Mamutak berpiztuko dituela iragarri du ikerlari talde batek
Asiako elefantearen eta mamut iletsuaren arteko nahasketa litzateke, eta ikertzaileek esan dute haien bidez sor dezaketela duela 10.000 urteko tundraren antzeko ekosistema.
Zientzialari askok zalantzan jarri dute proiektu horren gauzatzea, eta askoren galdera da ea etikoa ote den jada galduak diren animaliak birsortzea.
Mamutak munduan galdu eta 4.000 urtera, haiek birsortzeko gai direla azaldu dute George Church eta Ben Lamm zientzialariek. Dena den, proiektuak aurrera eginen balu, ez da izanen garai bateko mamut iletsua Siberian biziko litzatekeena. Ez erabat, behinik behin. «Argi dugu mamutaren eta Asiako elefantearen arteko hibrido bat izanen dela, mamut iletsuaren fenotipoakcloseEdozein organismoren ezaugarri behagarriak.
agertuko dituena», azaldu du Lammek.
Mamut horien bizilekua Pleistozenoko parkea izan daiteke. Siberiako iparraldean dagoen gune itxi bat da parke hori, eta han utzi nahi dituzte mamutak. «Uste dugu gure lanari esker aberastuko dugula ekosistema hondatua, eta duela 10.000 urteko tundraren antzekoa lortu», azaldu du Lammek. Hark azaldu duenez, mamut iletsua «funtsezko espeziea» zen tundra hartan, eta animalia hura galdu izanak «hutsune ekologiko bat» utzi zuen, gaur-gaurkoz ez dena bete. «Gaur egun, Artikokoa emankortasun txikiko eta bioaniztasun eskaseko paisaia da».
«Uste dugu gure lanari esker aberastuko dugula ekosistema hondatua».
Mamut hibridoak
Mamutaren 60 gene berezi txertatuko dituzte Asiako elefantearen genoman, hotzera hobeki egokitu dadin. Gene horiek txertatuta, fenotipo aldaketak eraginen lizkiokete elefanteari: gizendu, ilea luzatu eta sebo guruinak garatu; gisa horretan izanen luke, halaber, ganga formako burezurra, belarri eta buztan motzagoak, eta hotzari egokitutako hemoglobina, O2a eraginkorrago transferitzeko. «Horrela, Artikoko tundran ibiltzeko gai izanen da; bere arbasoen inguruan, alegia». CRISPR closeErrepikapen Palindromiko Labur Elkartuak eta Erregularki Tartekatuak.
eta genomaren ingeniaritza teknologiaren beste teknika batzuk erabiliz eginen dute hori.
Ainara Castellanos EHUko irakasleak azaldu du zertan datzan CRISPR teknologia: «Aukeratzen duzu genomaren zati bat, artazi molekular batzuekin mozten duzu, eta aldatu dezakezu beste batekin. Kasu honetan, nahi dute elefantearen genoman gene batzuk kendu eta beste batzuk sartu».
Lammek kontatu du Asiako elefantearen genomaren ediziotik animalia horren zelula bat aterako dutela, mamut iletsuak hotzari aurre egiteko dituen gaitasunak adierazten dituena. Zelula horiek enbrioi bihurtuko dira, SCNTcloseZelula Somatikoen Transferentzia Nuklearra.
teknika erabiliz. Asiako elefante baten obuluari nukleoa erauzi ondoren, mamutaren antzeko zelularen nukleoa txertatuko liokete. Ernalketa simulatzen duten pultsu elektrikoak aplikatuz, obulua zatitzen eta hazten hasiko litzateke, eta enbrioi bilakatu.
Ez da sinplea, ordea, mamut hibrido horiek sortzea. Haurdunaldi subrogatu baterako aukerak aztertzen ari direla esan du Lammek. Izan ere, Asiako edo Afrikako elefante baten bidez egitea «aukera bideragarria» da mamut iletsuaren enbrioiarentzat, baina horrek arazoak dakartzala ere onartu du: «Ordezko elefanteen bidez mamut iletsu saldo bat hazteak presio handia eraginen luke gaur egungo elefante populazioetan».
Asiako edo Afrikako elefante baten bidez egitea «aukera bideragarria» da mamut iletsuaren enbrioiarentzat, baina horrek arazoak dakartzala ere onartu dute.
Horregatik, kontatu duenez, umetoki artifizialak sortzeko lanean ari dira, ama zelulekin sortutako ehuna erabiliz. Lammek dio modu horretan gai izanen liratekeela enbrioia in vitro hazteko erabat.
Ikerketa helburu, eztabaida etikoa abiapuntu
Zertarako berpiztu, baina, duela hainbeste urte galdutako animalia espezie bat? Lammek bere konpainiaren erantzuna eman du: «Mamuta berriz sortuz, aurrerapenak eginen ditugu kontserbazio genetikoan, populazio genetiken dinamiketan, DNA edizioaren zehaztasunean, ugalketarako zelula ingeniaritzan, eta aukera berriak eskainiko dizkiegu gizakien esku hartze suntsitzailearengatik patu zehatz bat duten espezieei».
Zientzialari askok, ordea, mesfidantzaz begiratu diote proiektuari. Castellanosek ere zalantzak ditu. Hori egiteko metodologia badagoela dio, baina ez du argi hori eginen ote duten azkenean. Hala ere, onartu du erabilgarriak izan daitezkeela garatu diren teknologiak eta jakintzak: «Agian, animalia galduekin ez, baina galtzear diren animaliak salbatzeko erabil daiteke».
«Agian, animalia galduekin ez, baina galtzear diren animaliak salbatzeko erabil daiteke garatu den teknologia».
Beste afera batzuetan ere egin ditzake ekarpenak: utero artifizialak, adibidez. «Lagungarria izan daiteke kasu batzuetan: pentsa amak gaixotasun bat duela eta umeak azkenean utero sintetiko bat behar duela; inkubagailu antzekoa litzateke, baina, zelula amekin eginda denez, bizia da».
Baina, zalantzarik gabe, etikak baldintzatu dezake proiektua gehienbat. «Ebaluatu beharko litzateke animalia bat bizitzara ekartzea etikoa den, ez baitakigu benetan nolakoa izango den, eta, gainera, galdu bazen, izango zen ez zuelako bizitzerik», uste du Castellanosek. Ez hori bakarrik: «Utero sintetikoa erabiltzen bada, animalia hauek ez dute amarik; eta kumeek lotura hori behar dute».
Jatorrizko artikuluak
- Izotz artetik, bizitzara Iker Tubia | |