Markos Zapiain: «‘Maite zaitut, fonema’, esan zezakeen Txillardegik»

Txillardegi hizkuntzalari liburua plazara atera berria du Markos Zapianek (Irun, Gipuzkoa, 1964). Bigarren Hezkuntzan filosofia irakasten egin du lan ibilbidea, eta propio ikasle gazteei Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari eta idazlea nor izan zen jakinarazteko egindako lanketa bat izan zen liburuaren abiaburua.

Zure ustez, zer dakite oraingo gazteek Txillardegiren inguruan? Zer jakin behar lukete?

Gauza handirik ez dakite, zoritxarrez. Beharrezkoa da, eta ez bakarrik euskal literatura edo euskara irakasteko orduan: filosofian ere bai, hizkuntzaren filosofia indartsu bat baitzeukan Txillardegik.

Liburuan aipatu duzu euskararekin zuen harreman «oinazetsuacloseMingarria.
». 1929an jaio zen Txillardegi, Donostian, eta euskaldunak zituen gurasoak, baina etxean ez zuen euskararik jaso: gerora ikasi zuen. Horrek arrastoa utzi zion. Agerikoa da haren hizkuntzaren filosofian ere?

Bai, modu oinazetsuan maite zuen euskara. Baina esan zezakeen «Maite zaitut, fonema» ere. Fonema ere maite zuen. Hamarraldiz hamarraldi, badu harreman apasionatu bat fonemarekin; hau da, ez euskararekin bakarrik, batez ere euskararekin, baina baita edozein hizkuntzaren ezaugarri unibertsalekin ere. Baina, bai, esaten zuen: «Sunbillako lagunek, Oñatiko lehengusuek, Igara eta Aieteko baserritarrek erabiltzen duten hori zer arraio da? Gurasoek badakite eta ez didate transmititu. Hemen badago zerbait oso-oso arraroa. Ikertu behar dut zer gertatzen den». Eta Txillardegiren ikerketaren ondorioa izan zen zerbait oso bidegabea gertatzen ari zela: herri baten heriotza. Zenbaitentzat, herriak sortzen dira eta desagertzen dira, espezie naturalak sortzen dira eta desagertzen dira, inperioak ere sortzen dira eta desagertzen dira... Ez dugu esajeratu behar. Txillardegik, ordea, ez zuen horrela ikusten: ikusten zuen zerbait egin ahal dugula oraindik, gure erosotasuna sakrifikatuz gero.

«Txillardegiren ikerketaren ondorioa izan zen zerbait oso bidegabea gertatzen ari zela: herri baten heriotza».

Markos Zapiain (filosofoa)

Hain zuzen ere, tentsioaren aldekoa da Txillardegi, ezta?

Bai, ez zaio iruditzen tentsioa saihestu behar denik aurrez aurreko harremanetan, kalean. Espainiarrek eta frantsesek sumatu behar dute hemen gaudela euskaldunak, eta horrek tentsioa sortzen badu, ba, aurrera. Gure egoera diglosikocloseBi hizkuntza diren lurraldeetan, bata eginkizun jasoetarako eta bestea apaletarako erabiltzen direnean gertatzen den egoera.
an, iruditzen zaio hori dela borroka bide bakarra.

Zer bide egin zuen Txillardegik hizkuntzaren filosofo moduan?

Kontra egin zien, batetik, jeltzaleen artean nagusi ziren zakuzale deitutakoei. Haiek esaten zuten: «Berdin dio zaldi zein caballo esan. Ez da hain garrantzitsua. Azken batean, zer da hizkuntza bat: zaku batean sartutako hitz bilduma bat». Bestetik, Txillardegik kontra egiten zien klasea herriaren gainetik jartzen zutenei ere; haiek pentsatzen zuten klaseak erabakitzen duela mundu ikuskera, eta ez hizkuntzak. Txillardegik pentsatzen zuen, ordea, hizkuntzak erabakitzen duela, batez ere, mundu ikuskera. Eta Txillardegik eta marxistek izan zituzten eztabaiden eraginaren oihartzun nabarmenak daude gaur egun, adibidez, GKSkoen eta Ernaikoen artean dauden eztabaidetan; esaldiak hitzez hitz errepikatzen dira askotan.

«Txillardegik eta marxistek izan zituzten eztabaiden eraginaren oihartzun nabarmenak daude gaur egun, adibidez, GKSkoen eta Ernaikoen artean dauden eztabaidetan».

