Lorea Agirre eta Begoña Garaikoetxea: «Erru gutxiago behar dugu, eta oxigeno gehiago»
Euskararen patuaz kezka duen orok, hots, mundu justuago baten ikuskera duten guztiek Donostiako mobilizazioa bere egitea nahi dute Agirrek eta Garaikoetxeak. ['Euskara aurrera' leloarekin aurtengo maiatzaren 21ean egin zen Donostiako manifestazioa].
Euskararen aldeko manifestazio nazional batera deitu duzue. Aspaldian gehiago izan dira zerbaiten kontrakoak.
BEGOÑA GARAIKOETXEA: Uste dut badela garaia zer nahi dugun esateko. Eta nahi duguna da euskara normalizatzea Euskal Herrian eta aukera eta eskubidea izatea euskaraz hitz egiteko. Baieztapenetik hitz egiteak lagun dezake herriaren sektore handi bat horrekin identifika dadin.
LOREA AGIRRE: Nire ustez, deialdi honen berezitasuna da gazteek iniziatiba hartu izana, zer eta euskararen aldeko manifestazio nazional bat antolatzeko. Uste dut berria dela, eta beharrezkoa dela, sinbolizatzen duelako belaunaldi berri bat badatorrela.
«Herri bultzada bat» aldarrikatu duzue. Iragan mendean izan zen halakorik, baina oso bestelako testuinguru batean. Egoeraren larritasuna izan daiteke nahikoa pizgarri gaur egun?
L.A.: Ezin da alderatu, baina lezio bat edo beste atera daiteke. Batetik, 1950eko hamarkadako berpizkunde hura oso norberaren edo taldearen ardatzeancloseIldoan, lerroan. kokatutako zerbait zen, eta, bestetik, euskararen borrokak ezaugarri asko hartu zituen, agian ordura arte inoiz izan gabekoak: antifrankista zen, aniztasunaren onarpenaren lehen zantzuak ikusten ziren... Eta bizitzeko modu bat ematen zuen euskarak. Uste dut egun ere badaramala berekin mundu hobe eta bizigarriago baten hazia, feminismoak, ekologismoak edo ekimen komunitarioek dakarten bezala. Alde horretatik, gustatzen zait manifestuak dioena: euskararen patuaz kezka duen edonork dauka lekua hemen, eta euskaltzale izate hori ez dago hizkuntzarekin bakarrik lotuta, mundu justuago baten ikuskerarekin baizik.
«Euskararen patuaz kezka duen edonork dauka lekua hemen, eta euskaltzale izate hori ez dago hizkuntzarekin bakarrik lotuta, mundu justuago baten ikuskerarekin baizik».
Euskaraz bizi ahal izatea jarri duzue xedetzat. Zein dira, epe hurbilean, beharrik premiazkoenak?
B.G.: Nafarroatik hitz eginez, zonifikazioa amaituko duen lege bat. Batxilergora arte, Erriberriko edo Tuterako jendearekin harremana izan arte, ez nintzen kontziente haiek etorri behar dutela Iruñera eta euren herria utzi euskaraz ikasi ahal izateko. Uste dut oso anakronikoa dela guztia.
L.A.: AEK-k esan duena jende askoren aldarria da: euskara doakoa eta unibertsala. Bestalde, euskararen ofizialtasuna lurralde osoan; ez izatea lurralde zati batean eskubidedun, eta handik bi kilometrora ez. Eta, eskubidea den heinean, administrazioak zerbitzu guztiak bi hizkuntzetan eskaintzea.
Instituzioen eta gizarte zibilaren arteko akordioa ere aldarrikatu duzue. Bada baldintzarik?
L.A.: Lekuan-lekuan asko aldatzen da, baina, edozein kasutan, jauzi kualitatibo bat egin beharrean gaude. Euskarak etorkizuna izango badu, kultura bat behar du, iruditeria bat, lur bat, izateko zergati bat. Alegia, kontzientzia linguistikoa, soziolinguistikoa... Hori dena beharrezkoa da. Hizkuntza bere hutsean erakusteak ikusi dugu zer ekarri duen: erabilerarik eza.
B.G.: Uste dut beharrezkoa dela euskaraz bizitzeko beharra sentitzea. Ezin da gertatu euskaraz ikastea baina aisialdi espazioetan ezer ez egotea euskaraz. Euskaraz hitz egiteko baldintzak behar dira, eta, gaur-gaurkoz, instituzioek ez dituzte bermatzen gutxienekoak.
«Ezin da gertatu euskaraz ikastea baina aisialdi espazioetan ezer ez egotea euskaraz».
Konpromisoa beharko dela diozue, orain arte bezala. Badago konpromisoa frustrazio bihurtzeko arriskurik euskalgintzan?
B.G.: Argi dago guk eutsi behar diogula euskarari, baina, etengabe oztopoak jartzen badizkigute eta baldintzarik ez badigute jartzen euskaraz hitz egitean eroso sentitzeko, frustrazioa sor daiteke, bai.
