Nerea Sorondo: «Aizkolarien maila asko igo da»

Nerea Sorondok (Bera, Nafarroa, 1987) Donostiako Urrezko Kopa irabazi zuen abenduan. Urte bukaera ona egin duelakoan dago, eta aurten txapelketa gehiago irabazi nahi ditu.

Donostiako Urrezko Kopako txapelduna izan zara. Zer sentitu zenuen hirugarrenez txapela janztean?

Hunkitu egin nintzen. Askotan esan dut inoiz baino hobeto nagoela orain sasoi aldetik eta aizkorarekin, baina etxean egiten nituen lanak ez nituela ongi egiten plazan urtean zehar. Hortaz, sari gisako bat izan da.

Nola ikusi zenuen zeure burua?

Ongi. Egia erran, indartsu sumatu nuen neure burua egur batetik bertzera; aizkorakada onak eman nizkion, nahiz eta huts batzuk ere egin. Aurrean joanda, arrisku handiagoa dago azkarregi joateko, baina neure burua kontrolatu nuen, eta oso pozik geratu nintzen.

Zer eragin du Nerea Arrutiren azken txapelketetako nagusitasunak beste aizkolariengan?

Arruti ez ezik, besteak ere oso ondo dabiltza. Lehen, uste nuen besteek baino indar handiagoa nuela, eta horretan nagusitzen nintzela. Baina orain heldu diren neskak oso indartsuak dira, kirol munduan ibili dira txikitatik. Aizkolarien maila asko igo da. Arrutirena are gehiago: sekulako fisikoa du, eta ez da nekatzen, lanean segitzen du. Egia da maila igo duela, eta, horri esker, besteak maila igo dugula.

Zein egurrekin aritzen zara erosoen?

Lasaiago ibiltzen naiz handiekin, kanacloseLuzera neurria, metroa baino laburragoa.
erdikoekin. Indarra dudanez, ezpalcloseEgurra ebakitzean gertatzen den zati ziri antzekoa.
ak errazago botatzen ditut. OincloseLuzera neurri zaharra, 30 bat cm-ren baliokidea zena.
eko txikiarekin ez naiz batere ongi moldatzen; nik nahiago dut egurrak neurri gehiago izatea.

Hasi zinenetik asko aldatu dira egurrak? Zer ekarri dute aldaketek?

Gehien aldatu dena zera da, hasieran ez zegoela txapelketarik. Hasieran lan txikiak egiten ziren. Donostian, bost oineko mozten genituen, eta orain 45 ontzacloseLuzera neurri zaharra, oinaren hamabirena [23 mm inguru].
ko bost egur mozten ditugu. Lan horiek handitu egingo direla uste dut, eta, gu hobetuz goazen heinean, egur handiagoak moztu nahiko ditugu. Guk geroz eta seriotasun handiagoa izatea nahi dugu. Emakume gehiago egotea, lan handiagoak egitea, maila desberdinak egotea… Hori lortzea gustatuko litzaidake.

«Emakume gehiago egotea, lan handiagoak egitea, maila desberdinak egotea… Hori lortzea gustatuko litzaidake».

Nerea Sorondo (aizkolaria)

Zertan moldatzen zara hobeto, eta non ikusten duzu hobetzeko tartea?

Nik nahiago ditut egur handiak, baina horrek ez du esan nahi hobeto mozten ditudanik. Nik uste dut teknikoki badudala zer hobetu. Askotan, aizkorakada batzuk debaldecloseAlferrik.
ematen ditut, harrotu dudan egurrean segitzen dut harrotzen, edo ez naiz beti iristen. Fisikoa hobetu dezaket, eta oraindik badut gehiago erakusteko.

Kirol bat aukeratzekotan, zer nahiago duzu: trontza edo aizkora?

Aizkora beti. Gehien aizkora gustatzen zait, zalantzarik gabe.

Zergatik utzi zenuen trontza albo batean?

Nire bikotekidea haurdun geratu zen, eta bikotekiderik gabe geratu nintzen. Hortaz, gehiago dedikatu nintzen aizkorara, eta bakarkako lana asko gustatu zitzaidan. Txapelketetan hasi nintzenetik ezin nintzen bi kiroletan ongi aritu, aizkorak denbora guztia hartzen baitzidan.

Zer nahiago duzu? Txapelketak ala udako erakustaldiak?

Desberdinak dira. Erakustaldietan ongi pasatzen dugu. Jendea biltzen dugu, lan desberdinak egiten ditugu, eta geure burua probatzen dugu. Txapelketak egin beharra daude, horretarako prestatzen baikara urte guztian, eta seriotasuna ematen baitiote kirolari. Baina nik batzuetan gaizki pasatzen dut, urduriegi egoten naizelako. Ez nuke jakinen aukeratzen.

«Txapelketak egin beharra daude, horretarako prestatzen baikara urte guztian, eta seriotasuna ematen baitiote kirolari».

Nerea Sorondo (aizkolaria)

Zer iruditzen zaizu aurten egin duzuna?

Urte ona izan da. Azkenean Nafarroako txapelduna naiz, Donostiako Urrezko kopa irabazi dut, baina beste asko galdu egin ditut. Urte bukaera oso ona izan da. Pozik nago, Euskal Herriko Aizkora Txapelketan neure buruarekin atsekabetutacloseNahigabetuta.
gelditu nintzen, eta nire pentsamendu hori Donostian atera nuen. Azken hori hartuko dut gogoan.

Zer helburu dituzu 2025erako?

Horrela jarraitzea eta, ahal bada, gehiago lortzea. Helburu pertsonala txapelketa guztietan parte hartzea da, eta, ahal bada, irabaztea. Helburu orokorra, ordea, neska gehiago animatzea da, eta emakumezkoen aizkoran gorakada izatea.

Nola ikusten duzu emakumeen etorkizuna herri kiroletan?

Herri kirolak ez dira merkeak. Aizkora bat erostea oso garestia da, eta laguntza asko behar da. Ez da erraza, baina telebistan agertzen bagara eta jendeak ikusten badu, neska gazte gehiago animatuko dira. Badauzkagu gazte batzuk, eta kirolari gehiago etorriko dira.

Eta herri kirolen etorkizuna, oro har?

Iruditzen zait batzuetan herri kirolei ez zaiela behar bezalako garrantzirik ematen. Batzuetan folklore gisa ikusten dut, baina guk eliteko kirolari gisa bizi dugu, eta horrela entrenatzen gara. Ulertzen dut herriko festetan joko gisa ikustea, baina herri txiki askotan jada ez da herri kirolik izaten, eta bide horri eusten saiatu behar dugu.

«Iruditzen zait batzuetan herri kirolei ez zaiela behar bezalako garrantzirik ematen. Batzuetan folklore gisa ikusten dut».

Nerea Sorondo (aizkolaria)

Jatorrizko artikuluak