Naizen 'ni' guztiei

  • 121 hitz
  • Albistea entzun
00:00 /

Josune Aramendi Perez bertsolariak (Markina-Xemein, 1994an) pandemian ohikoa bihurtu zaigun maskarari jarri dizkio bertsoak Bertso Jarriak podcastean. Hain zuzen, kalean maskara janzteko derrigortasuna bertan behera utzi dutelarik, hura ez eramateak sortu dizkion kezkak eta galderak ditu kantagai.

Aramendi 12 urterekin hasi zen bertsotan. Bere lehenengo plazak Bizkaiko Eskolartekoan eta BBK sariketan egin zituen. 2018an parte hartu zuen lehenengo aldiz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.

BERTSOAK

Doinua: Hemen zizurkildar bat

Pandemia egunak ze
emozio ekaitz
kantatu nahiko nuke
bakan ez diren gaiz
neroni egindako
promesa ta xantaiz
nahiz igual ausardia
falta zitzaidan maiz
orain ispilu aurrean
zu gabe jartzen naiz.

Zugana lotzen naute
horrenbeste ezbaik
besteen begiradek
nire mila epaik…
Arnas soziala itotzen
nauten sare ta like
maskarilak kentzea
posible da nonbait
maskara eranztea
gehiago kosta zait.

Nahiz eta izan zaren
nintzenetik ume
zuk sortutako arrisku
denen babesgune
kontzientzia hartuz noa
aspaldian xume
ta ikasten ari naiz
suabe, unez une
maitatzen makillaje
gabeko Josune.

Zenbat presio sozial
ta autosuntsipen…
zer da gure irudi
ta zer irudipen?
Salbuespen egoerei
ez meriturik ken
urtebete daramat
arrazoi, sentipen…
neure buruarekin
bakeak egiten.

Patriarkatuak ze
itzal, ze tamaino
ez naiz aske pintatzen
den preso bat baino
ta horrela heldu naiz
ohartu gabe, ño!
Hautsen, kremen, arkatzen
eta brotxen laino
azpian dagoena 
gorrotatzeraino.

Bekokiko zimurrak,
koipe bolumenak
tarteka masail diren
akne almazenak
puntu beltz, ezpain gorri
ondadun melenak...
noizbait maiteko ditut
ni naizen ni denak
korrektorerik gabe
zuzenak direnak.

Jatorrizko artikuluak