Marteko lehen irudiak bidali ditu Txinako 'Zhurong' ibilgailuak
Marten ondo lur hartzea lortu duen bigarren herrialdea da Txina. Lehen saioan lortu du, bederatzi minutuan. Argazkietan ikusten denez, Zhurong-ek eguzki plakak zabaldu ditu, haien bidez energia lortzeko.
NASAren Perseverance ibilgailuak baino ikuskizun eta ikusgaitasun txikiagoarekin, Txina ere iritsi da Martera (Perseverance-k otsailaren 18an lur hartu zuen). Txinaren zunda bat Marteren orbitan bueltaka zebilen otsailetik, eta, maiatzaren 14an, jaitsiera modulua zundatik askatu zen, eta lur hartu zuen Marten, Utopia Planitian zehazki.
Jaitsiera modulua Marten dago, eta moduluaren gaineko ZhurongcloseTxinako mitologiako suaren jainkoaren izena.
rover motako ibilgailua jaistea falta da orain. Jarriak dituzte jada bi arrapala, ibilgailuaren gurpilak bertan sartzeko eta jaisteko. Argazkietan ikusten denez, Zhurong-ek eguzki plakak zabaldu ditu, haien bidez energia lortzeko. Marten ohikoak dira hauts ekaitzak, eta arazoak eragin izan dituzte NASAren zenbait ibilgailuren eguzki plaketan, estali egin dituztelako. Zhurong-ek eguzki plaketatik hautsa kentzeko sistemak ditu, bai hautsa aldaratuz, bai plakak zutik jarriz eta hautsa eroraraziz.
Marten ohikoak dira hauts ekaitzak, eta arazoak eragin izan dituzte. Zhurong-ek eguzki plaketatik hautsa kentzeko sistemak ditu.
240 kilokoa da Zhurong (Perseverance, berriz, tona batekoa). Halako misioetan ohikoa den tresneria du: kamerak, radarrak (lur azpian izotza atzemateko) espektrometroak (harrien eta mineralen osagai kimikoak jakiteko), estazio meteorologikoa...
Txina Martera iristea lorpen historikoa da. Historikoa, Marten lurreratzea prozesu korapilatsua delako: zundak abiadura handian jaisten dira; Marteko airea Lur planetakoa baino finagoa da, baina marruskadurak bero handia eragiten du han ere; abiadura moteltzeko, paraxuta zabaldu behar da; paraxuta askatu eta gero, retromotorrekin kontrolatu behar da abiadura; eta gozo-gozo lur hartzen saiatu behar da. Hori guztia, aldez aurretik programatutako sekuentzia baten bitartez, Lurretik eragiteko aukerarik gabe. Eta abiadurak, beroak eta kolpeak tresneria hondatu gabe. Izuaren minutuak deitu izan diete. Txinarentzat, bederatzi izan ziren.
Txinak zunda bat eta rover ibilgailu bat ditu Ilargiaren ezkutuko aldean. Hiru astronauta bidaliko ditu.
Historikoa da, halaber, Txinak ez daukalako beste herrialde batzuen —nagusiki AEBen— eskarmenturik espazioaren esplorazioan. Hala ere, urte gutxian sekulako urratsak egin ditu. Txinaren espazioko programak beste bi zutabe nagusi ditu: Ilargia eta espazio estazioa. Txinak zunda bat eta rover ibilgailu bat (Yutu 2) ditu Ilargiaren ezkutuko aldean. Ilargian 1,7 kilo lagin bildu eta Lurrera ekartzea lortu zuen iazko abenduan. Espazio estazio propioaren modulu nagusia bidali zuen apirilaren amaieran, eta hiru astronauta bidaliko ditu. Espazio estazioan astronautak edukiko ditu, etengabe, hurrengo urtetik aurrera, ISS Nazioarteko Espazio Estazioan gertatzen den moduan.
Jatorrizko artikuluak
- Marteko lehen irudiak bidali ditu 'Zhurong' ibilgailu txinatarrak Jakes Goikoetxea | |