k eskolako eremu osoan debekatu dituzte sakelakoak, erabat; %14k, berriz, erabilera pedagogikocloseHaurrak hezteko jardueraren joerarako onartu dituzte, horretarako baino ez. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan, eskola publikoen %36k jarduera guztietarako erabateko debekua ezarri dute, baita itunpekoen %47k ere.

«Ez eskatu nerabe bati erabilera arduratsu bat [sakelakoarena], egin ezin duenean mendekotasuna sortzen duen zerbait baita»

 Telmo Lazkano (Altxa Burua mugimenduko kidea)

Ziberjazarpena murrizten da, ikasleen arreta gaitasuna hobetzen da, errendimendu akademikoa hobetzen da, ikaskideek hartu-eman gehiago izaten dituzte elkarren artean... Erreskadan closeErrenkadanzerrendatu ditu Telmo Lazkano Altxa Burua mugimenduko kide eta osasun eta hezkuntza digitaleko adituak ikastetxeak sakelako telefonorik gabeko «arnasgune» bihurtzearen onurak. «Asko dugu irabazteko, eta ezertxo ere ez galtzeko».

Alabaina, ez du begi onez ikusi Jaurlaritzak erabakia ikastetxe bakoitzaren bizkar utzi izana: «Ondo dago hausnarketa bultzatzea, baina dekretu bat behar da». Izan ere, Lazkanoren irudiko, ezin da tokatu zaien eskolaren araberakoa izan ziberjazarpena jasateko arrisku handiagoa edo txikiagoa izatea edo datuak babesteko berme handiagoa edo txikiagoa edukitzea. Gainera, ziurtatu du horrela egiten dela gainerako herrialdeetan eta autonomia erkidegoetan. Eta zera ohartarazi du: «mendekotasuna sortzeko» diseinatuta dagoen teknologia bat dela. Horregatik, esan du ezin dela ardura guztia erabiltzaileen gain utzi: «Ez eskatu nerabe bati erabilera arduratsu bat, egin ezin duenean mendekotasuna sortzen duen zerbait baita. Guk, noski, hezi behar ditugu, eredu eta bidelagun izan behar dugu, baina instituzioek ere parte hartu behar dute; eta parte hartzen ari dira, baina beste leku batzuetan hemen baino askoz gehiago».

«Duela sei edo zazpi urte hasi ginen nabaritzen ikasleak gero eta gehiagotan ospitaleratzen zituztela; autolesioak ikusten hasi ginen. Oso kezkatuak gaude»

Miren Biteri (Amurrioko Zaraobe institutuko ikasketaburua)

Erabilera mugatzearen alde egin duten eskoletako bat da Amurrioko Zaraobe institutua (Araba). Kezka batetik abiatu ziren, Miren Biteri ikasketaburuaren ondokoak azaldu duenez: «Badira urte batzuk kezkatuta gaudela. Duela sei edo zazpi urte hasi ginen nabaritzen ikasleak gero eta gehiagotan ospitaleratzen zituztela; autolesioak ikusten hasi ginen —aurrez ez genituen inoiz ikusi—, eta suizidio protokoloak ere jarri ziren martxan. Batez ere azken urte hauetan, arreta falta izugarria sumatzen genuen».

Horiek horrela, kode etikoa ondu zuten, eta sakelakoak etxean uztearen aldeko apustua egin zuten: «Gure eskola sakelakorik gabeko arnasgune bihurtu nahi dugu; sakelakoa ez dugu ezertarako nahi». Izan ere, frogatua dute ikasleek telefonoa eskuan edo poltsikoan dutenean arreta galdu ohi dutela: «Ikasketa prozesuan sartzen baditugu, jada ez dugu ikasleen arretarik izaten, gailuek dute arreta hori, gu baino erakargarriagoak direlako. Dena dago sartuta horietan: musika, kolorea, mugimendua, jokoak... Gu ezin gara horrekin lehiatu».

Elkarlanerako deia

Baina beste zenbait gairekin gertatzen den eran, honetan ere eskolak bakarrik ezin du; garrantzitsua da nerabeak etxean ere heztea. Horrenbestez, gurasoak ere protagonista dira Altxa Buruan. Tartean da Miren Ros, Zarauzko (Gipuzkoa) taldearen sortzaileetako bat. «Gure seme-alabei eskuko telefonoa emateko momentua ahalik eta gehien atzeratu nahi genuen». Ikusten zuten gizartearen presioak bultzatzen zituela erostera, bakarrik geratzeko beldurrak, eta horregatik erabaki zuten batzea, duela sei bat urte. Lanak fruituak eman ditu: «Garai hartan, DBHko lehen mailara pasatzen ziren ikasle gehienek —denek ez esateagatik— sakelakoa zeukaten, 12-13 urterekin, eta, gaur egun, adin horretako ume ia denek ez daukate; DBHko bigarren mailan, adibidez, %70ek ez daukate».

Egun, 20.000 familia inguruk bat egin dute Altxa Burua mugimenduarekin

Eskolak, familiak eta, oro har, gizartea. Hortxe gakoa, sare bat ehuntzea denen artean. Egun, 20.000 familia inguruk bat egin dute Altxa Buruarekin, baina Lazkanok nabarmendu du harago doan mugimendu bat dela: «Eskola askok egin dute bat, kirol talde dezentek, udalek... Azkenean, gizarte mugimendu bat da, eta ateak parez pare ditu irekiak gure balioekin eta helburuekin bat egiten duen edonorentzat, baita erakundeentzat ere». Nabarmendu du, halaber, adin txikikoen ongizaterako bidea marrazteko ezinbestekoa izango dela elkarrekin aritzea: «Gu ez gaude ezeren kontra, baizik eta adingabeen garapen osasuntsuaren alde, eta bide horretan topatuko dugu elkar, ziur».

Jatorrizko artikuluak