Leire Malkorra: «Emozio puntu bat nuen, zer izango ote zen jakiteko»
Oraindik sinetsi ezin badu ere, Irulegiko Eskua ukitu zuten lehenbiziko eskuak izan ziren bereak. Zazpi urte daramatza Leire Malkorrak (Tolosa, Gipuzkoa, 1988) Aranzadirekin lanean.
Arkitektoa zara ofizioz, baina arkeologo gisa ere lan egiten duzu. Zergatik?
Nik ikasketak arkitekturakoak egin nituen, baina bizitza guztian gustatu izan zaizkit bai historia eta baita arkeologia ere. Beti nuen jakin-min hori, eta karrera bukatu nuenean erabaki nuen boluntario gisa izena ematea Aranzadiko indusketa arkeologikoetarako. 2015ean joan nintzen Amaiurrera lehenengo aldiz, eta urtero-urtero joan izan naiz.
Pieza lehenbiziko aldiz ikustean nola erreakzionatu zenuen?
Egia esan, egun normal bat zen. Zeramika zegoen inguruan, orduan kontuz genbiltzan, zeramika bera ere oso garrantzitsua delako guretzat. Pieza txiki hori agertu zenean, nola brontzezkoa den, eta daukan kolore berezi bat, oxidazioa... beti ilusioa egiten dizu. Orduan, emozio puntu bat nuen, zer izango ote zen jakiteko.
«Pieza txiki hori agertu zenean, nola brontzezkoa den, eta daukan kolore berezi bat, oxidazioa... beti ilusioa egiten dizu. Orduan, emozio puntu bat nuen, zer izango ote zen jakiteko».
Pieza garrantzitsua izanen zela espero zenuten?
Nik neuk behintzat ez, eta uste dut indusketan inork ez zuela espero. Momentuan topatu genuenean eta bistaratu genuenean, ez genekien zer zen: forma berezi bat, brontzezko pieza fin bat, baina ideiarik ez. Gero, atera denean zer den, ez genuen espero horrelako zer edo zer ateratzea genuenik.
Nola erreakzionatu zenuen Mattin Aiestaranek, indusketako zuzendariak, objektuaren izaeraren berri ematean?
Deitu zidanean esan zidan: «Gogoratzen zara pieza bat atera zela indusketa hasieran? Esku bat da, idatzita dago, eta hau jartzen du». Lehenengo gauza, hitzik gabe eta malko batzuk atera zitzaizkidan emozioarekin. Ezin sinistu atera zena.
«Mattin Aiestaran indusketaren zuzendariak deitu zidanean esan zidan: «Gogoratzen zara pieza bat atera zela indusketa hasieran? Esku bat da, idatzita dago, eta hau jartzen du» (...) malko batzuk atera zitzaizkidan emozioarekin».
Nola erreakzionatu duzu aurkikuntzak izan duen oihartzun mediatiko hori dela eta?
Oraindik ez dut sinisten. Kafe bat hartzera joan naiz goizean [azaroaren 15ean, aurkikuntzaren berri eman osteko biharamunean], eta, ikusi dudanean eskua egunkari guztietan, emozioa sentitu dut. Telebistan ikusi nuenean, edo egunkarian irakurri dudanean emozionatu egiten naiz.
Jatorrizko artikuluak
- «Emozio puntu bat nuen, zer izango ote zen jakiteko» Isabel Jaurena | |