Matxismoa

Onintza Enbeita |
  • 100 hitz
  • Albistea entzun

Onintza Enbeita bertsolari eta kazetaria azaroaren 25ari begira jarri da iritzi artikulu honetan: Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari begira, hain zuzen ere. Salatzen du gizarte eredu gehienetan dagoela matxismoa. 

Bukle batean sartu naiz azken astean. Ordainpeko telebistak aukeratzeko aukera ematen duenez, emakumeen kontrako indarkeria kasuei buruzkoak ikusi ditut: dokumentalak, benetan gertatutako zerbaitetan oinarritutako filmak eta fikzioa. Ez dakigunik apenas dagoen ezer: hurbilekoak izaten dira askotan erasotzaileak, behin eraso egiten duenak berriro ere egiten du, anaidiak elkar babesten du, biktima bakarrik gelditzen da gehienetan, poliziak ez du oso agerikoa dena baino sinisten, abokatu askok fama baino ez dute nahi, jendeak biktimarekin dagoela esaten du erasotzailea ezagutzen ez badu, epaiketak biktimaren birbiktimizazioa izaten dira, ia beti da biktima gertaera frogatu behar duena...

«Jendeak biktimarekin dagoela esaten du erasotzailea ezagutzen ez badu».

Erasoa jasaten duten emakumeak desberdinak izaten dira askotan: aberatsak, pobreak, politak, gazteak, zuriak, zaharrak, beltzak, langileak, amak, alabak, lodiak, famatuak... Berdintzen dituen bakarra alua izatea da. Berdin esan genezake gizonei buruz ere: gizon izateak edo genital maskulinoak izateak berdintzen ditu erasotzaile guztiak. Hamabost egun barru ez dakit zenbat gauza entzungo ditugun, baina uste dut oinarria ez dugula ahaztu behar. Eraiki ditugun gizarte eredu gehienetan —guztietan esatea asko izan daiteke (edo ez)— egon da eta dago matxismoa.

Jatorrizko artikuluak

  • Matxismoa Onintza Enbeita | BerriaIkasgela |