Espezie gehienek material hori dute beren organismoan. Gutxienez, 2.144 espezie dira, eta kopururik deigarriena itsas hegaztiei buruzkoa da, horien %90k sabeleratu baitute plastikoren bat. Gizakiak jaten dituen espezieetan ere aurkitu dute material hori.
WWF Naturarentzako Mundu Funtsak itsasoko plastiko kutsadurari buruzko txosten bat atera du argitara [2022ko otsailean], eta ohartarazi du material hori «ozeanoen parte guztietara iritsi» dela: «Ur azaletik itsaso sakoneraino, eta poloetatik urrutiko irletako kostalderaino. Balearik handienaren planktonik txikienean ere detekta daiteke».
Itsas hegaztiei eragiteaz gain, gehienbat dortokei eragiten die kutsadurak, horien erdiek irentsi baitu plastiko zatiren bat. Gizakiak jaten dituen espezieetan ere aurkitu dute material hori; kasurako, ostretan eta muskuilu urdinetan, baita bost sardina latatik batean ere.
Kutsadura horren ondorioz, eremu batzuetan «ekosistemaren kolapsoa» gerta liteke. Bi kopuru kezkagarri ere azpimarratu dituzte: 2040rako bikoiztu egingo da plastiko ekoizpena, eta horrek «Groenlandiaren tamaina baino bi aldiz kutsadura handiagoa» eragingo du. Hau da, hondakin horiek bost milioi kilometro koadro inguruko eremua hartuko dute itsasoan.
2040rako bikoiztu egingo da plastiko ekoizpena, eta horrek «Groenlandiaren tamaina baino bi aldiz kutsadura handiagoa» eragingo du.
WWFk Alfred Wegener Institutuarekin (Alemania) batera osatu du txostena, eta 2.590 ikerketa zientifikoren datuak bildu dituzte. Egileen arabera, plastikoek eta mikroplastikoek itsasoan duten eragina neurtzen saiatu dira; besteak beste, Ozeano Atlantikoan eta Barean osatu diren «plastiko irlak» kontuan harturik. Egun, 86-150 milioi tona plastiko artean daude mundu osoko itsasoetan.
Zehaztu dute «erabilera bakarreko plastikoak» direla «eragile nagusiak», plastikoa «merkatu egin» delako: «Fabrikatzaileek kopuru handietan ekoitzi dituzte, eta horrek ahalbidetu die erabilera bakarreko produktuak diseinatzea. Horiek, gerora, hondakin bilakatzen dira».
Egoera hori ikusirik, WWFk azaldu du «birzikla daitezkeen produktuak» erabiltzea dela irtenbidea, eta plastikoari buruzko nazioarteko akordio bat adostera deitu dute.
Mediterraneoa, mikroplastikoz betea
Itsaso Horiari —Txinaren eta Koreako penintsularen artekoa— eta Txina ekialdeko itsasoari buruz ez ezik, Mediterraneoari buruz ere datu kezkagarria helarazi du WWFren txostenak: mikroplastiko gehien duten itsasoetako bat bilakatu da, eta horrek arriskuan jarri du hango 134 espezieren iraupena. Itsaso horretan ere, dortokei eta hegaztiei eragiten die batez ere, digestio sisteman aldaketak sumatzen baitituzte.
Mikroplastikoak bost milimetro baino gutxiagoko plastiko zatiak dira, eta plastikozko ontzi handiak bezain kaltegarriak dira.
Mikroplastikoak bost milimetro baino gutxiagoko plastiko zatiak dira, eta, lehen begi kolpean ikusten ez diren arren, plastikozko ontzi handiak bezain kaltegarriak dira; haiek bezala, degradatzeko zailak direnez, hainbat hamarkada igarotzen dituzte ingurumenean.
Azken ikerketen arabera, orotara 14 milioi tona mikroplastiko daude ozeanoen sakonean, ur azalean baino 39 aldiz gehiago. Egipto, Italia, Turkia, Espainia eta Frantzia dira Mediterraneo itsasora plastiko gehien botatzen duten herrialdeak.
Jatorrizko artikuluak
- Plastiko kutsadurak itsas espezieen %88ri eragiten die Ander Perez Zala | |