Mirari Etxeberria: «Musika klasikoak elitista dirudi; hori aldatu nahi dugu»
Iruñeko Gaiarren 'Handitzean musikari izan nahi dut!' ikuskizun koloretsua eskainiz hasi du urtea Iruñeko Gazte Orkestrak. Haren zuzendari eta sortzaile da Mirari Etxeberria (Andoain, Gipuzkoa, 1998).
Ikuskizuna obra sinfoniko askoko programa da, eta Mikel Donazarrek zuzendu du. Emanaldian garrantzi handia izan zuen publikoaren eta musikarien arteko hartu-emanak.
Zein da gakoa publikoaren eta musikarien arteko tartea estutzeko?
Gure orkestrako gehienak Iruñeko goi mailako kontserbatorioko ikasleak dira. Hor barruan zenbait espezialitate daude, eta horietako bat musikologia da. Hain zuzen ere, gure kideetako hainbat oso onak dira adar horretan, dibulgazioan. Horri esker, ahalegina egin, eta lortzen dugu obrak testuinguru jakin batean kokatzea, eta hori publikoari azaltzea. Teatro pixka bat ere egin ohi dugu, eta musika klasikoan erabiltzen den hiztegia apur bat erlaxatu.
Zergatik da premiazkoa musika klasikoa jendeari aurkezteko modua laxatzea?
Bestela, batzuetan gerta daiteke oso elitista ematea; hori aldatu nahi dugu. Gauzak beste hitz batzuekin esplikatuz, askoz errazagoa izan daiteke musika ulertzea eta hartaz gozatzea.
Zerk elikatu du elitismo hori?
Esango nuke protokoloak zerikusi handia duela horrekin. Kontzertu batera joatean, oro har, isilik egon behar duzu, eta, besteak beste, elegante jantzi. Nire ustez, bada garaia gauza horiek guztiak puskatzeko. Beste faktore asko ere aldatu dira jada. Ez da lehen bezala: prezioak ere aldatu dira. Batzuetan, prezio bera izan dezakete taberna bateko kaña batek eta musika klasikoko kontzertu baterako sarrerak. Gu saiatzen gara horren elegante ez joaten, eta publikoari zuzenean hitz egiten.
«Prezio bera izan dezakete taberna bateko kaña batek eta musika klasikoko kontzertu baterako sarrerak».
Oro har, zer aurreiritzi dago orkestra musikaren inguruan?
Batzuek diote aspergarria dela, edo ez dela denontzako egina. Baina musikaren atzean dagoen historia ulertzen baduzu, aise senti zaitezke identifikatua musika klasikoarekin. Nire ustez, ezinezkoa da ez gustatzea.
Jendeak ematen dio aski aukera musika klasikoari?
Esango nuke hori dela problema. Akaso, egokiena ez da hiru orduko opera batekin hastea. Agian, hobe litzateke lehen aldi hori beste zerbaitekin egitea: ordubeteko kontzertu batekin, elkarrizketa bat duen emanaldi batekin… Lehen pausoa inportantea da, eta gu horretan eragiten saiatzen gara.
Orkestrak 2018an hasi zuen bidea. Zu zeu izan zinen sortzaile. Zer hutsune bete nahi zenuen?
Esan beharra dut bidearen hasiera oso desinteresatua izan zela nire partetik. Garai hartan, zuzentzen ikasi nahi nuen, eta, azken finean, orkestra izan zen hori lortzeko aurkitu nuen erreminta modukoa. Halere, berehala ikusi genuen Iruñean hutsune bat zegoela, eta ohartu ginen guk bete genezakeela hutsune hori, gazte orkestra batekin.
«Ikusi genuen Iruñean hutsune bat zegoela, eta ohartu ginen guk bete genezakeela hutsune hori, gazte orkestra batekin».
Zein zen gabezia, zehazki?
Iruñean, bada kontserbatorio profesionala, baita goi mailakoa ere, eta, hala eta guztiz ere, uste dut ez zaizkiela ematen behar beste aterabide. Iruditzen zait Iruñeko bizitza kulturalak asko egin duela hobera azken urteotan, oso bizi dagoela, baina toki bat egin beharko litzaieke musikari gazte horiei guztiei.
Askotariko generoak lantzeko apustua egin izan duzue maiz.
Bai. Gogoan dut musika klasikotik kanpo egindako lehen proiektua: bideo jokoen musika grabatu genuen. Gero, adibidez, bira bat egin genuen heavy talde batekin, eta metal sinfonikoa deitzen zaion genero bat landu genuen haiekin. Gainera, opera eta rapa uztartzen dituen proiektu batean ere aritu gara.
«Opera eta rapa uztartzen dituen proiektu batean ere aritu gara».
Pandemia aurreko erritmoari ezin eutsi zaiola ikusita, erronka handia da motibazioari eustea?
Motibazioari eustea gero eta zailagoa da, batez ere orain, proiektuak eta kontzertuak oso noizbehinka egiten baititugu. Garai batean, ohituak geunden ia astero lanean ibiltzera. Hori bai: elkartzen garenean izaten dugun energia hamar aldiz handiagoa da orain. Gogoa askoz ere nabarmenagoa da. Hori oso positiboa da.
Jatorrizko artikuluak
- «Musika klasikoak elitista dirudi; hori aldatu nahi dugu» Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza | |