Olaia Inziarte: «Bilaketa batean nago, eta deskubritu nahi dut egiatan zertarako balio duen musika egiteak»

  • 1249 hitz

Egurrezko eskultura baten gisan irudikatu zuen Olaia Inziartek (Oronoz, Nafarroa, 1999) bere diskoa. Hasteko, ordea, zikinkeria edo hondakin guztia kendu beharko zion eskulturari, «hortik eraiki ahal izateko». Halaxe egin du, eta horregatik deitu dio lan berriari 'Zerrautsa'.

Hasieran diskoa plataformetan baino ez da egon, otsailaren 3an jarri duzue formatu fisikoa eskuragarri. Zergatik egin zenuen hautu hori?

Ez zitzaigulako ailegatu formatu fisikoa; ez du beste bueltarik [barreak]. Nahikoa lan artisaua egin genuen Malmo estudioan. Maitane Camposen argazkiekin osatu genuen diskoa eta liburuxka guztia. Zerrautsa-ren kontzeptua arbolaren iruditeriacloseIrudi multzo egituratua.
tik datorrenez, nik nahi nuen letren tipografia arboletan labana batekin idazten denean bezalakoa izatea. Ilusioa egiten zidan dena nik idazteak. Inprimaketa probak egiten aritu gara, eta uste baino denbora gehiago hartu digu.


Lan labur asko ateratzen diren garai honetan, hamalau kanta kaleratu dituzu, kolpean.

Hasieran, nire ideia ez zen disko bat egitea, baizik eta trilogia antzeko bat egitea, hirunaka joango ziren kantuekin. Azkenean, zentzua ikusi nion disko luze bat egiteari, zeren banituen kanta horiek osatuak eta manera horretan nahi nuen kontatu. Egia da batzuk albo batera utzi behar izan ditudala. Gelditua egon naiz, eta, beraz, denbora eduki dut konposatzeko, eta, gainera, nahiko obsesionatua egon naiz horrekin. Ez da izan hasieratik pentsatu dudalako hamalau kanta egitea, disko luze bat nahi nuelako. Ez dut horrela funtzionatzen.

«Gelditua egon naiz, eta, beraz, denbora eduki dut konposatzeko, eta, gainera, nahiko obsesionatua egon naiz horrekin».

Olaia Inziarte (musikaria)

Geldialdia aipatu duzu, eta, hain zuzen, Zerrautsa kantatik (spoken word baten tankerako kantua da) askatzen duzu geldialdi horretan sentitutakoa.

Egia esan, duda pila bat eduki nituen hori elkarbanatu edo ez. Azkeneko audioan erraten dut: «Oharra: utzi behar diot pentsatzeari idazten dudan guztia publiko egingo dela edo inork irakur dezakeela. Baldintzatzen nau, eta libertatea kentzen dit». Hor bai egin behar izan dudala filtrazio lan bat, baina, hala ere, erabaki nuen sartzea, zeren ideia ona iruditzen zitzaidan horrela hastea diskoa, laguntzeko entzulea kokatzen, eta neure burua behartzeko zerrautsa kontzeptuaren helburu hori ongi transmititzera.

Zein da, bada, kontzeptu hori?

Nik honela imajinatzen nuen: nik artelan bat egin behar baldin badut, nire barreneko egiatik etortzea nahi dut; hemen eta orain dauden gauzekin. Egunerokoan ikusi ditudan tokiak, panoramak edo gauzak dira gehien errotu nautenak. Niri arbola etorri zitzaidan burura, eta nire egurrezko eskultura izango balitz bezala sinbolizatzen nuen diskoa. Eta, egurrezko eskultura hau egiteko, behar zaio kendu hondakina. Behar da garbitu, behar da lisatucloseLeundu.
... kendu behar diozu zerrauts hori. Horregatik ikusten nuen interesgarria zela zerrautsak botaz hastea diskoa, zikinkeria kenduz, eta hortik hastea eraikitzen.

