Elurrak, hotzak eta eguzki orduen urriak baldintzatuko dituzte guda zelaiko mugimenduak eta horien ondorioz sortutako abaguneei eman beharreko erantzunak. Energia gabeziak sor ditzake egoera zailenak.
Napoleon Errusiako Inperioa inbaditzen hasi zen 1812ko ekainean, baina, abenduan, helburuak bete gabe amore eman behar izan zuen; besteak beste, neguak guda zelaian eragindako zailtasunengatik. Ehun urte pasa geroago, 1941ean, Bigarren Mundu Gerran, naziek Sobietar Batasuna inbaditzeari ekin zioten. 1942-1943ko neguaren gorrienean, ordea, atzera egin behar izan zuten Stalingraden —Volgograd da egun—, eta klima baldintza muturrekoek ekarritako sufrikarioek garrantzi handia eduki zuten erabaki hartan. Historialari asko bat datoz: bataila hura mugarri izan zen gerra hartan.
Ukrainakoan, berriz, ez dirudi hotzak, izotzak, elurrak, edo, esaterako, eguzki orduen urriak gatazka alde baterantz edo besterantz bideratuko dutenik. «Bi armadak oso prestatuta daude neguan borrokatzeko; azken finean, beren eremua da», azaldu du Pablo Del Amo Descifrando la Guerra hedabide digitaleko koordinatzaileetako batek. Nazioarteko politika aztertzen dute, eta uste du Ukrainako gerrak ez duela zerikusirik orain dela 80 urteko batekin: egun teknologia gehiago dute; gaitasun handiagoa soldaduak berotzeko; tankeak eta fusilak hobeak dira; osasun zerbitzuak garatuago daude... «Bestalde, Bigarren Mundu Gerrakoarekin alderatuta, tropen mugimendua askoz ere txikiagoa da orain».
«Bigarren Mundu Gerrakoarekin alderatuta, tropen mugimendua askoz ere txikiagoa da orain».
Hala eta guztiz ere, neguak Ukrainako gerrari ere eragingo dio. Hasteko, Del Amoren arabera, jardun militarra aurrera eramateko moduetan. «Teorian», orain erasoan ari direnei, «ukrainarrei», egin diezaiekete mesede neguko klima baldintzek. «Neguko hilabeteak iristen direnean, lurra izoztu egiten da, eta zorua sendotu, eta horrek erraztasunak ematen ditu tropak eta mekanizatuak hedatu ahal izateko. Gainera, operazioak egiteko eremu gehiago duzu, landan zehar ere egin ditzakezu eta». Erantsi du, hori bai, defendatzen ari direnek ere aiseagocloseErrazago. mugi ditzaketela erreserbak.
Ukrainan, batez beste, hamalau egunetan egiten du elurra abenduan; urtarrilean hamazazpi dira, eta otsailean, hamabost; hau da, elur geruza mardulcloseSendo. bat osatu ohi da. Horrek ere berea eragiten du frontean. «Dena zuri egongo da. Hortaz, hori izanik egoera, oso zaila da mugimenduak oharkabean igarotzea; azken finean, kamuflatze on bat edukita ere —eta nahiz eta hala izan, zaila da—, tankeen zutabe bat askoz ere gehiago ikusten da».
Udazkeneko azken asteetan, neguaren aurretik, bestelakoa da egoera Ukrainako zein Errusiako lurretan. Sasoi horri Rasputisa deitzen diote errusiarrek, udazken bukaerako asteetako euriek asfaltatu gabeko bideak eta beste guztiz lokazten baitituzte. «Orduan, soilik errepideetatik bideratu daitezke erasoak», zehaztu du Del Amok. Fenomeno hori bera errepikatzen da udaberri hasieran, izotza urtzen denean.
Energia gabezia arazo iturri
Beste aldagai bat jarri du mahai gainean Descifrando la Guerra-ko kideak: energia urritasunarengatik, Ukrainako agintariek ez dute baztertzen herritarrak ebakuatzea. «Ehunka milaka herritar lekualdatzeko, trenbide bat behar behar duzu. Agian, fronteko lerroak hornitzekocloseZuzkitzeko. beharko zuketen trenbide hori erabili beharko dute zibilak garraiatzeko».
Energia urritasunarengatik, Ukrainako agintariek ez dute baztertzen herritarrak ebakuatzea.
Del Amoren iritziz, errusiarren helburuetako bat da, batetik, «kaosa» sortzea Ukrainan; eta, bestetik, ukrainarren kemena «txikitzea». «Hori lortzen da haien bizitzeko modua birrinduzcloseSuntsituz.. Alegia: 'zero azpitik ez dakit zenbat gradutara gaude, eta ezin dut neure burua berotu, ezin ditut neure seme-alabak berotu'». Kremlinek hori lortu nahi duelakoan dago, horrek eragingo zukeelako milaka errefuxiatuk mendebalderantz jotzea, Europarantz, eta, «kaos» horren ondorioz, EB Europako Batasunak «birplanteatu» egingo lukeelako Ukrainari ematen ari zaion laguntza. «Baina, oraingoz, oso kementsu daude: beren herrialdea defendatzen ari direlako, garaipen batzuk lortu dituztelako azkenaldian...».
Jatorrizko artikuluak
- Neguak gerrari eragingo dio Igor Susaeta | |