Poliziaren foam jaurtigaiek zauri larriak eragiten dituzte

  • Albistea entzun

Ertzaintzak eta Foruzaingoak baztertu egin dituzte gomazko pilotak, eta urteak dira foam jaurtigaiak erabiltzen hasi zirela, baina horrek ez du amatatu poliziek erabiltzen duten materialari buruzko kezka; materiala ez ezik, material hori erabiltzeko irizpideak eta jardunbideak ere auzitan daude. 

Ertzaintzak gomazko pilotak albo batera uztea erabaki zuenean, 2013. urtean, foam jaurtigaiak aukeratu zituen haien ordezko. Plastikozko aparraren moduko material bat da foam izenekoa: ez da gomazko pilotetako kautxua bezain gogor eta zurruna, eta, hark ez bezala, zerbait jotzen duenean, kolpearen energia xurgatzen du, eta deformatu egiten da. 

Segurtasun Sailak eskatuta, Tecnalia enpresak txosten bat egin du jaurtigai horri buruz, eta ondorioztatu du SIRX motakoak hilgarriak suerta daitezkeela hamar metro baino gertuagotik botaz gero.

SIRX motakoak hilgarriak suerta daitezke hamar metro baino gertuagotik botaz gero. 

Gainera, teknikariek txosten horretan azaldu zuten oso zaila dela horrelako armen arriskua neurtzea: «Hain hilgarriak ez diren jaurtigaiek kalte larri edo hilgarriak eragin ditzakete gorputzaren zenbait ataletan joz gero; buruan, esaterako». 

Gomazko pilotak botatzeko eskopetek ez bezala, foam balak botatzen dituztenek –granada jaurtigailua da haien izen teknikoa– badute mira edo jopuntua, itu zehatza destatu ahal izateko. Horregatik, oso inportantea da nora apuntatzen den tiro egiterakoan. 

Ohikoena izaten da horrelako armak erabili behar dituzten poliziek protokolo batzuk izatea, noiz eta nola erabili behar dituzten jakiteko. 2016an, foam jaurtigaiak erabiltzeko moduaz galdetu zion BERRIAk Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari, eta erantzuna izan zen «zangoetara, zorurantz» tiro egin behar dela beti. 

BERRIA ostera ere jarri da Segurtasun Sailarekin harremanetan, protokolo horiei buruzko informazioa lortzeko. Segurtasun Sailak erantzun du ez duela egoki ikusten «barne agindu edo taktika polizialen inguruko informaziorik» ematea. 


Ertzaintza, 2016an, Leioan, foamezko jaurtigailu batekin mutil bat destatzen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

ZAURITUEN TESTIGANTZAK


Nahuel Gomez Rodriguez: «Zorionez, buelta eman nuen: bestela, garondoan joko ninduketen» 

Nahuel Gomez Rodriguez Donostiako gazteari (Mendoza, Argentina, 1996) ez zaio erraz ahantziko 2021eko urtarrilaren 20an gertatua. Ertzaintzak botatako foam pilotakada batek matelezurracloseMasailezurra. puskatu zion, eta bi egun igaro behar izan ditu Donostia ospitalean. Kolpea hartu eta biharamunean egin zioten ebakuntza, eta, pixkanaka osatzen ari bada ere, «injustizia sentimendua» barrenean du oraindik: «Oso injustua da ebakuntza hau jasan behar izana, nire bizitza aldatu behar izana, orain plaka batzuk bizitza osorako barruan eduki behar izatea. Hor nengoelako jo ninduten; ez nintzen ari istiluetan parte hartzen». 

«Hor nengoelako jo ninduten; ez nintzen ari istiluetan parte hartzen».

Nahuel Gomez Rodriguez

Lanetik etxera bidean zihoala jo zuen ertzain baten pilotakadak, BERRIAri kontatu dionez: «Lana bukatuta, autobusa hartzera joan nintzen Bulebarrera, baina, hara iritsi nintzenean, ikusi nuen ez zela zerbitzurik izango: Poliziak eta jendeak hartuta zeuden kaleak [...]. Burger King parean, justu liskarra areagotzen hasia zen. Aurpegia biratu nuen, kuriositatez, eta, buelta eman bezain pronto, danba, pilotakada hartu nuen». 

«Zortea» izan zuela dio: «Buelta eman izan ez banu, garondoan joko ninduketen. Hemen egongo nintzateke?». Salaketa jarri du, «esperantza» handirik gabe: «Polizia da, eta denok dakigu ia edozer egiteko boterea dutela, eta ez zaiela ezer gertatuko, Cabacasen kasuan bezala. Hildako bati ez badiote kasurik egiten...». 


«Ez diot inori horrelakorik opa» 

Vox alderdiak Bilbon antolaturiko ekitaldi baten aurkako protestara joan zen 2019ko apirilaren 13an A. neska gaztea —ez du izen osoa eman nahi—, eta masailezurra bitan zatiturik itzuli zen handik, ospitalera. Ez dator bat gertatu zenari buruzko bertsio batekin: «Haiek diote jende bortitza ginela, eta esaten dute harriak botatzen ari ginela, edukiontziak erretzen... Ez zen hala». 

Ertzain lerro bat zeukaten aurrean, BERRIAri azaldu dionez: «Gu destatzen closeArmaz apuntatzen.ari ziren, baina ez nuen uste tiro egiteko asmorik zutenik». Eta «bat-batean» hasi ziren tiroka. Orduan ohartu zen ertzain batek beregana zuzenduta zeukala foam jaurtigailua: «Buelta ematen hasi nintzen, eta, ezkerrerantz abiatu nintzenean, masailezurraren atzeko partean jo ninduten». 

Ebakuntza eginda, egunak igaro zituen ospitalean, baina mina «asteetan» izan zuen: «Bizpahiru aste pasatu nituen zopa janez, ezin nuelako ahoa ireki. Ezin nuen jan, ezin nuen hitz egin, ezin nuen lorik egin...». Orain «ondo» dagoela dio, baina «bizi osorako» plaka batzuk ditu barnean, ez lituzkeenak «eduki behar». Salaketa jarri zuen gero, eta oraindik ez du epairik jaso; bai, ordea, berrehun euroko isun bat, mozal legea aplikatuta polizia iraintzea egotzita. Beldurrez, ez du polizia indarkeriaz iruzkinik egin nahi izan, baina irmo dio: «Ez diot inori horrelakorik opa». 

Jatorrizko artikuluak