Geratzea erabaki zenuen, behartuta, baina zure erabakiz, aldi berean. Zein izan zen horretarako inflexio puntuacloseNorabide aldaketa.
?

Uste dut pila bat egon zirela. Eta bat da kontzertuetan jo nahi ez izatea. Momentu batzuetan, pentsatu nuen: «Ez da bideragarria horrela egotea». Momenturen batean, kontzertu baten aurretik, burutik pasatu zitzaidan: «Zenbat geratzen da kontzerturako? Banoa hemendik». Horrelakoak behin baino gehiagotan izan nituen. Bertze batean ia erori nintzen eszenatokitik, eta desio izan nuen erori izana, jo behar ez izateko. Nire ustez, gauza pila bat izan ziren, agerian uzten zutenak bazela zerbait ez zena ongi.

«Behin ia erori nintzen eszenatokitik, eta desio izan nuen erori izana, jo behar ez izateko. Gauza pila bat izan ziren, agerian uzten zutenak bazela zerbait ez zena ongi».

Olaia Inziarte (musikaria)

Nolabait esanda, pilotu automatikoa jarrita bizi zinen.

Erabat. Horrek ez dizu uzten ez pentsatzen, ezta sentitzen ere; edo gehiago sentitzen, esango nuke. Pila bat pentsatzen duzu, baina zure gorputzak behar du gelditu sentitzera, eta ez badiozu uzten sentitzen, astirik ez duzulako, iragazkiacloseFiltroa.
bete egiten da.

Tarte batez, ez zinen ez musika jotzeko eta ez entzuteko gai ere. Baina, aldi berean, askotan nabarmendu duzu musikak garrantzi handia daukala zuretzat.

Bai; egia erran, hori egin zitzaidan arraroena. Nik beti izan dut harreman zuzena musikarekin, eta niretzat arraroa zen musikarekin atzeraka joateko sentsazio hori izatea. Hori nire ustez pasatzen da zure afizioa den zerbait lan bihurtzen delako. Eta badu zerikusirik lanaren kontzeptuarekin, eta kaka horiekin guztiekin. Bazegoen marra gorri bat, lehenago pasatua ez nuena. Baina azkenean pasatu nuen, eta nabaritu nituen hainbat gabezia edo. Gero bakeak egin nituen, baina, horretarako, aparte utzi behar izan nuen musika.

Nola egin zenituen bakeak?

Momentu nahiko inuzente bat izan zen: pianoa amatxicloseAmona.
ren etxean zegoen, eta piztu nuen egun batez. Nire ahizpak esan zidan: «Olaia, jo Chiquitita [Abba taldearen kantua]». Eta, deus ez, hasi ginen Chiquitita jotzen, nire amatxi kantuan hasi zen, eta nire izeba ere bai. Etorri zitzaidan hunkidura hori zintzurrera, eta erran nuen: «Hau zen». Momentu horretan hasi nintzen konposatzen berriz.

Presiorik ez zenuelako izan zen agian?

Bai, guztiz.

Eta, orain diskoa aterata, sentitzen al duzu presiorik?

Bai, beti sentitzen dut kanpoko presioa; orokorrean bizitzan. Baina, gero, presioa sentitzen dut uste dudalako bigarren aukera bat-edo dela. Iruditzen zait buelta honetan ez badut lortzen nire neurrira egitea, edo ikusten badut ezin dudala neurrira egin, eta ezin banaiz horretatik bizi, eta bizi ez banaiz ere sano egon, orduan ez dela niretzat. Aldi berean, zera pentsatzen dut: «Ez zait inporta deus eta!». Nahi baldin badut musika egin, berdin egingo dut. Bilatuko ditut nire espazioak eta listo. Gure lana denean, badaude hor beste zimendu batzuk ere. Bila ari naiz, eta, bilaketa honetan, deskubritu nahi dut egiatan zertarako balio duen musika egiteak paradigmacloseZerbaiten adibidea edo eredua.
hauetan.