L.A.: Erru gutxiago behar dugu, eta oxigeno gehiago. Euskaraz arnasa hartzeko modurik eman gabe, ito egiten gara, eta zer hizkuntzatan hartzen dugu arnasa? Bada, mundua eskaintzen digun horretan. Frustrazioari dagokionez, konpromisoa bihur daiteke frustrazio, bai, baina...
Baina horretan aski zailduta dago euskalduna?
L.A.: Bai. Borroka luzeak dira, eta hamarkadak daramatzagu. Hari horrek segitzen du. Pentsamendu pixka bat existentzialista da, baina borrokatze hutsa garrantzitsua da. Zerbait lortzeko borrokatzea eta lortu ezean uztea, hori oso neoliberala litzateke. Hala eginez gero, gurea amaituta legoke.
Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu da. Zer ekarriko dio gazte mugimenduari, eta zer mugimendu euskaltzaleari?
B. G.: Uste dut gazte askorentzat helduleku moduko bat izango dela, euskararen alde borrokatu nahi baina horretarako modurik topatzen ez zuten horientzat. Halaber, gazteok borroka honen lekukoa hartu izanak, euskalgintzarekin elkarlanean, aldaketa ekar dezake borroka moldeancloseEstiloan, eran.. Askotan, itxura zaharkitua hartu izan zaio euskararen aldeko borrokari, beste belaunaldi baten kontua balitz bezala, baina, aldiz, oso egoera larriak gertatzen ari dira, guri zuzenean eragiten digutenak. Gazteak lehen lerroan jarriko gara orain, salatzeko zer egoeratan gauden eta esateko zer nahi dugun.
«Gazteok borroka honen lekukoa hartu izanak, euskalgintzarekin elkarlanean, aldaketa ekar dezake borroka moldean».
L. A.: Egitura batzuek balio izan diote belaunaldi bati, baina agian beste bati ez. Beldurrik ez da eduki behar moduak aldatzeko. Gainera, haien egiteko modua interesgarria izan da: beraiek egin, baina, gero, partekatu eta lankidetza bilatu. Hori garrantzitsua iruditzen zait, zeren sektarismoaren garaiak pasatu zirelakoan geunden, baina oraindik asko ikusten da, eta uste dut hemen bakarka gauza gutxi egin daitekeela.
Politizaziorako eremu erakargarria izan daiteke euskalgintza egun gazteentzat, feminismoa den eta ekologismoa izan daitekeen modu berean?
B. G.: Feminismoak erakutsi digu ikusten zer problematikak zeharkatzen gaituzten, eta euskararekin ere uste dut ari dela gertatzen hori. Eskubide urraketen kontzientzia hartze bat badago, zuzenean ukitzen baikaituzte. Ez da normala Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egin ezin izatea, Nafarroan unibertsitatean graduak euskaraz ez izatea... Argi dago kontu politikoa dela, eta uste dut badela aktibaziorako gaia.
«Feminismoak erakutsi digu ezin dela aniztasunaren eta eskubideen defentsa egin hiztunen defentsa egin gabe; eta alderantziz».
L. A.: Feminismoak hainbat lezio eman dizkigu, eta horietako bat da aniztasunaren aldarria, eta aniztasun horrekin elkarrekin borrokatu behar dela. Eta feminismoak erakutsi digun beste lezio bat da lekuan-lekuan egin behar direla politikak. Galdetuko bagenu Euskal Herrian, lekuan-lekuan, feminismoak zer beste borroka ahizpa ditu? Bueno, ba, bat oso garbia euskararena da. Uste dut feminismoak erakutsi digula ezin dela aniztasunaren eta eskubideen defentsa egin hiztunen defentsa egin gabe; eta alderantziz. Orduan, halabeharrez, gurean koherentzia politikoan lotuta dauden bi borroka dira. Azken urteetan hori asko landu da, eta uste dut indargune handi bat dela hori ulertzea.
Lorea Agirre Jakineko zuzendariak (Beasain, Gipuzkoa, 1968) gazteei aitortu die euskararen aldeko manifestazio nazional bat antolatzearen meritua. Haren sustapenean haiekin alboz albo ibili da. Izan ere, azken ehun urteetan errepikatu den historia bera da oraingoa: «muin bat dago oso-oso kontzientziatua, eta horrek ekarri du euskara honaino».
Begoña Garaikoetxea (Iruñea, 2001) Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea da. Maiatzaren 21eko mobilizazioaren modukoak «garaipen txikiak» direla uste du, «hainbat lagun borroka berean lerratuta» ikusten baitira. «Horrek animatzen eta motibatzen du».
Jatorrizko artikuluak
- «Erru gutxiago behar dugu, eta oxigeno gehiago» Julen Aperribai | |
- 'Euskara aurrera' egitasmoa aurkeztu dute, eta manifestaziora deitu maiatzaren 21erako Oihane Puertas Ramirez | |
- Milaka lagunek Donostiako kaleak hartu dituzte euskararen alde Julen Aperribai | |