Martxelo Otamendi: «Euskal kulturaren begi ninietako bat izan zen 'Euskaldunon Egunkaria'»
Pello Zubiria eta Iñaki Uriaren ostean, Martxelo Otamendi (Tolosa, Gipuzkoa, 1957) izendatu zuten Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari, 1993ko ekainean. Itxiera arte izan zen zuzendaria, eta BERRIAko zuzendaria da hura sortu zenetik.
Nola gogoratzen duzu euskara hutsezko egunkariaren sorrera?
Garai hartan, Babel saioa aurkezten nuen ETBn, Hasier Etxeberria zuzendari zela. Grabazio egun baten ostean —1990eko abenduaren 5ean izango zen—, Lasarteko egoitzara joatea proposatu zuen Etxeberriak, orduan ariko zirelako Egunkaria-ren lehenengo zenbakia egiten.
Zer moduzko giroa zegoen?
Festa handi bat edo ospakizun bat aurkitzea espero nuen, baina langileak topatu nituen lanean. Xanpain botila batzuk, Txillardegik eramanak —gu iristerako jada ez zegoen han—, eta pizza batzuk, baina haiek lanean ari ziren. Eta ni nire baitan: sekulako kanpaina egin dute, herriz herri ibili dira... Eta Euskaldunon Egunkaria jaio den egunean, badirudi hemen ez dela ezer gertatu.
Nolako egoera topatu zenuen zuzendari izendatu zintuztenean 1993an?
Euskarazko egunkaria egiteko sekulako ahalegina egiten ari zen giza talde bat topatu nuen. Bazeukan administrazio batzuen laguntza —Gipuzkoako Diputazioarena, esaterako—, baina ez Eusko Jaurlaritzarena: boikot closeJarduera jakin bat oztopatzeko antolatzen den ekintza.egoera irrazional bat zen hura. Baina ilusio handia zeukan jendea topatu nuen, oso baldintzatuta zeuden arren: euren lan gaitasuna ezin zabalduz, ezin hedatuz, egoera ekonomiko estu eta larriak eraginda.
«Euskarazko egunkaria egiteko sekulako ahalegina egiten ari zen giza talde bat topatu nuen».
Boikot egoera horri buelta ematea lortu zen.
1994an, mugimendu batzuk izan ziren Eusko Legebiltzarrean. Gogoratzen dut Mario Onandiak eta PSE-EEk presio handia egin ziotela EAJri, horrela jarraitzea ez zela posible adieraziz. Jaurlaritzak, ikusi zuenean ezin zuela hondoratu egunkaria, gutxienez zer edo zer laguntzea erabaki zuten. Horrela sinatu zen 1994ko akordioa. Gero, ez ziguten urrerik oparitu, baina, gutxienez, egoera itogarri hartatik ateratzeko balio izan zuen.
Bost urteko tartean itxi zituzten Egin [1998an] eta Egunkaria [2003an]. Zer analisi egiten duzu?
Adierazpen askatasunari egin dakiokeen erasorik larriena egin zitzaien bi egunkariei: komunikabideak itxi eta zuzendaritzak atxilotu. Gainera, horren akusazio larriak eginez [ETArekiko lotura]. Beti esan izan da egunkariak erosleek bakarrik itxi behar dituztela, ez poliziek. Biak izan ziren une oso gogorrak Euskal Herriaren historian, eta Europan adierazpen askatasunari egindako erasorik handienetakoak, handienak ez badira.
«Une oso gogorrak izan ziren Euskal Herriaren historian 'Egin' eta 'Egunkaria'-ren itxierak, eta Europan adierazpen askatasunari egindako erasorik handienetakoak, handienak ez badira».
Motibazio desberdinak izan ziren, dena den, bi egunkarien itxieretan. Egin bazen, Espainiarentzat, tresna informatibo kezkagarri bat: jarrera politiko nabarmen bat zeukan, Hego Euskal Herrian biztanle guztiengana irits zitekeen, eta Espainiako hiri nagusietan saltzen zen. Euskal Herriaren ikuspegi jakin bat ematen zion irakurleari, medio handietan ateratzen ez zena. Horregatik itxi zuten. Gurea txikiagoa zen, euskarazkoa, eta salmenta gutxiago genuen.
