Ruandako genozidioa: eragotz zitekeen genozidio bat
Ruandako genozidioa herrialde horren historiako gertakaririk beltzena izan zen, eta ondorio fisiko eta psikologiko lazgarriak eragin zituen gizartean. XIX. mendeko kolonialismotik 1990eko hamarkadara hartutako erabakien ondorio izan zen sarraskia.
Frantziako armadaren ekintzek eta NBEren ekintzarik ezak zuzeneko eragina izan zuten genozidioan.
Hutuek tutsien eta hutu moderatuen aurkako genozidioa hasi eta ehun egunera —1994eko apirilean—, 800.000 eta milioi bat zibil artean hilak zituzten; ehunka mila laguni bizi osorako ondorio fisiko eta psikologikoak eragin zizkieten; milaka emakume bortxatu zituzten; ehunka mila haur umezurtz geratu ziren; eta beste hainbestek ihes egin behar izan zuten. Sarraskiak ondorio lazgarriak ekarri zituen: erabat suntsitu zituen gizartearen kohesioa eta eraikuntza, eta hautsi egin zuen ruandarren batasuna eta elkarrenganako konfiantza.
«Sinetsita nago nire belaunaldiak eragotzi behar zuen genozidio bat dela. Eragotz zitekeen genozidio bakarra da». Ahoan bilorik gabe erantzun dio BERRIAri Guillaume Ancel Frantziako armadako kide ohiak, Ruandako genozidioaz galdetuta. Herrialde hartan egon zen 1994an, armadako kapitaina zela: «Kontrakoa egin genuen: armak eman genizkien genozidioa egiten ari zirenei. Erabaki hartzaile politiko frantziarrak guztiz nahastu ziren».
«Armak eman genizkien genozidioa egiten ari zirenei. Erabaki hartzaile politiko frantziarrak guztiz nahastu ziren».
Claudine Vidal soziologo eta Ruandan aditua bat dator gertatutakoaren interpretazio horrekin: «Frantziak RPFren [Ruandako Fronte Abertzalea] garaipen militarra eragotzi zuen 1993an, Kigali hiriburuaren kontrola lortzea ahalbidetuko ziona. RPF boterera irits zitekeen garaipen horri esker, eta, hori ez zen era baketsuan gertatuko, baina behintzat ez zen sarraskirik izango».
Frantzia eta nazioartea erantzule
Gertakari baten ondorioz hasi zen genozidioa: 1994ko apirilaren 6an, Juvenil Habyarimana Ruandako presidentea hil zuten, haren hegazkinari eraso eginda; Burundiko presidente Cyprien Ntaryamira ere hil zuten eraso hartan. Orduan ez zegoen argi nor izan zen hiltzailea, baina Ancelek argi du orain: «Gaur egun badakigu, Frantziako justiziaren balistika aditu bati esker, Kanombeko base militarretik bota zituztela [Kigali ingurutik] hegazkina bota zuten bi misilak; base hartan, Ruandako armadaren eliteko unitateak zeuden, Frantziak entrenaturikoak. Beraz, egun badakigu muturreko hutuek antolatu zutela euren presidentearen hilketa».
Hasiera-hasieratik, eta gaur egun arte, Eliseoaren jarrera anbiguoa izan da: «Guri esan ziguten bi talderen arteko sarraskiak zirela. Ruandara iristean, konturatu ginen alde handia zegoela esan zigutenaren eta gertatzen ari zenaren artean. Ez genuen neutroak izateko arrazoirik; erasotzaile bakarra zegoen, eta, halere, esan ziguten RPF oztopatzeko, jakinda haiek ari zirela genozidioaren aurka. Denbora asko pasatu genuen genozidioa egiten ari zirenak babesten». Frantzia, gainera, «guztiz bakartu» zen Nazio Batuen Erakundetik (NBE), eta horri gehitu behar zaio erakunde hark ez zuela «ondo jardun» Ruandan: «Kigalin 2.500 soldadu inguru zituen genozidioa hasi zenean, eta ez zuen ezer ere egin. Erakunde kolektiboa guztiz paralizatu zen; ez nau harritzen NBEko estatuak eztabaida amaigabeetan murgildu izana».
Ancel genozidioaren 65. egunean iritsi zen Ruandara, 1994ko ekainaren 22an, eta begi aurrean ikusi zuen sarraskia. Garai hartan, RPFren garaipena hurbil zegoen: «Gobernuaren indarrak RPFren aurkako borroka galtzen ari ziren; nire ustez, denbora gehiago pasatzen zutelako tutsiak hiltzen, RPFren aurka egiten baino. Eta justu egun hartan [ekainaren 22an] erabaki zuen Eliseoak operazio bat egitea, ofizialki humanitarioa zena, baina praktikan militarra izan zena».
«1994ko Ruanda oso gutxi urbanizatuta zegoen. Genozidioa, gehienbat, landa eremuetan izan zen».
Talde hura iritsi aurretik, muturreko hutuek jada ehunka mila tutsi eta hutu moderatu hil zituzten; sarraski antolatua izan zen. Vidal estrategiaz mintzatu da: «1994ko Ruanda oso gutxi urbanizatuta zegoen. Genozidioa, gehienbat, landa eremuetan izan zen. Bi taktika erabili zituzten: batetik, tutsiak leku itxietan elkartzea, elizetan, eskoletan... eta granadak erabiliz eraso egitea, milizien bidez edo zibilen bidez. Bestetik, tutsiak euren ingurugiroan blokeatzea, eta gero exekutatzea. Hori bandek egiten zuten, buruzagi lokalek ordainduta». Eraso haiek, hasieran, pistolak erabiliz egin zituzten, eta, gerora, aihotzekin; arma hura sarraskiaren ikonoetako bat bilakatu zen.
Jatorrizko artikuluak
- Eragotzi zitekeen genozidio bat Ander Perez Zala | |