Maialen Lujanbio: «Goizean falta izan nituen olatuak aldean izan nituen arratsaldean»

  • Albistea entzun

Ez zuen marka jakin bat egin nahi Maialen Lujanbiok, finalean zortzikote horretan kantatzearekin soilik lortua baitzuen bere helburua. Hirugarrenez jantzi zuen txapela, eta «pixkanaka» ari da pozten.

Igandera arte kantatu gabe zegoenez, egon zitekeen zalantza nola helduko ote zen finalera Maialen Lujanbio (Hernani, Gipuzkoa, 1976). Bertsoz bertso argitu zituen zalantza guztiak. Hasierako agurretik agertu zituen bere asmoak: «Zer eta nola, nork eta nori/ non eta nondik esango/ aurrera nahiak, atzera kargak/ ta urratu gabe ez dago/ artea hori da, eta finalak/ gaur Nafarroa arrago/ izan izan da arrago/ gauzak gertatu daitezkeenean/ gertatzen direla nago/ beti gertatu behar zuketena/ baino beranduxeago». Aldarriz josi zituen bertsoaldi gehienak, eta hori zuen xede. «Garaiari eta lekuari erantzun beharko liokeen bertsogintza bat da txapelketa».

Amaieran, kontatu zuen «korrontearen kontra» aritu zela goizeko saioan, «bila eta bila», erabat lehertu ezinda. Ordea, gainontzeko zazpi bertsolariak baino koska bat gorago aritu zen; hala diote, gainera, puntuek. Arratsaldean «indartsuago» sentitu zen, eta, hala, hirugarren aldiz egin zuen salto txapelak haren burura.


Jatorrizko artikuluak