Milaka euskaldunek eta euskaltzalek parte hartzen dute Korrikan; hari buruzko xehetasunak bildu dituzte 'Mantangorri' gehigarriaren erreportaje honetan.
Zer da Korrika?
Bi urtez behin euskararen alde egiten den egitasmo bat da Korrika. Zenbait egunez, milaka euskaldunek Euskal Herria zeharkatzen dute lasterka, goizez zein gauez, etenik gabe.
Nork antolatzen du?
AEK-k antolatzen du Korrika, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak; 40 urte daramatza AEK-k helduak euskalduntzen, euskal herritar orok euskaraz jakin eta erabiltzea baitu helburu. Hainbat herritan dituzte euskaltegiak, baina ez hori bakarrik: «Ezin dugu ahaztu AEKn Euskal Herri osoan jarduten garela, eta, irakaskuntzaz gain, normalizazioari begira dauden gainerako jarduerak ere badauzkagula». Besteak beste, Praktikatu izeneko zerbitzua daukate, euskararen erabilera sustatzeko; gainera, hizkuntza aholkularitzarako zerbitzua ere eskaintzen diete enpresei, Ahizeren eskutik.
Zer helburu du Korrikak?
Euskararen aldeko kontzientziak pizteko egiten da Korrika. Dena den, aldarrikapenak egiteko aukera ez ezik, AEKren diru iturri nagusietako bat ere bada; izan ere, kilometro baten ardura duten eragile, talde eta norbanakoek erosi egiten dute kilometro hori, AEKrentzat dirua biltzeko.
Euskararen aldeko kontzientziak pizteko egiten da Korrika. AEKren diru iturri nagusietako bat ere bada.
Nola sortu zen?
1979an sortu zen AEK, eta diru premia larria zeukan, garai hartan ez baitzuten diru laguntzarik. AEK-ko batzordeak erabaki zuen dirua biltzeko kanpaina bat bultzatzea. Jakin zuten Club Deportivo Bilbaok lasterketa bat egiten zuela Bizkaian, txandaka. Ideia gustatu zitzaienez, pentsatu zuten horrelako lasterkaldi bat Euskal Herri osoan egitea, egunez eta gauez. Askok zoratuta zeudela pentsatu bazuten ere, dena antolatu, eta 1980ko azaroaren 29an abiatu zen lehen Korrika, Oñatitik (Gipuzkoa); Bilbon amaitu zen, hitzartu baino 15 minutu geroago soilik.
1980ko azaroaren 29an abiatu zen lehen Korrika, Oñatitik (Gipuzkoa); Bilbon amaitu zen.
Nork sortu zuen lekukoa?
Kilometroz kilometro, Korrikako parte hartzaileek lekukoa pasatzen diote elkarri; barruan mezu bat eraman ohi du, eta amaiera ekitaldian irakurtzen da. Remigio Mendiburu eskultoreak diseinatu zuen lekukoa: Juan Gorritiren tailerrera joan zen, diseinatzeko inspirazio bila. Gorritik almaiz bat erakutsi zion, baratxuria txikitzeko erabiltzen zen tresna bat. Gustatu zitzaion, eta hori oinarri hartuta sortu zuen lekukoa. Dena den, Gorritik moldatu egin zuen ondoren, hasierako lekuko hura ez zelako harian ixten, torlojuak bezala, eta barruko mezua galtzeko aukera zegoelako. Gaur egun, Gorritiren lekuko hori erabiltzen da.
Lehen Korrikan, Rikardo Arregiren ezkutuko mezua zeraman lekukoak, baina galdu egin zen. Julen Madariagak hutsik zegoela ikusi zuenez, AEKren diskurtsoak eman zion amaiera. Hurrengo Korrikan irakurri zuten Arregiren idatzia, Donostiako amaiera ekitaldian.
Jatorrizko artikuluak
- Lekukoa eskuz esku Mantangorri gehigarria | |