Zergatik itxi zuten, orduan, Egunkaria?
Eraso ziezaieketen aukera guztietatik, zerrendako ahulena jotzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak. Garrantzi edo eragin ahalmen gutxiena zeukana, eta, aldi berean, enblematikoenetakocloseOspetsu, entzutetsu, ezagun.
bat zena. Euskaldunon Egunkaria izan zen —eta BERRIA bada— euskal kulturaren begi ninietako bat. Inork espero ez zuen pieza bati egin zioten eraso, jendeari abisu bat eman nahian. Urte haietan, Euskal Herriko alderdi abertzaleen hiztegi politikoan Ibarretxeren plana, autodeterminazio edo independentziarako eskubidea zeuden. Itxiera, atxiloketak, inkomunikazioa, tortura, espetxea... Hori guztia egin zuten erakusteko noraino iristeko prest zeuden. Mezu hori bidali zuen Espainiako Gobernuak, eta jendeak ulertu egin zuen.
« ['Egunkaria' itxita] Inork espero ez zuen pieza bati egin zioten eraso, jendeari abisu bat eman nahian».
Jendeak emandako elkartasuna eta babesa izugarria izan zen.
Akusazioak oso larriak ziren, eta tartean zeuden Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Martin Ugalde bezalako jendea. Euskal Herriko paisaian prestigio handiko jendea da. Eta haiek ETAko kide zirela esatea jende askorentzat marra gorria pasatzea izan zen. Jende askok ikusi zuen bere burua babesteko aukera Egunkaria babestuta. Jendea Egunkaria ixtearen kontra atera zen kalera, baina baita bere alderdi politikoa, sindikatua, eskola eredua, bere kooperatiba eredua edo bere finantza eredua babesteko ere.
Nolakoa zen hamahiru urtez kioskoetan egon zen Egunkaria?
Oso proiektu ona eta txukuna zen. Ordukoa zen, garai hartan zeuden baliabide ekonomikoekin egina. Salmenta maila interesgarria zuen. 1994az geroztik, hazkunde fasean zen: Lasartetik Andoainera etorri ginen, gehigarriak egiten hasi ginen, orri kopuruak gehitzen eta, beraz, langile gehiago hartzen. Heltzen ari zen, heldu bihurtzen: sendo geundenean eman ziguten egurra.
Itxieran, gure jendeak gaitasuna erakutsi zuen, sendotasuna, irmotasuna, konbentzimendua, ausardia eta arriskua asumitzeko borondatea. «Ez gara etxera joango: dakiguna egingo dugu, eta gaur egingo dugu, ez dugu bihar arte itxarongo», esan zuten. Sendotasun hori bazuten langileek Egunkaria-tik, eta horregatik egin ahal izan zuten Egunero hurrengo egunean.
«Itxieran, gure jendeak gaitasuna erakutsi zuen, sendotasuna, irmotasuna, konbentzimendua, ausardia eta arriskua asumitzeko borondatea».
Zeintzuk dira BERRIAren erronkak?
Modu sendo batez komunikatzen jarraitu behar dugu, erreferentzialtasuna izanez eta jendea bilduz gure informaziora. Gizartearen ikuspegitik, BERRIAlagun deitzen dugun komunitate hori biltzen eta trinkotzen jarraitu behar dugu. Ikuspegi teknologiko profesional hutsetik, oso erne egon behar dugu kontsumo, teknologia eta gizarte aldaketei usaina garaiz hartu eta garaiz erantzuteko. Oso erne egon behar dugu mugimendu soziologikoak norantz mugitzen diren sumatzeko. Hor egon, baina garbi edukita etxe barruan segitu behar dugula sendo lanean, trinko, gorputz sendo batekin, jendea proiektuarekin identifikatuta egonik.
Jatorrizko artikuluak
- «Ahulena jotzea erabaki zuten» Berria | |