Neptunoren eraztunen argazkiak atera ditu James Webb teleskopioak

  • 231 hitz
  • Albistea entzun

Eraztunak inoiz ez dira ikusi hain zehatz. Izan ere, teleskopioaren berezitasunari esker, orain arte ikusi gabeko eraztunak harrapatu ditu Webbek. 'Voyager 2' zundak irudikatu zituen lehenbizikoz, duela 33 urte.

Neptuno planeta eguzki sistemaren zirrikituan dago, nahiko urrun. Kostata iristen dira eguzki izpiak haraino. James Webb teleskopioaren mirak, ordea, ez du arazorik izan zortzigarren eta azken planetaren argazkiak lortzeko. Egiteko horretan, Neptunoren eraztunak irudikatzea lortu du. 

Duela 33 urte lortu zuen NASAk Neptunoren eraztunak lehenbizikoz irudikatzea. Voyager 2 zunda espazioratu eta hainbat urtera, 1989an, Neptuno parera heldu zen, haren azken helmugara. Planetatik 5.000 kilometrora egin zituen argazkiok. 

NASAren Voyager 2 zundak Neptunoren eraztunei ateratako argazkia, 1989an. NASA

James Webb, ordea, Lurretik gertu samar dago. Horregatik, urruntxo geratzen zaio Neptuno; 4.350 milioi kilometrora, hain zuzen. Teleskopioaren gaitasuna izugarria da, eta, hari esker, ezin hobeki ikusten dira eraztunak. Inoiz ez dira ikusi ahal izan hain zehatz.

Teleskopioaren argazkian, gris samar ikusten da Neptuno. Izan ere, James Webb «ez da teleskopio optiko bat bezalakoa»; ateratzen dituen irudiak moldatu egin behar dira gero. Teleskopioaren berezitasun horri esker, orain arte ikusi gabeko eraztunak harrapatu ditu Webbek. Gainera, Neptunoren hamalau ilargietatik zazpi ere agertzen dira argazkian. Horien artean, Triton da deigarriena.

Neptunoren hamalau ilargietatik zazpi ere agertzen dira argazkian. Horien artean, Triton da deigarriena.

Neptuno planeta eta haren sateliteak. Triton da deigarriena. EUROPAKO ESPAZIO AGENTZIA 

James Webb teleskopio espaziala hamazazpi herrialderen artean garatutako espazio behatoki bat da, munduko behatoki nagusia. Historiako proiektu zientifikorik handienetako bat da: kostuagatik, tamainagatik, diseinuagatik eta eraikuntzagatik, batetik, eta merkaturatzeko 33 urte behar izan direlako, bestetik. NASAko, Europako Espazio Agentziako eta Kanadako Espazio Agentziako langileek zuzentzen dute.

Jatorrizko artikuluak