Maddi Ane Txoperena Iribarren: «Abusuen gaia landu ahala, jende asko hurbildu zait 'ni ere bai' erratera»
Umetan jasandako sexu abusuek uzten duten marka psikologiko sakona aztertu du kazetari, bertsolari eta idazleak (Hendaia, Lapurdi, 1994). 'Ez erran inori' eleberrian, bere ibilbideko bigarren fikzio lan luzean.
Save the Children erakundearen ikerketa baten kalkulua dakar liburuak: bost haurretik batek jasan ditu sexu erasoak.
Eta nesken kasuan, handiagoa da kopurua. Horrek erran nahi du zure inguru hurbilean jende pila batek bizi duela hori. Sexu abusuen ezaugarrietako bat da isiltasuna. Sexu abusu bat bizi duzunean, gerta daiteke amnesia garai bat garatzea. Bizi izandakoa gogorregia da, eta haurrak mekanismo hori erabiltzen du bere burua babesteko. Ikerketa batzuek diotenaren arabera, erasotzailea zugandik zenbat eta gertuagokoa izan, adibidez, zure aita edo anaia baldin bada, orduan eta luzeagoa izaten da amnesia garaia.
«Bizi izandakoa gogorregia da, eta haurrak mekanismo hori [amnesia] erabiltzen du bere burua babesteko».
Ustez gehien babestu behar zaituen pertsonak egiten dizu mina, eta hori oso zaila da ulertzeko, eta, gainera, erasotzen dizuten pertsona horiek behar dituzu, ezin duzulako haiengandik ihes egin, eta, beraz, buruak amnesia baliatzen du, bizirauteko. Eta, horretaz gainera, amnesia garatu zein ez, sexu abusuak jasan dituenak errua eta lotsa sentitzen ditu maiz, eta horrek eragiten du zer gertatu zaion ez kontatzea. Nola kontatuko dut zerbait hain moralki zikina, gainera, errua neure buruari botatzen badiot? Ez dira kontatzen, azkenean, eta erasotzaileak erabat zigorgabe geratzen dira.
Lidek ere, liburuko protagonistak, bere burua zigortzen du bere oroitzapenek familiaren udako argazki eder bati darion zoriona suntsitzen dutelako.
Sentsazioa du kontatzen baldin badu berak puskatuko duela familia hori, eta ez erasoa egin zionak. Liburuan kontraerran hori ere agertzen dela erranen nuke: badirelako haurtzaroko pasarte asko politak direnak, eta benetan direnak politak eta alaiak, baina, aldi berean, badagoelako eraso hori hor. Horrek kontraerran bat sortzen dio Lideri, ezin duelako ulertu nola den posible momentu onak egotea, eta momentu on horietan egotea eraso zion pertsona.
Lehen kapituluan bertan kontatzen da abusu bat.
Lehen kapitulua da idatzi nuen lehenengo gauza, eta gero zalantzak izan nituen, ze lehenengo momentutik kontatzen baduzu abusua bera, igual istorioa eror daiteke. Baina, aldi berean, iruditzen zitzaidan ezetz, ze ez zait hain inportantea iruditzen zehazki zer gertatu zitzaion umetan; gertatu zitzaion horrek zer sortu dion nahi nuen kontatu.
«Ez zait hain inportantea iruditzen zehazki zer gertatu zitzaion umetan; gertatu zitzaion horrek zer sortu dion nahi nuen kontatu».
Nolakoa izan da dokumentazio lana?
Irakurri ditut gaiari buruzko liburu teorikoak, baita gaia landu duten literatur lan batzuk ere, kantuak, podcastak... Eta hurbilean izan dudan jendea ere izan da beste iturrietako bat. Parte hartu nuen gaiaren inguruko tailerretan, eta, gero, gaia landu ahala, hurbildu zait jende pila bat «ni ere bai» erratera, eta liburua ateratzean ere bai. Hor ikusten duzu gutxien espero duzun pertsonak ere bizi izan dituela horrelako kontuak, eta horrelakoetan ikusten duzu gaia aipatzearen garrantzia. Orduan hasten zaizu jendea kontatzen, eta beharra dago konpartitzeko.
Flotazio lerroaren muga-mugan dabil liburuko protagonista. Hondoratzear egotetik ateratzear egotera arteko tarte estu horretan etengabe.
Nik uste dut ahal duena egiten duela, inguruan dauzkan baliabideekin eta berak dauzkan gaitasunekin. Laguntzen dioten gauzek, aldi berean, kalte egiten diote. Droga, adibidez, momentu batean izan daiteke aterabide bat, burua kargatua daukalako eta porro bat erretzeak lasaitzen duelako, baina azkenean ez da soluzio bat. Gero hasten da harremanean Hugorekin, eta Hugo da pertsona bitxi bat, aldi berean, lagundu eta kalte egiten diona. Ez nuen nahi soluzio final bat egoterik; bat-batean ez dakit zer egiten du eta bukatu da problema. Ez dut bat egiten halako zerbait gertatzen bazaizu hondoratuta egon behar duzula dioen biktimaren iruditeria horrekin, baina halako zerbait gertatzen zaizunean, izanen da zerbait bizitza osorako markatuko zaituena, eta sekula erabat konponduko ez dena.
«Ez dut bat egiten halako zerbait gertatzen bazaizu hondoratuta egon behar duzula dioen biktimaren iruditeria horrekin, baina halako zerbait gertatzen zaizunean, izanen da zerbait bizitza osorako markatuko zaituena».
Pertsonaia bezala, bere lekuaren bila dabil narratzailea ere: lehen pertsonatik bigarrenera eta hirugarrenera saltoka.
Marguerite Durasen Maitalea liburutik hartu nuen hori. Pertsonaiaren nondik norakoak barrutik kontatzen ditu batzuetan, eta kanpotik beste batzuetan, eta nik sentsazioa neukan eskuetan kamera bat izanen balu bezala kontatzen zuela dena. Gustatu zitzaidan, eta iruditu zitzaidan baliagarria zitzaidala niri ere, batzuetan kontatzeko Lidek barrutik bizi duena, eta beste batzuetan kontatzeko kanporagotik, eta baita kontatzeko ere berak piztia deitzen duen horrena, gorputzaren barrutik bezala.