Mikel Aiestaran: «Zatiketen hiria da Jerusalem»

  • Albistea entzun

Sei urte daramatza familiarekin Jerusalemen bizitzen Mikel Aiestaran kazetariak (Beasain, Gipuzkoa, 1975), eta hiriari buruzko liburu bat idazteko garaia dela sentitu du: Jerusalen, santa y cautiva (Jerusalem, santua eta gatibua). Orain arte lanik handiena eman dion liburua izan da, ez baita erraza Jerusalem zer den azaltzea.

Zaila da liburua definitzea: kronika bat, historiaz jantzia, bizipen pertsonalekin eta informazio praktikoarekin osatuta. Poliedrikoa da.

Jerusalem poliedrikoacloseAurpegi askotarikoa. da, eta liburu batean jaso nahi nuen. Jerusalemdik beti gauza paranormalak, harrigarriak, ezohikoak etortzen dira, bai politikatik, bai erlijiotik; baina Jerusalemen gauza arruntak eta toki arruntak ere badaude, jendea bizi da, eta horiek ere sartu ditut.

Herrialde nagusietako hiriak kenduta, Jerusalem da munduko hiririk ezagunena?

Mendebaldean bai. Gure heziketa judu-kristaua izan da, eta txiki-txikitatik beti azaltzen zaigu Jerusalem. Asiako lankideentzat, heziketa judu-kristaua jaso ez dutenentzat, ordea, ez da hain ezaguna.

Erlijioagatik ez ezik, gatazkagatik ere bada ezaguna.

Bai, sortu zenetik kontrolatu nahi izan dute kristauek, musulmanek eta, orain, juduek.

Azaltzeko hiri zailenetakoa da?

Kanpotik ikusita, hiria taldeetan banatuta dago: juduak hemen, kristauak hor, musulmanak han... Baina, pixka bat gerturatzen zarenean, talde bakoitza ere zatituta dago. Inon ez dut ikusi halako zatiketarik. Zatiketa amaigabeen hiria da. Konturatzen zara guztiak batera bizi direla, baina ez nahastuta: bakoitza bere munduan bizi da. Egutegi ezberdinak dituzte, ate ezberdinak erabiltzen dituzte Hiri Zaharrean sartzeko, denda ezberdinetan egiten dituzte erosketak... Kalean etiketa batekin joatea bakarrik falta zaigu.

«Konturatzen zara guztiak batera bizi direla, baina ez nahastuta: bakoitza bere munduan bizi da».

Mikel Aiestaran (kazetaria)

Sei urteren ondoren ere, atzerritar sentiarazten zaituzte?

Bai. Ez gara juduak eta ez gara musulmanak.

Burbuila batean bizi zarete?

Atzerritarren burbuilan. Lekukoak gara. Gatazka ikusten eta usaintzen dugu, baina ez dugu sufritzen.

Kazetari ezaguna zara, komunikabide garrantzitsuentzat lan egiten duzu, eta sariak ere jaso dituzu. Hala ere, diruari dagokionez, esaten duzu harlauzacloseHarri handi eta pisutsua. bat bizkarrean harturik hasten duzula hilabete oro.

Beti horrela egin dut lan: ez dut talde erraldoirik atzetik, sekulako baldintzak emango dizkidanik. Nire erabakia izan zen nazioarteko berriemailea izatea, eta nik erabaki nuen hona etortzea. Bai, erronka bat da hilabete bakoitzean aurrera ateratzea. Zaila da, baina nik daukadan askatasun sentsazioak ez du preziorik. Libre sentitzen naiz erabakiak hartzeko, lanak aukeratzeko edo ezetz esateko.

Liburuak badu nazioarteko berriemaileen lana desmitifikatzeko asmorik? Eguneroko bizimoduaren zertzelada batzuk ematen dituzu.

Desmitifikatzeko eta gerturatzeko. Mundu honetan sartu nintzenean, oso mitifikatua nuen lanbide hau, baina azkenean konturatzen zara gauzak normalagoak direla eta pertsona normalak garela.

 «Mundu honetan sartu nintzenean, oso mitifikatuta nuen lanbide hau, baina azkenean konturatzen zara gauzak normalagoak direla».

Mikel Aiestaran (kazetaria)

Duela urtebete, Ana Alba kazetari eta laguna hil eta gero, Jerusalem uzteko garaia zela planteatu zenuen. Ideia hori hor dago oraindik?

Ez zait gustatzen bertan goxo egotea. Beti daukat buruan nire lana ez dela oso ona... Martirio horrekin nabil egunero. Baina familia bat gara, eta taldearen erabakia da. Oraingoz, hemen jarraitzeko intentzioa dugu, baina aldaketaren aukera hor dago beti. Zaila izango da Jerusalemen moduko leku bat topatzea.


Jatorrizko artikuluak