Mamut baten arrastoak aurkitu dituzte Izturitzeko kobazuloan
Duela 30.000 urte inguruko mamuten, beste hainbat animaliaren eta tresnen arrastoak aurkitu dituzte Donamartiriko Izturitze haitzuloan. Europako lehen Homo sapiens-en arrastoak ez ezik, Neandertalgo gizakiren arrastoak ere badaude, adituen ustez.
Duela 29.000 urte baziren mamutak Euskal Herrian, eta Homo sapiens-ek ehizatu egiten zituzten. Dena dela, salbuespena zen ehiza mota hori: «Arrisku gutxiago zuten animalien bila joaten ziren. Baina Izturitze kobazuloko [Donamartiri, Nafarroa Beherea] arrastoak ikusita, baieztatu dezakegu mamutak ehizatzen zituztela», azaldu du Aritza Villaluenga EHUko irakasle eta ikertzaileak.
Mamut gazte baten omoplatoa edo sorbalda hezurra aurkitu zuten Christian Normand eta Alain Turq arkeologoek, Izturitzeko kobazuloan 1998an egindako indusketan. Iaz lortu zuten omoplatoaren lehenengo datazioa: duela 29.000 urte ingurukoa da. Uste dute mamuta haitzulotik kanpo ehizatu eta, gutxienez, haren aurreko hanka bat leizera eraman zutela, jateko. Mamut hezur gehiago ere aurkitu zituzten.
Mamutenak bakarrik ez, azken izotzaldiko faunaren arrastoak ere aurkitu dituzte: elur oreinak, zaldiak, bisonteak eta leizeetako hartzak. Suharrien markak ere bai hezur batzuen gainean, «haragia hezurretik banatzean egindakoak».
Donamartiriko Gazteluko muinoan daude Izturitze, Otsozelaia eta Erberua harpeak. Giza taldeak bizi izan ziren bertan Erdi Paleolitotik (Homo neanderthalensis) Goi Paleolitora (Homo sapiens). «Bizileku garrantzitsua izan zen», nabarmendu du Villaluengak. «Badakigu lehen sapiens-ak duela 43.000 urte egon zirela Europako hego-mendebaldean, eta Izturitzen aztarnak daude».
«Badakigu lehen sapiens-ak duela 43.000 urte egon zirela Europako hego-mendebaldean, eta Izturitzen aztarnak daude».
Haitzulo pribatuak, indusketak mugatuak
Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, lurren jabeenak dira kobazuloak. Izturitze eta Otsozelaia zabalik daude turistentzat: bisitatu daitezke. Ibilbide bat antolatua dute: 1953an eskailera bat eta tunel bat egin zituzten Izturitzetik Otsozelaira jaitsi ahal izateko, batetik sartzeko eta bestetik ateratzeko.
Aztarnategi aberatsa izanda ere, bertan egiten diren indusketak oso mugatuak dira. Alde batetik, jabetza pribatua duelako. Bestetik, induskatzeko eremua txikia delako. Villaluengak zuzentzen duen taldea ia bi mila metro koadroko gela batean ari da lanean. Horietatik 1.600 XX. mendearen lehen erdialdean induskatu zituzten —material arkeologikoak desagertuak dira—; 200-300 metro koadrotan ez dago lurrazalik; «eta, azkenean, 20-30 metro koadro geratzen dira induskatu gabe».
Villaluengaren taldeak bi metro koadroetan egin du lan hiru astez.
Villaluengaren taldeak bi metro koadro induskatzeko baimena eskatu zuen, eta bi metro koadro horietan lan egin du hiru astez. Izturitzeko haitzuloan nor bizi zen eta zer egiten zuen ulertzea da arkeologo taldearen helburua. Eremu txikia izan dute lanerako, baina informazio ona bil zezaketela uste zuten, eta material asko aurkitu dute: animalien eta gizakiek egindako tresnen arrastoak zenbatuta, 5.000 inguru, metro erdiko sakoneran.
Geruzaz geruza induskatuz, Aurignac aldiraino iritsi dira (duela 40.000-31.000 urte), Pirinioetan oso ondo ezagutzen ez den garai bateraino. Aurten hasitako zuloan sakonago joan nahi dute. «Hurrengo garaia Erdi Paleolitoa da, Neandertalgo gizakia».
Badakite Izturitzen Neandertalgo gizakiaren arrastoak daudela.
Badakite Izturitzen Neandertalgo gizakiaren arrastoak daudela: «1911n, zundaketa oso sakonak egin zituzten, zortzi metrokoak, eta Erdi Paleolitoko arrastoak zeudela esan zuten. Material hori galdu egin zen».
Jatorrizko artikuluak
- Mamutekin aurrez aurre Jakes Goikoetxea | |