NASAren ‘Perseverance’ ibilgailuak Marten lur hartu du
Marteko esploratzailea iritsi da helmugara, operazio korapilatsu bat egin eta gero. Haren helburu nagusiak iraganeko bizitza arrastoak bilatzea, Planeta Gorria hobeto ezagutzea eta etorkizunean hara gizakiak bidali ahal izateko esperimentuak egitea dira.
Izan al zen bizitzarik Marten? Galdera horri erantzuten saiatuko da Perseverance ibilgailua. Horretarako, bizitza arrasto fosilduak bilatuko ditu Planeta Gorriaren gainazaleko arroketan eta baita lur azpian ere.
Lan egiten hasi aurretik, ordea, NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziaren ibilgailuak Martera iritsi behar zuen, han lur hartu: 480 milioi kilometro inguruko eta sei hilabete eta erdiko bidaiaren amaiera (2020ko uztailaren 30ean jaurti zuten).
Perseverance-k mikrofonoak izango ditu eta, lehen aldiz, Marte entzun ahal izango da.
Amaiera bortitza, espaziontzia orduko 19.500 kilometroko abiaduran iritsi baitzen Marteko atmosferara; atmosferan sartzean 1.300 gradu inguruko tenperatura jasan behar izan baitzuen; abiadura moteltzeko paraxut erraldoi bat zabaldu baitzuen; gero suziri batzuekin are gehiago geldotu eta lur hartzeko lekura hurbildu; eta, azkenik, orduko 2,7 kilometroko abiaduran lur hartu.
Baina nola zuzendu eta kontrolatu ahal izan zuten lur hartzearen moduko operazio neurtua, zehatza eta kritikoa Lurretik? Marteren orbitan dagoen Mars Reconnaissance Orbiter (MRO) espaziontziaren bidez. Perseverance-k, antenen bidez, hari bidali zizkion seinaleak, eta MROk, iaz gehitu zioten gaitasun berri bati esker, ia denbora errealean bidali zuen telemetriacloseDistantziak telematroaren bidez neurtzea.ri buruzko informazio zehatza Lurreko kontrol gunera.
Laborategi gurpilduna
Lurretik kontrolatuko dute, baina autonomia maila handia du. Perseverance laborategi gurpildun bat da. Biologo, kimikari, geologo eta esploratzaile. Zehaztasun handiko tresnak ditu, arroka edo hauts lagin txikienetan bizitza arrastoak aurkitu ahal izateko.
SuperCam laser, espektrometro eta kamerak, esaterako, laserra jaurtiko die aukeratutako arroka zatiei, laserrarekin arrokaren zati txiki bat lurrundu egingo da, eta espektrometroak eta kamerak lurrun horretako informazioa irakurri ahalko dute. Hau da, konposizio kimikoa, atomikoa eta molekularra.
Horrez gain, laserra jaurti eta gero entzuten den soinuak arrokaren masari, osagaiei eta testuinguru geologikoari buruzko informazioa emango die Lurrean entzungo duten zientzialariei. Perseverance-k mikrofonoak izango ditu eta, lehen aldiz, Marte entzun ahal izango da.
Etorkizunean astronautak bidaltzeko eta Marten bizi ahal izateko zenbait esperimentu ere egingo ditu.
Beso robotikoan Sherloc izpi ultramoreen espektrometroa eta Pixl X izpien espektrometroa dauzka. Marteko arroken eta lurraren osagai kimikoak identifika ditzakete, gatz ale baten neurrikoak, iraganeko osagai kimikoak, molekula organikoak eta mineralak atzemateko.
Oso garrantzitsuak izango dira Marteko gainazaleko elementuei ateratako goi bereizmeneko argazkiak ere, horien bidez, laginen testuraren bidez, Lurreko ikertzaileek jakin ahal izango baitute ea mikrobioek sortutakoak diren.
Misioak Marteko eguraldia hobeto ezagutzen ere lagunduko du. Eta etorkizunean astronautak bidaltzeko eta Marten bizi ahal izateko zenbait esperimentu ere egingo ditu. Nagusiena, Marteko atmosferako karbono dioxidoa oxigeno bihurtzeko saiakera. Marteko atmosferaren %96 da karbono dioxidoa (CO2) eta %0,13 bakarrik oxigenoa (Lurrean %21).
Jatorrizko artikuluak
- Marteko esploratzailea iritsi da Jakes Goikoetxea | |