Milagarren zenbakia argitaratu du maiatzaren 28an 'Mantangorri'-k, BERRIAren haurrentzako gehigarriak, eta festa batekin ospatu dute, Txillida Lekun.
Bertako langile izandakoek eta gaur egun bertan dabiltzanek, atzera begira jarrita, maitasunez hitz egiten dute egunkariko «kuttunaz».
Mantangorri-k, BERRIAren haurrentzako gehigarriak, 2003ko ekainaren 28an egin zuen lehenengoz hegan kioskoetara eta etxeetako buzoietara; hain zuzen, BERRIA jaio eta astebetera. Ez zen hutsetik hasi, ordea: Mantangorri aireratzerako, Xingola-k ibilbide oparoa egina zuen Euskaldunon Egunkaria-n haurrentzat, eta kolaboratzaile sare handi bat zeukan inguruan.
Egunkaria-ren itxierak eten zuen Jesus Mari Olaizola Txiliku idazleak Xingola-n izandako ibilbidea ere. Osaba Bin Floren izeneko ipuina atalka argitaratzen ari ziren Xingola-n, eta ipuinaren zati bat argitaratuta zegoela itxi zuten Egunkaria: «Itxierarekin sututa, nik esan nuen: ez dakit nola, baina nik hau bukatu behar dut. Mantangorri-rako deitu zidaten, eta, dudarik gabe, baietz esan nuen». Gero, liburu bilakatu ziren Osaba Bin Floren-en abenturak, eta Euskadi literatur saria irabazi zuen. Beste hainbat kontu ere idatzi ditu gehigarrirako: Zaldun beltzak ipuina -hura ere liburura eraman zuten gero-, eta munduko sukaldaritzari buruzko istorioak, esate baterako.
«'Egunkaria'-ren itxierarekin sututa, nik esan nuen: ez dakit nola, baina nik hau bukatu behar dut. Mantangorri-rako deitu zidaten, eta, dudarik gabe, baietz esan nuen».
Kolaboratzaile sorta zabala
Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak eman zion itxura gona gorriari, pinportazcloseGauza borobil eta txikia. betez astekariaren irudia. Mantangorri-ren orrialdeetan segitzen du Mattinek orain ere, Belardo-ren komikiekin azken orrialdea alaitzen.
Mugaritz jatetxearekin, adibidez, hilean behin kolaborazio berezi bat egin zuten, haurrekin hango sukaldeetara joanda. Ondo gogoan du Nagore Etxeberriak, Mantangorri-ren koordinatzaile ohiak: «Mugaritz bezalako ospe eta izen handiko jatetxe batean sukalderaino sartu, eta han joaten ginen sekulako kuadrilla: argazkilaria, ez dakit zenbat haur, aldiro batzuk, eta ni... guretzat, sekulako ohorea izan zen». Ondo gogoan du Maixa Olanok ere, BERRIAko diseinu arduradunak: «Material oso polita iristen zen; umeak hor, saltsan, kazolekin eta...».
«Mugaritz bezalako ospe eta izen handiko jatetxe batean sukalderaino sartu, eta han joaten ginen sekulako kuadrilla».
Mantangorri-ren beste ezaugarrietako bat da ikastetxeen eta haurren parte hartzea bultzatzea, gehigarrian leku bat izan dezaten. Esate baterako, ikastetxeetan, beren herrien deskribapena egiten zuten, Etxeberriak gogoratu duenez: «Gure asmoa zen talde lana bultzatzea, eskola garaian taldean eginez idazlantxo bat eginaraziz haien herriari buruz. Mapan kokatzen genuen herria, eta, gero, kontatzen zutena jarri».
Komunitate bat sortu dute Mantangorri-ren bueltan modu batera edo bestera parte hartu dutenekin. Horren erakusgarri dira zorion agurrak ere; ibilbide luzea egin dute, astero-astero senide eta lagunak zoriontzeko aukera ematen baitute.
Jatorrizko artikuluak
- Pinporten atzeko ezkutuko lana Ane Insausti Barandiaran | |
- 'Mantangorritu' egin dira denak Enekoitz Telleria Sarriegi | |