Mozkorra

Andoni Egaña |
  • 111 hitz
  • Albistea entzun

Pandemia egoerako neurri murriztaileen ingurumarian, hainbat liskar sortu dira kaleko gau giroan. Andoni Egaña bertsolariak iritzi artikulu honetan kritikatzen duena, ordea, liskar horiek izendatzeko modua da; euskarazko esamoldeak nola eta zertarako erabiltzen diren. 

Mozkorrak atzetik zer dakarren badakigu. Ajea beti; askotan balantza; noizbehinka damua. Mozkorrak zer galtzen duen ere jakinean gaude: denbora-espazioen neurria beti; kartera askotan; duintasuna tarteka. Mozkorrari zer itsasten zaion ere ikasi genuen: kiratsa beti; oinetakoen zoruan zerbait gehienetan; bere moduko lagunen bat batzuetan...

A letra ere atzetik darama mozkorrak. Itsatsita askotan. Baina galdu ere egin dezake bere moduko beste lagun batekin topo egitean. Horregatik hartzen dute min nire euskaldun belarriek «mozkorra borroka» entzutean. Ez dakit noren asmazioa den. Nik, Andoni Ortuzar jeltzaleari entzun nion lehen aldiz. «Oilarra jokoa» edo «zilarra papera» entzuteak adinako atzerakoa eragiten dit «mozkorra borroka» entzuteak. Handiagoa.

«Kontu narratsak adierazteko euskarara jotzeak gutxi du kasualitatetik, eta gaiztotik asko».

Euskaraz ez dakitenek, bertako nahiz kanpoko, oso gustura hartu baitute esamolde berria. Hasiak gaude mozkorra borroka-ri buruz gazteleraz entzun eta irakurtzen. Kontu narratsak adierazteko euskarara jotzeak gutxi du kasualitatetik, eta gaiztotik asko. Ez dakidana da ze genero nagusituko den, la mozkorra borroka edo el mozkorra borroka. Baina hala geratuko da fosildua. Hala iritsiko zaigu guri bueltan-bueltan. Eta urte gutxiren buruan, ez digu belarriko minik ere emango.

Jatorrizko artikuluak

  • Mozkorra Andoni Egaña | BerriaIkasgela |