«Iruditzen zait buelta honetan ez badut lortzen nire neurrira egitea (...) orduan ez dela niretzat».

Olaia Inziarte (musikaria)

Zure herria da zure toki segurua. Oronozi egindako hainbat aipamen daude diskoan.

Hala da. Kuriositate moduan, Oronozko elizako erlojua geldi egon da urteetan, 12:10ean. Nik diskoan zehar pila bat aldiz sartu dut 12:10, zeren iruditzen zitzaidan esanguratsua 12:10 izatea edozein ordu. Bat-batean, diskoa atera baino lehentxeago, konpondu egin zuten, eta ez zegoen 12:10ean. 13:25ean jarri zuten, eta pentsatzen hasi nintzen inork ez zuela erreferentzia ulertuko. Duela egun batzuk, nire aitak erran zidan: «Olaia, elizako erlojua 12:10ean dago berriz». Nire osaba elizako ezkilacloseKanpaia.
k jotzearen arduraduna da, eta hark jarri zuen berriro hor. Diskoa Oronozi oso begira idatzia dago. Eta ez dut erraten hau herriminez ere. Ezinegon pila bat sentitzen dut herriari dagokionez, harremantzeko manerei dagokienez.

«Haserre hauek okupatu behar dute okupatu beharrekoa», diozu Haserre hauek kantan. Azaleratu beharreko gaiak dira zuretzat.

Bai. Hemen badira dinamika batzuk nazkagarriak. Inork ez du deus erraten, eta badaude kasik feudalismotik datozen botere harremanak. Badaude posizio sozial horiek. Pixka bat delikatua zen kantu hau egitea, zeren, hor aipatzen diren gauza batzuetan, jende batek bere burua islatuta ikus dezake. Jende horrek berak esaten dit: «Nire alaba zure fana da». Garrantzitsua iruditzen zitzaidan azaleratzea, nahiz eta ez nuen izenik erranen.

Olaia txikiari egiten diozu erreferentzia hainbat kantetan, Tilin-talan-en edota Kasu maitia-n, esaterako.

Prozesu pertsonalek beti eraman naute ni, edo ni joan naiz, haurtzarora; gauzei bueltak emateko edo ulertzeko. Presente dut zein inportantea den fase hori pertsona baten bizian. Horregatik oroitzen dut Olaia txikia, eta babesgune delako ere bai.

Herri musikako aipu batzuk ere sartu dituzu abestietan. Zuretzat zer pisu du horrek musika egiteko orduan?

Nik ez dut eduki kanpoko musikaren bila ibili naizen etapa sobera luzerik. Ez dut lortu harekin konektatzea. Helduaroan ohartu naiz zergatik aditu ditudan kantu batzuk eta zergatik beste batzuk ez. Eta zergatik ez dugun entzun Zuberoako koplarik, baina bai entzun dugun Donostia inguruan —edo dena delako inguruan— sortu den musika. Edo zergatik ez ditugun entzun jotak euskaraz. Hori ikertzen hastea oso interesgarria da. Hor badago mundu bat ez dena egunkari eta irrati nagusietan agertzen. Iruditzen zait musikari bezala badugula ardura.

«Helduaroan ohartu naiz zergatik aditu ditudan kantu batzuk eta zergatik beste batzuk ez. Eta zergatik ez dugun entzun Zuberoako koplarik, baina bai entzun dugun Donostia inguruan sortu den musika».

Olaia Inziarte (musikaria)

Gogotsu zuzenekoetarako?

Egia erran, ez. Momentu batzuetan, egiten ari garenarekin pentsatzen dut: «Zeinen ongi geratuko den». Ez nago gogotsu, baina, aldi berean, espero dut egotea. Ikusiko da. Hala ere, uste dut lantzen ari garena arrascloseOso.
ongi dagoela; sinisten dut horretan, eta nahi dut egin.