Peru Abarrategi Sarrionandia: «Esan zidaten kikilduta kantatuz gero ezinezkoa zela txapela irabaztea»
Ausart eta presiorik gabe kantatu zuen finalean Peru Abarrategi Sarrionandiak (Aramaio, Araba, 1997), eta horri esker gailendu zen Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean. Ametsa bete duela aitortu du: «Zoramena da».
Kartzelako laneko bertsoan ere esan zenuen saio txukuna egin zenuela. Benetan uste horrekin geratu zinen?
Nik esango nuke saioa hasi eta bukatu oso ondo egin nuela. Egia da tartean igual izan zirela irristada batzuk, baina, beste egun batzuetan igual bekatu hori egitean urduriago jartzen naizen moduan, esango nuke zapatuan [ekainaren 11n] jakin nuela akats horiek disimulatzen.
Presiorik gabe, ausart aritu izana nabarmendu dute denek.
Lagun batek esan zidan kikilduta kantatuz gero ezinezkoa dela txapela irabaztea, baina ausardia puntu batekin arituz gero aukerak egoten direla. Hori azpimarratu didate askok: txapela lortzearen gakoetako bat ausart aritu izana izan zela. Asmatu dute.
Bigarren finala zenuen: ofiziotan eroso aritu zinen, eta bakarkakoan, aske. Konfiantza zenuen zeure buruarengan?
Esango nuke txapelketa osoan bakarka aritu naizela gusturen. Eta finalean ere, uste dut lanik onenak bakarkakoetan egin nituela. 2019an finalera iristea bera sekulakoa izan zen; orduan ez nuen ezerekin amesten. Orain, berriz, esperientzia hori eduki izanak lagundu didala uste dut, onerako zein txarrerako.
«Esango nuke txapelketa osoan bakarka aritu naizela gusturen. Eta finalean ere, uste dut lanik onenak bakarkakoetan egin nituela».
Nolako txapelketa izan da?Bi alde ezberdinduko nituzke: final-zortzirenak eta finalerdiak oso onak izan ziren, baina final-laurdenetan asko sufritu nuen. Lotuta abestu nuen, estu, eta deseroso aritu nintzen, ezin gozatu. Baina hortik aurrera txipa aldatzea erabaki nuen. «Sufritzeko ez naiz oholtzara igoko», esan nion neure buruari. Sufritu ere egiten da saioetan, noski, baina ikasi behar da tamaina hartzen.
Seikote moduan nola moldatu zineten?
Jendeak ezin du imajinatu zer harreman dagoen oholtza gainean gauden seion artean. Sei bertsolarietatik lau herrikideak ginen, bertso eskola bereko kideak, lagunak... Oihane [Perea] lagun eta lankide ere badut, eta Iñakirekin [Viñaspre] beti izan dut harreman estua. Beraz, konplizitate handia daukagu elkarren artean, eta horrek giroan asko eragiten du. Oso giro ona egon zen.
Buruzko burukoan Manex Agirrerekin lehiatu zinen. Sorpresa izan zen zuretzat?
Nik banekien orokorrean saio txukuna egiten nenbilela, baina bertso kideek atsedenaldian esan zidaten tentsioari eusteko, ez nintzela oso urrun egongo eta. Eta hala egiten saiatu nintzen. Nire izena entzun nuenean, zoramena izan zen, ordea. Gainera, Manexekin... Manex erreferente eta irakasle izan dut, eta orain, berriz, lagun min eta bertso kide. Harreman estua daukagu, eta plazer bat izan zen harekin lehiatzea.
«Manex [Agirre] erreferente eta irakasle izan dut, eta orain, berriz, lagun min eta bertso kide».
Manexek bi txapel ditu; esperientzia handiko bertsolaria da.
Ez nuen halakorik pentsatu ere egin. Bi txapel ditu, baina sei bertso kantatu behar dira. Guk ez genekien, baina momentu hartan bi punturen aldea baino ez zegoen elkarren artean. Hutsetik hastea bezala da hori ia-ia. Errespetuz abestu behar da beti, baina galtzeko ezer ez duzula ere kontuan izanda.
Bertsolari guztietan gazteena zinen. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
2019ko finalean 19 urte nituen, eta orduan ez nintzen gazteena. Aroa [Arrizubieta] zen; aurten kanpoan izan da, eta ez du parte hartu. Seguru itzultzean gerra emango duela. Baina ez diot garrantzirik eman horri; bat gehiago nintzen oholtza gaineko seikote eder horretan.
Sei finalistetatik lau zineten Aramaiokoak. Horrek ere esan nahi du zerbait hango bertso eskolari buruz, ezta?
Mimoz prestatu genuen txapelketa denok elkarrekin, eta uste dut horren emaitza ere izan dela txapela. Zazpi bertsolarik hartu dugu parte guztira txapelketan, eta lau heldu gara finalera: ez dut uste kasualitatea denik. Paulak [Amilburuk] lehenengo finala zuen aurten, esaterako, eta Martin anaiak ez du parte hartu, kanpoan izan delako ikasten, baina uste dut asko duela emateko hark ere. Danel Herrartek ere Euskal Herriko eskolarteko finala jokatuko du aurki.
Arabari eta euskarari eskaini zenion txapela. Zergatik?
Ez dut uste biktima papera ere ona denik, baina Arabako bertsolaritzak egur apur bat jaso izan du azken urteetan, maila dela, euskara dela... Fokuak beste leku batzuetan egoten dira gehienetan, eta guk ere badugu gure mimo eta aitortza beharra batzuetan. Hori aldarrikatu nahi nuen. Nik oso modu berezian bizi dut Arabako bertsolaritza, eta gustatuko litzaidake errespetuz eta miresmen apur batekin begiratzea gure lanari ere. Askotan aritu gara konplexuetatik kantuan, eta nahiko nuke hori behingoz albo batera uztea.
«Askotan aritu gara konplexuetatik kantuan, eta nahiko nuke hori behingoz albo batera uztea».
Bertso eskolak ematen aritzen zara ikastetxeetan, hain zuzen.
Arabako askotariko errealitateak ezagutzeko aukera izan dut aurten, eta asko gozatu dut. Saiatzen gara bertsoaren bitartez euskara ikasgelatara modu ludiko batean eramaten, eta pentsatzen dut emaitzak ere onak direla: ari dira gazteak bertso eskoletara hurbiltzen, eskola gehiago sortzen, eta euskara ere ari da bidea egiten. Nik jarraituko dut nire alea jartzen.
«Saiatzen gara bertsoaren bitartez euskara ikasgelatara modu ludiko batean eramaten, eta pentsatzen dut emaitzak ere onak direla».
Euskal Herriko txapelketa nagusian abesteko aukera eskuratu duzu.
Gauza ederra izango da. Baina denbora beharko dut hori ere barneratzeko. Txapelketa hau bukatzeko beharra nuen, luze ere egiten delako, eta tarte bat beharko dut orain prestatzen hasteko. Saiatuko naiz Arabako bertsolaritza maila onean uzten, eta nire onena ematen. Hala egiten badut, uste dut freskotasun bat eman diezaiokedala txapelketari. Ea gozatzerik dudan.