Korrikaren balioari buruz ari da podcast honetan Kirmen Uribe idazlea. Euskaldunoi elkarrekin korri egiteak ematen digun alaitasuna beharrezkoa dela uste du. Eta jada denona denez, jada ez dela inorena. Hots, librea dela, libre doala.
Inorena ez izatea. Askatasunaren definizioetako bat izango da. Pertsonak eta gauzak inorenak ez direnak. Ahozkotasunaren altxorrak ere ez dira inorenak. Behin norbaitek sortuko zituen eta gero ahoz aho pasatu dira, belaunaldiz belaunaldi, eta galtzen duten lehen gauza egilearen izena da. Ipuin bat kontatzen dugunean moldatu egiten dugu, kantatzen dugunean ez dugu buruan kantaria. Kanta gurea bilakatzen da.
Korrikarekin ere bai. Ideia zoragarri eta ero bat izango zen hasieran, ezin burutukoa irudiko zitzaien batzuei, jarraipenik izango ez zuena. Alta, edizioz edizio, korrika handituz joan da, milaka pertsonek parte hartzen dute euskararen karrera koloretsuan, ondo pasatzen da, emozioa ematen du, eta poza. Behar dugulako poz hori euskaldunok, behar dugulako dago Korrika hain bizirik.
«Behar dugulako poz hori euskaldunok, behar dugulako dago Korrika hain bizirik».
Euskal Herrian egon naizen egunotan esan didate jaitsi egin dela euskararen erabilera, herritarrek jakin bai baina ez darabiltela ahominean. Indartsuegiak dira inguruko kultura hegemonikoak? Xarma galdu du euskarak? Ez al du gizartean nahikoa duintasunik lortu? Aztertu egin beharko da, eta neurriak hartu.
Madriletik Bartzelonara trenean nindoala, iragarkiak bozgorailuetatik botatzen zituzten gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez. Gizon bat kexatu egin zen, ea zergatik entzun behar zuen iragarkia katalanez, gaztelaniaz edo ingelesez esanda nahikoa zela. Azafatak esan zion grabazioa horrela dagoela eta ezin duela aldatu. Isildu zen gizona eta halako batean iritsi zen trena Bartzelonara.
Eta trenak bezala, Korrika ere bere bidea egiten ari da, herriak, auzoak eta hiriak euskaraz margotzen. Inork gutxik jakingo du nola sortu zen, norena izan zen hasierako ideia txoroa. Gauza libre eta eder guztien gisa, ez da inorena, denona izatera igaro delako.
Eta hortik zehar dabil, libre.
Jatorrizko artikuluak
- Korrikaren beharra Kirmen Uribe | |