Munduaren txertoa

Felix Zubia |
  • 211 hitz
  • Albistea entzun

Donostiako ospitaleko ZIUko mediku Felix Zubiak doktorea den emakumezko ikerlari bati egiten dio gorazarre iritzi artikulu honetan: Maria Elena Bottazziri. Izan ere, Bottazzik eta haren taldeak patenterik gabeko txerto bat garatu dute: Corbevax. 

Gauza jakina da pandemia hau mundu guztiari eragiten dion gaitza dela, eta, geure zilborrari begira soilik bizi beharrean herrialde pobreenak ere zainduko bagenitu, askoz hobeto egongo ginatekeela gaur egun. Herrialde batean intzidentzia handia bada, oso litekeena da bertan aldaera berriak sortzea, eta horiek mundu guztian zehar zabaltzea, kalte handiak eraginez. Hala gertatu zen Indian delta aldaerarekin, eta Afrikan omikron aldaerarekin. Hori gertatu ez dadin, herrialde aberatsenek pobreenen txertaketa bultzatu eta lagundu beharko genuke, ahalik eta azkarren. Han bizi diren pertsonenganako justiziaz, eta geure buruaren segurtasunerako.

«Herrialde aberatsenek pobreenen txertaketa bultzatu eta lagundu beharko genuke. Han bizi diren pertsonenganako justiziaz, eta geure buruaren segurtasunerako».


Pandemia honek jende miresgarria ezagutzeko aukera eman digu, eta haietako bat Maria Elena Bottazzi da. Hondurasen jaioa eta bertan ikasia da, eta AEBetako Baylor Medikuntza Eskolan eta Texas-eko Haurren Ospitalean egiten du lan ikerlari horrek. Aurrez lan batean aipatu nuen moduan, Bottazzi eta bere taldeak koronabirusen aurkako txertoaren prototipo bat garatu zuen duela urte batzuk, orain dugun koronabirusaren ahaide diren SARS eta MERS gaitzak aztertuta, pandemia bat izan zitekeela susmatuz. Hiru milioi euro behar zituzten lehen eredu hura garatzeko, baina buru argiren batek lehentasunezkoa ez zela iritzi, eta ez zuten laguntzarik jaso.

Talde horrek ez zuen etsi, ordea, eta pandemia (edo otsoa) heltzean, iritsi zitzaien behar zuten laguntza euren lana osatzeko. Eta baita egin ere, berriki zabaldu duten moduan, Corbevax izeneko txertoa garatuz, edo, asmatzaileek dioten moduan, munduaren txertoa.

Zientziari dagokionez, txerto horrek birusaren proteinak ditu, gure gorputzak ezagutu eta defentsak garatu ditzan, gaitza datorrenerako. RNA txertoek (Pfizer edo Moderna, esaterako), gorputzaren makineria erabiltzen dute, proteinak gorputzak sortu ditzan; baina muturreko tenperatura baxuetan gorde behar dira. Txerto honek, aldiz, pauso bat gehiago emanda, birusaren antzeko proteinak ditu, eta askoz ere errazago garraiatu eta zabaldu liteke.

«Txerto honek birusaren antzeko proteinak ditu, eta askoz ere errazago garraiatu eta zabaldu liteke».

Baina txerto horren berezitasun nagusia da patenterik ez duela. Ikerketa horren egileek sortzeko prozedura modu irekian jarri dute, beste ikertzaile taldeek ezagutu eta hobetu dezaten. Era berean, edozein lantegik produzitu dezake, eta, Bottazzi doktoreak dioenez, munduan modu masiboan egitea espero da. Indiako lantegi bat hasia da dagoeneko sortzen, eta urtarrila eta otsaila artean 300 milioi dosi ekoiztea espero da. Era berean, Asiako, Afrikako eta Erdialdeko Amerikako lantegiek ere produzitzea espero da, benetan azkar zabaldu dadin. Bere prezioa oso merkea izango da, dolar bat edo bi dosiko, eta prezio horretan zabalduko da. Plangintza hau betetzen bada, pandemiaren amaiera hurbilago izango dugu.

Ez zaitut pertsonalki ezagutzen, baina maite zaitut, Bottazzi doktorea.

Jatorrizko artikuluak

  • Munduaren txertoa Felix Zubia - Donostia ospitaleko ZIUko medikua | BerriaIkasgela |