Maia Garcia-Vergniory: «Aurkitu dugu topologia ezezaguna dela, baina ez exotikoa»
Ameriketako Fisika Elkarteak (APS) APS Fellow izendatu du Maia Garcia-Vergniory Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikerlaria. Zehazki, material topologikoen arloan egindako ekarpenak saritzen ditu aipamenak. Gisa horretako material berriak identifikatzeko bidea erraztu baitu.
Kimika Kuantiko Topologikoa teoria garatu du Maia Garcia-Vergniory fisikariak. Topologia matematikaren adar bat da, eta objektu baten forma aldatzen denean mantentzen diren propietateak aztertzen ditu. Material topologikoak, berriz, aldi berean bi motatako propietateak dituzten materialak dira: barnean isolatzaileak dira, eta ertzetan eroaleak dira. Portaera horri esker, askotariko aplikazio teknologikoak dituzte. Hala nola egokiak dira konputagailu kuantiko unibertsalak eraikitzeko.
Zer dira material topologikoak?
Material topologikoek XX. mendeko [materialen] sailkapena hausten dute. Barruan isolatzaileak direlako, eta ertzetan edo gainazaletan, eroaleak. Gainera, korronte horiek ezin dira suntsitu.
«Material topologikoek XX. mendeko [materialen] sailkapena hausten dute. Barruan isolatzaileak direlako, eta ertzetan edo gainazaletan, eroaleak».
Material topologikoek nola hausten dute sailkapen hori?
Elektroiek ez daukatelako inongo elkarrekintza gogorrik, eta, hala ere, isolatzaileak eta eroaleak direlako aldi berean. Ez dira eroale arruntak, oso eroale indartsuak dira. Inork ez zuen ezer ulertzen, elektroi horiek, bereziki, ez dutelako fisika berezi bat aurkezten.
Zer egin duzu zuk material horiekin?
Egin duguna da oso ondo ulertu nondik datorren material horien oinarrizko fisika, teoria bat garatu, eta gero material datu base batean kalkulu guztiak egin. Guk aurkitu dugu topologia ezezaguna dela, baina ez exotikoa. Material guztiek badauzkate energia maila ezberdinetan elektroi topologikoak, material bat aztertzean propietate horiek kontsideratu behar ditugu, materiala ondo aztertu nahi badugu.
Kimika Kuantiko Topologikoa teoria garatu duzue?
Bai. Teoria oso transbertsala da. Gu fisikariak gara, kimikari batzuekin eta talde teoria garatzen duten beste zientzialari batzuekin batu gara, eta guztion artean saiatu gara ikuspegi orokorreko gauza bat egiten.
«Jakin da material pila batek dauzkatela propietate horiek; beraz, aukera gehiago daude material on bat aurkitzeko».
Egindako ekarpen horiek nola eraginen dute zientzia arloan?
Alde batetik, jakin da material pila batek dauzkatela propietate horiek; beraz, aukera gehiago daude material on bat aurkitzeko. Beste aldetik, topologiaren fisika beti kontuan izan behar dugula ikusteko, funtsezko propietate bat delako. Ez da propietate exotikoa: ia material guztiek daukate topologia mota bat edo bestea.
Jatorrizko artikuluak
- Maia Garcia-Vergniory fisikaria APS Fellow izendatu dute Isabel Jaurena | |
- «Aurkitu dugu topologia ezezaguna dela, baina ez exotikoa» Isabel Jaurena | |