Matematikak bizitzako esparru guztietan daudela esan izan dute maiz. Hala ere, eskola garaian, kosta egiten da lotura egitea matematikaren eta egunerokoaren artean. Gizartea aldatzearekin batera, irakasteko moduan aldaketak egiten hasi dira, eta, pixkanaka, «praktikotasunerantz» jo dute.
Sarritan, matematika ez da oso irakasgai gozagarria izaten ikasleentzat. Zergatik egiten zaie, baina, horren irakasgai desatsegina? Izaskun Baro EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak argi du zergatia: «Matematika modu teorikoan eta abstraktuan irakasteko joera dago, eta, ikasleak ez badu ulertzen zer egiten ari den, oso zaila da irakasgaia gustuko izatea». Iera Arrieta lankidea ere bat dator Barok dioenarekin: «Eragiketak egitera baino gehiago, erabilpenera jo beharra dago: matematikaren alde praktiko hori lantzea da gakoa».
Maite Gomez, Leire Arana eta Aritz Larreta Ikastolen Elkarteko matematika alorreko sortzaileek, berriz, azaldu dute adierazpen horrek «mitotik» ere baduela: «Beti esan izan da matematika arlo ulergaitza eta zaila dela. Egia da matematikak, izan, badituela alderdi zailagoak, baina ez abstrakziorako gaitasuna izatea eskatzen duten beste zenbait arlok baino gutxiago».
Myriam Iralde Seaskaren Baionako Etxepare lizeoko matematika irakasleak uste du pertzepzio hori aldatzeko beharrezkoa dela irakasteko moduan aldaketak egitea.
Adibide errealak, esperimentazioa eta jolasa
Ikasgelako lau paretetatik kanpo, eguneroko bizitzako hainbat alorretan ageri dira matematikak. Are gehiago, «edonon» dago diziplina hori, Baro eta Arrieta irakasleen arabera: «Erosketak egiterakoan, telefonoz deitzerakoan... Ezingo ginateke bizi matematikarik gabe». EHUko bi irakasleek aitortu dute beraientzat «errazagoa» dela egunerokoarekin lotura egitea, Lehen Hezkuntzarako matematikaren didaktikan zentratzen direlako: «Lehen Hezkuntzan errazagoa da, baina, ikasmailek aurrera egin ahala, abstrakzio handiagoa eskatzen dute, eta, ondorioz, zailagoa da egunerokoarekin lotura egitea».
EHUko irakasleek azaldu dute material manipulagarrien erabilpena bultzatzen ari direla: «Izan ere, zenbat eta zentzumen gehiago erabili, orduan eta hobeto barneratzen ditugu edukiak». Iralde ere manipulazioaren aldekoa da. Haren ustez, hiru dira matematikak irakasteko oinarrizko ezaugarriak: manipulazioa, interakzioaren bitartez manipulazio hori hitzez adieraztea, eta, azkenik, emaitzak.
«Zenbat eta zentzumen gehiago erabili, orduan eta hobeto barneratzen ditugu edukiak».
Iera Arrieta Maitematika blogaren sortzailea ere bada. Teoria hutsa alde batera utziz, ikasgaia modu erakargarri batean aurkeztea da haren helburua. Izan ere, jolasen bidezko irakaskuntzaren aldekoa da bera, «ikasleak geroz eta motibatuago egoteko eta irakasgaiaren gaineko interesa pizteko». Blogean, matematikari buruzko proposamenak jasotzen dira, irakasleek ideiak hartu eta euren saioetan erabil ditzaten.
Plazeraren ideia «biziki garrantzitsua» da Etxepare lizeoko irakaslearentzat: «Niretzat porrota da ikasle batek paso egiten badu; ikasle guztiak motibatzen saiatu behar dugu: ahal bezainbeste jarduera, testuinguru, eredu proposatu behar ditugu». Bestalde, irakasleen arteko elkarlana nabarmendu du: «Liburuen menpe egoteari utzi eta metodo pedagogiko berriak sortu behar dira, elkarlanean: matematikak zerbait bizia izan behar du, ez formula soil bat».
Jatorrizko artikuluak
- Matematikak maitatzen ikasten Olatz Enzunza Mallona | |