Neskak eta mutilak elkar joka
Heziketa Fisikoko irakasle Aitor Zabala Asuak bere eskola orduetan jazo zen egoera «harrigarri» bati buruz idatzi du iritzi artikulu honetan. Sexuen arteko bereizketaz ez ezik, kirolaren alorrean gailentzen den eredua aldatu beharraz ere badihardu.
Azaroaren 25a, egun berezia? Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko eguna. Agian, data bereziak behar dira gure gizartean gertatzen diren zenbait jokabideren gainean argia jartzeko, agian bai. Egun berezia litzateke, bai, egun horretan inongo emakumek, inon, jazarpenik jaso izan ez balu behintzat. Zoritxarrez, ziur nago ez dela horrela izan. Niretzat bai, egun berezia izan zen, ikasleek nahi gabe egin zidaten opariarengatik.
Koka gaitezen: osteguna, esan bezala azaroaren 25a, eguerdia, eguneko azken saioa DBHko 4. mailako ikasleekin. Lehen ebaluazioari amaiera emateko, hiruhileko guztian bizi izandakoaren ondorioez hitz egiteko erabiltzen dugu azken saioa. Taldeko gogoeta orokorraren ondoren, ikasle bakoitzarekin banaka elkarrizketan aritzen naizen bitartean, beste ikasleak nahi duten horretan aritu daitezke. Taldetxo edo gizabanako bakoitzaren nahien arabera, ikasleek antolatzen dute zer material behar duten eta dugun espazioa nola partekatzen duten. Ikasle hauen kasuan, egia esan, ez dute laguntzarik behar izan ondo konpontzeko. Futbolean aritu nahi zutenek kantxaren erdia hartu dute, eta kopuruz antzekoa zen beste talde batek, beste kantxa erdia. Bai, Heziketa Fisikoko saioa da; ez, gimnasia ez, Heziketa Fisikoa.
Ikasle bakoitzarekin ebaluazioaren gorabeherei buruz hitz egiten ari nintzela, ohikoak diren mugimenduez konturatu naiz: ikasle batzuk jarduera batekin hasi eta gero beste batean murgiltzen joan ohi dira. Hasierako bi multzo nagusiak horrela eratu dira: batetik, futbolean mutilak, eta, bestetik, neskak baloi eseria deituriko jokoan. Maiz izaten da neskaren bat edo batzuk futbolean ere, eta beste askotan aritzen dira denak elkarrekin jokoren batean edo bestean lehenik, eta denak futbolean gero; baina atzo, bi multzoak generoz homogeneoak ziren.
«Neskek eta mutilek elkar joka bukatu dute saioa. Bai, neska eta mutil guztiak baloiekin elkar joka, elkarrekin 'baloi eserian' jokatzen».
Ba, nire harrigarri, saioa neskek eta mutilek elkar joka bukatu dute. Bai, neska eta mutil guztiak baloiekin elkar joka, elkarrekin baloi eserian jokatzen. Joko horretan urte hauetan guztietan maiz ibili bagara ere, eta beti barre eta algara ugari izaten badira ere, ez da ohikoa izaten «libre» uzten diedan saio bakar horretan gela osoa bere borondatez elkarrekin baloi eserian aritzea. Eta niretzat behintzat pozgarria izan da. Burua altxatu, baloiak hegan batetik bestera, baloiarekin elkar jotzen, lehia bizian bai, baina baita elkar salbatzen ere, elkarri traizioa egiten, baina irribarrea galdu gabe. Zeren eta... «joko bat besterik ez da», edo, hobeto esanda, «a ze jokoa!». Momentu horretan ez ziren neskak eta mutilak; barkatu, hori ez da zuzena, momentu horretan neskak eta mutilak ziren bai, elkarrekin, neska edo mutil ote ziren erreparatu gabe. Joko estrategiaren momentuaren araberako jokabideak zituzten eta ez generoaren araberakoak.
Zaila da hori bera beste ezaugarri batzuetan oinarritzen diren joko edo jarduera fisikoetan gertatzea, futbolean kasurako. Gure kultura fisikoa osatzen duten jarduera fisikoen artean aniztasuna zabala da, baina, gaur egun, kirol modernoa deituriko ereduko jarduerak dira nagusi batez ere. Horietan, parte-hartzaileen errendimenduen konparazioa da ardatz nagusia, eta, beraz, joko egiturek helburu horretarako baliagarriak behar dute izan: zein den azkarrena, indartsuena, gehien irauten duena... zein den hoberena, alegia.
«Gaur egun, 'kirol modernoa' deituriko ereduko jarduerak dira nagusi batez ere».
Konparazioaren egarria aseezina izanik, munduko toki guztietan zehar gertatzen diren kirol errendimenduak eta garai ezberdinetakoak alderatzen dira marka eta errekorren bidez. Hori ezinezkoa litzateke zenbait jarduera fisikotan: zein izan da baloi eserian marka hoberena egin duena? Mendi ibilaldi batean beharrezkoa al da konparatzea? Errendimenduak konparatu ahal izateko, jarduerak molda genitzake, noski, eta adibidez mendi-txangoa mendi-lasterketa bilakatu, baina jada ez litzateke txoria izango.
Argi dago jarduera horietan parte-hartzaileek dituzten jokabideak gizartearen isla izan ohi direla, eta, beraz, gure kultura fisikoan, gizonezkoen ezaugarri fisikoetan oinarrituriko jardueretan errendimenduak konparatzen baditugu, betiere batzuk besteen gainetik agertuko dira. Lehen ez bezala, orain onartzen hasi gara emakumezkoek ere jarduera horietan aritu daitezkeela, eta maila izugarria erakusten dute gainera; baina markak gizonezkoen «azpitik»... Zein da munduko kirolaririk onena? Zenbatek pentsatu duzue emakumezkoren batean?
«Eredu askotarikoak proposatu, ezagutu eta biziarazi beharko genituzke».
Galdera asko sortzen zaizkit, baina funtsean erantzun bakarra: gure gizartean, kirola kultura fisikoaren eredu bakartzat sustatzen dugun bitartean (beste eredu batzuk gutxietsita), zaila izango da gure arloak hezkidetzan laguntzea. Ez dut uste eredu jakin bat baztertu behar denik, baizik eta eredu askotarikoak proposatu, ezagutu eta biziarazi.
Beraz, bai, azaroaren 25a egun berezia izan zen niretzat, ikasleek elkar joka irribarre eta jokabide aski politak oparitu zizkidatelako nire urtebetetze egunean.
Jatorrizko artikuluak
- Neskak eta mutilak elkar joka Aitor Zabala Asua | |