Mugak dituen planeta bat
50 urte dira 'Hazkundearen mugak' txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta hazkunde etengabeak etorkizunean zer arazo eragin zitzakeen erakutsi zuen, zientzian oinarritutako sistema baten bidez. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
Kapitalismoaren urrezko aroaren beheraldi batean kaleratu zuten Hazkundearen mugak txostena, 1972an (The limits to Growth). Gerraosteko bizkortze handiaren bukaeran, petrolioaren krisian, Erromako Klubeko ikertzaile talde batek, Donella eta Dennis Meadows senar-emazteak buru, zalantzan jarri zuen ordura arte ekonomia klasikoak garatutako hazkunde etengabekoaren praxiaclosePraktika, jarduera.. Ondorioa garbia zen: kontsumoak eta ekoizpen industrialak abiadura berean hazten jarraituz gero, planetaren mugekin talka egingo zuen sistemak hurrengo hamarkadetan.
Txostenaren metodologiak sistemen dinamikari heldu zion, eta eredu matematiko bat garatu zuen Word3 programa informatikoaren bidez.
Meadows txostenaren metodologiak sistemen dinamikari heldu zion, eta eredu matematiko bat garatu zuen Word3 programa informatikoaren bidez. Laburbilduz, elkarri eragiten zioten aldagai batzuen arteko harremana aztertu zuten: populazioa, kutsadura, natur baliabideak, nekazaritza eta bizi kalitatea.
Meadows senar-emazteek ondorioztatu zuten ordura arteko hazkundeak planetaren hainbat muga joko zituela etorkizunean, eta horren ondorioz natur baliabideak agortu egingo zirela noizbait, eta ekoizpenak eta populazioak behera egingo zutela. Halaber, ohartarazi zuten hazkundeak kutsadura arazo larriak eragin zitzakeela.
Hazkundeak kutsadura arazo larriak eragin zitzakeela ere ohartarazi zuten.
50 urteren ostean, begi bistakoa da Meadows txostenak egindako ekarpena. Ekonomia kapitalistak hazten jarraitu du, eta baita planetan bizi direnen kopuruak ere —aurreko astean bertan 8.000 milioi biztanlera iritsi da—, baina gero eta ageriagoa da planetaren mugekin talka egiten ari dela sistema, eta natur baliabideen falta, biodibertsitatearen galera eta berotegi gasen isurketak dira egoera horren adibide batzuk.
Bederatzi mugen teoria
Erromako Klubeko kideen 1972ko txostena hainbat aldiz berritu eta eguneratu dute gerora. Egileek berek lau ikerketa egin dituzte ikerketa horretan oinarrituta; azkenekoa, 2012. urtean. Azken txosten horretan, egileek ondorioztatu zuten gizakien jarduerak gainditu egin dituela jadanik planetaren mugak, eta beharrezkoak direla «kolapsoa saihesteko» trantsizio bideak.
2012ko azken txostenean, egileek ondorioztatu zuten gizakien jarduerak gainditu egin dituela jadanik planetaren mugak, eta beharrezkoak direla «kolapsoa saihesteko» trantsizio bideak.
Egileek eurek egindakoez gain, planetaren mugen teoriak garapen handia izan du hamarkada hauetan. Ikerlanik osatuenetako bat 2009an aurkeztu zuen nazioarteko zientzialari talde batek, Stockholmeko Erresilientzia Institutuaren bultzadaz. Science eta Nature aldizkari espezializatuetan argitaratu zuten bederatzi mugen teoria, Meadows txostenak hasitako bidea sakonduz eta zehaztuz. Egile horien arabera, planetak bederatzi muga hauek ditu: klima aldaketa, ozeanoen azidifikatzea, biosferaren osotasuna, nitrogeno eta fosforo zikloak, ozono geruza, atmosferako aerosolak, ur gezaren erabilera, kutsadura kimikoa, lurren erabilera... Egindako azken ikerketan, 2015ean, bederatzi horietako lau gaindituta zeudela ohartarazi zuten egileek —klima aldaketa, nitrogenoaren eta fosforoaren zikloak, lurzoruaren erabilera eta biosferaren osotasuna—.
Jatorrizko artikuluak
- PLANETAREN MUGEKIN TALKAN Iñaki Petxarroman | |