Ukrainaren eta Errusiaren arteko loturak sakonak dira, baina alde handiak daude eskualde batetik bestera, hizkuntzan eta joera politikoan, adibidez. Azken gertakariek ataka gaiztoan jarri dute Ukrainaren lurraldea, zeina Errusiak inguratua duen; horixe baliatu du herrialde hari eraso egiteko.
Estatu moderno guztietan gertatu bezala, nazionalismoaren bultzada dago Ukrainako estatuaren sorreraren jatorrian. Lehen Mundu Gerraren ostean, Ukrainan indar handiz piztu zen nazio sentimendua. Lurraldea Austria-Hungariako Inperioaren eta Errusiako Inperioaren artean banatua zegoen, eta Errusian 1917ko iraultzak sortutako botere hutsuneak eman zion bide Ukrainako Estatuari; iraultza osteko Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalaren parte izan zen lehenengo, eta, lau urteko gatazken ondoren, eta hainbat erakundek lurraldearen gaineko agintea aldarrikatu ostean, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin batu zen, 1922. urtean.
Ukrainaren orduko eremua egungoarena baino txikiagoa zen. Gaurko estatuaren erdigunea hartzen zuen. Baina bazituen egungo mugetatik kanpo gelditzen diren zenbait lur ekialdean, orain Errusiarenak direnak, eta mendebaldean, gaurko Moldaviarenak. Eremu zabalak bereganatu zituen, ordea, eratu ondorengo urteetan: Poloniarenak ziren lurrak, SESBek hura okupatu zuenean, 1939an; Errumaniaren eta Txekoslovakiaren esku zeuden zenbait lur, 1940ko hamarkadan, eta Krimeako penintsula 1954an, SESBek asmo oneko keinu gisa emana.
Hizkuntzak
Ukrainak bere historian izan dituen lurralde gorabeherak eta egun dituen mehatxuak ez dira haren naziotasuna ukatzeko nahikoa arrazoi. Edo, bestela esanda, badira haren nazio izaera baieztatzeko argudio sendoak. Horietan garrantzitsuena, hizkuntza. Ukraineraz hitz egiten dute herrialdearen parterik handienean. Lurralde ia osoan da nagusi, Errusiarekin harreman historikorik estuena izan duten eskualdeetan izan ezik. Hau da, Transnistrian, Krimean eta Donbassen.
Ukraina ekialdeko eskualde horretan nabarmen handiagoa da jatorri errusiarreko biztanleen pisua. XIX. mendeaz geroztik, ikatz meatzaritzari lotutako eremu industriala izaki, langile errusiar ugari kokatu ziren lur horietan SESBen garaian. 2014an Donbassko gerra piztu aurretik, biztanleria handieneko eremua zen Ukrainan, Kiev alde batera utzita.
Donbassen, biztanleen %40 inguru dira jatorri errusiarrekoak, eta %65-75 inguru mintzo dira errusieraz. Eskualde horretan, errusiera da ukrainar jatorriko herritar askoren ama hizkuntza.
Ia erabat inguratuta
Ukrainaren lurraldetasuna arriskuan jarri dute azken urteetako gertakariek: nagusiki, Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuelako 2014an, eta urte hartan bertan piztu zelako Donbassko gerra. Ekialdeko eremu horren parte bat matxino errusiazaleen kontrolpean dago, eta Luhanseko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aldarrikatu zuten gatazka hasi zenean.
Krimeako eta Donbassko lurren kontrolari esker, Moskuk ziurtatua du Ukrainaren itsasorako sarbidearen zati handi bat: Azoveko itsasokoa. Krimea anexionatuta, bere esku baitu Kertxeko itsasartea ere.
Baina Errusiaren presioa mugen perimetro ia osoan du Ukrainak. Mendebaldean, Moldaviako mugan, Transnistriako Moldaviar Errepublika du, 1991n Errusiaren babesarekin gerra zibila irabazi zuenetik de factocloseIzatez. estatu independentea dena. Geroztik, tropa errusiarrak hartzen ditu. Eta iparraldean, Errusiak 30.000 soldadu bidali ditu Bielorrusiara, armamentu pisuarekin eta gerra hegazkin eta helikopteroekin, ariketa militarrak egiteko aitzakiarekin. Ekialderago, Errusiarekin berarekin du muga Ukrainak.
Errusiak Ukraina inguratua duela baliatu du herrialdearen kontrako erasoa egiteko. Donbasstik, Errusiatik bertatik, Krimeatik eta Bielorrusiatik sartu dira tropak, eta horrek Ukrainaren lur eremu zabal bat kontrolpean hartzeko aukera eman diezaioke Moskuri. Hala eginez gero, Ukrainak ezingo ditu ziurtatu gaur dituen muga berberak.
Jatorrizko artikuluak
- Nazio izaera eta mugak eztabaidan Gorka Berasategi Otamendi | |