Markos Zapiain (filosofoa)

Txillardegik ezagutza oso handia zuen garai hartako filosofoek ziotenaren inguruan. Hori agerian uzteko ahalegina ere egin nahi izan duzu?

Oso ondo ezagutzen zuen garai hartako hizkuntzalarien lana: Edward Sapir, Roman Jakobson, Ferdinand de Saussure... Gero, biologoei esker topatu zuen hizkuntza ez dagoela matematiketan bakarrik, edo ordenagailuetan, edo giza mintzairan, edo mitologian, edo totemismoacloseTotemean oinarrituriko sinisteen eta gizarte egituren sistema.
n, baizik eta bizitzan...

Biologiaren funtscloseMuin.
berean?

Hori da. Guk bagenekien idazten dugula, baina biologiak erakutsi digu idatzita gaudela.

Gure DNAn...

Hori da: testua gara. Molekulek bazekarten hizkuntza, eta hizkuntza, gainera, ez da metafora bat: hizkuntza bat da. Badauka nolabait ere azpiegitura sistematiko bat esanahirik gabea, baina esanahiak bideratzen dituena.

Liburuan propio aipatu duzu soziolinguistikaren arloan egin zuen ekarpena ere. Matematikaren bidez aztertu zuen. Haren ekarpena gaur egun Iñaki Iurrebasok egin duenarekin lotu duzu. Lotura argia da bien artean?

Bai, Txillardegik soziolinguistika matematiko bat asmatu zuen, gizarte diglosikoetan aplikatzekoa. Neurtu zuen gurea bezalako gizarte batean zenbat elkarrizketa gerta daitezkeen euskaraz, eta zenbat gertatzen diren derrigorrez gazteleraz. Baina ez zuen oinarri enpirikocloseEsperientziaren ondorio dena.
rik. Modu deduktiboclosePremisa batzuetatik abiatuz ondorioak ateratzeko modua.
an ondorioztatu behar izan zuen zer gertatzen zen, eta haren ondorioak bat datoz orain Iñaki Iurrebasok behetik gora, modu induktibocloseDatu jakinetan oinarrituta arrazoitzeko modua.
an, atera dituenekin.

Txillardegik argi eta garbi lotu zuen euskararen biziberritzea estatu baten egituratzearekin, eta haren ideiarik ezagunenetakoa da.

Bai, eta hori ez zuen bota magoak untxia kapelatik ateratzen duen eran; sakon ikertu zuen, historian zer gertatu den ikusteko, eta ia ez dago salbuespenik. Esaten du, adibidez, latina ez zela unbriera edo oskoera [hizkuntza italikoak dira biak] baino errazagoa, edo interesgarriagoa edo praktikoagoa, baina Erromako estatuak bere hizkuntza propiotzat hartu zuelako nagusitu zen, eta, inperioa desagertu zenean, ahulduz joan zen. Israelen erabat hilda zegoen hebreera, baina estatuak modu serioan bultzatu zuen, eta orain bizi-bizirik dago. Txillardegik argi ikusten zuen hori: estatuaren jabe denak aurrera egiten du.

«Txillardegik errespetu maximoa eskatzen zuen etorkin ekonomikoentzat, miseriatik ihesi zetozenentzat, eta baita eskubidea ere, beren hizkuntzari fidel izateko etxean, eta beren jatorrizko aberriari».

Markos Zapiain (filosofoa)

«Inposizioa» eta halako hitzak agertzen dira euskara lehenetsi behar dela esaten denean, eta migratzaileen egoerari ere erreparatzen zaio, haien egoera zaurgarriari. Txillardegik ere jardun zuen gai horretaz. Zer mezu nabarmenduko zenuke?

Txillardegik errespetu maximoa eskatzen zuen etorkin ekonomikoentzat, miseriatik ihesi zetozenentzat, eta baita eskubidea ere, beren hizkuntzari fidel izateko etxean, eta beren jatorrizko aberriari. Baina esaten zuen: «Euskaldunok ere errespetua merezi dugu». SimetriacloseOreka.
izan zedila eskatzen zuen. Baina Txillardegik, bihotzez, erabateko enpatia eta elkartasuna erakusten dio etorkinen borroka antikapitalistari.

Zer bide erabil daitezke Txillardegiren lana ezagutarazten jarraitzeko?

Irakaskuntzan gero eta material gehiago dago Txillardegiren obraren inguruan. Ez legoke batere txarto Hizkuntza eta pentsakera eta halako liburuak gaurkotzea, Txillardegik berak egingo lukeen bezala, euskara batuaren arabera, eta online ipintzea.

Jatorrizko artikuluak