Noiz eta nondik pasatuko da 23. Korrika?

  • Albistea entzun

AEK-k aurkeztu du jada 23. Korrikaren ibilbidea. 2.700 kilometro izango ditu, eta Irunen hasi eta Baionan amaituko da. Martxoaren 14tik 24ra egingo dute euskararen aldeko ekinaldia.

Euskaltzaleentzat gorriz markatzekoa da martxoaren 14a, orduan hasiko baita 23. Korrika, Irunen (Gipuzkoa). Eta martxoaren 24an amaituko da, Baionan. Bitartean, Euskal Herriko hamaika herri eta auzo igaroko ditu 11 egunean, Harro Herri lelopean. Guztira, 2.700 kilometro.

Euskararen aldeko ekinaldia Gipuzkoan abiatuko da, bertan amaitu baitzen azken Korrika. Hain zuzen ere, Irundik aterako da, San Juan plazatik, 16:00etan. Gipuzkoan hasi, eta berehala igaroko da Lapurdira: 17:20an sartuko da Hendaiara. Eta bertan igaroko du lehen eguna. Besteak beste, egun horretan pasatuko da Azkainetik eta Uztaritzetik, eta goizaldean sartuko da Nafarroa Beherera, Aiherratik.


Nafarroa Beherekoa sartu-irtena izango da, ostiral goizaldean bertan Zuberoara igaroko baita. Maule izango da Korrikak zapalduko duen lehen hiriburua: martxoaren 15ean iritsiko da Maulera, 06:40an. Berriro Nafarroa Beherera igaroko da, eta 11:00etan iritsiko da Donibane Garazira. Handik Izpegiko lepora joko dute, eta Baztandik sartuko da Korrika Nafarroan, 13:15ean, ostiralean.

Maule izango da Korrikak zapalduko duen lehen hiriburua: martxoaren 15ean iritsiko da, 06:40an.

Nafarroan pasatuko du asteburu osoa. Ostiraletik larunbaterako gaua Pirinio inguruan egingo du, eta handik hegoaldera jo. Horrela, Iruñea izango da Korrikak zeharkatuko duen hirugarren hiriburua. Mendillorritik sartuko da, 14:20an, eta hiriburuko zenbait txoko eta inguruko zenbait herri bisitatu ostean, Etxebakoitzetik atera, 19:25ean.

Hurrengo eguna, igandea, Tafallaldean, Erriberan, Lodosaldean eta Estellerrian egingo du Korrikak. Besteak beste, Tafallatik eta Tuteratik pasatuko da.

Astea hastearekin batera, martxoaren 18an, Araban sartuko da. Mendialdetik eta Arabako Errioxatik igarota, 11:30erako Trebiñun izango da. Alabaina, egunaren parte handi bat Gasteizen lasterka emango dute: 19:30ean iritsiko da, Abetxukutik, eta 23:30ean atera, Ilarrazatik.

Astea hastearekin batera, martxoaren 18an, Araban sartuko da.

Biharamunean, martxoaren 19ko goizaldean, Korrikak Nafarroara egingo du berriro. Sakanan barrena, Altsasu, Etxarri Aranatz eta Irurtzun igaroko ditu, besteak beste. Nafarroa iparraldean ibili ostean, Leitza eta Goizueta atzean utzita, Hernanitik sartuko da Korrika Gipuzkoan, 20:20 aldera.

Urola Kostara egingo du salto martxoaren 20an, asteazkenean: goizaldean pasatuko da Zumaiatik eta Azpeititik, esaterako. Goiza Debagoienean eta Debabarrenean pasatuta, Ondarroatik iritsiko da Korrika Bizkaira, 15:00 aldera. Bizkaiko kostaldean ibiliko da arratsaldean, eta 23:00etan agertuko da Gernikan.

Hurrengo eguna ere, martxoaren 21a, Bizkaian egingo du, eta orduan sartuko da Bilbon: 15:30ean iritsiko da, Buiatik, eta, ia bost orduren ostean aterako da, 20:15ean, Zorrotzatik. Ondoren, Ezkerraldera eta Meatzaldera joko du.

Martxoaren 21a Bizkaian egingo du, eta orduan sartuko da Bilbon: 15:30ean iritsiko da, Buiatik, eta, ia bost orduren ostean aterako da.

Bizkaian izango da Korrika martxoaren 22an ere, nahiz eta goizean Araban sartuko den, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Arratsaldea, berriz, Arratian eta Durangaldean igaroko du.

Matxoaren 23an, larunbatean, Gatzagatik itzuliko da Korrika Gipuzkoara, eta Debagoienean eta Goierrin izango da goizean, harik eta eguerdian Tolosaldera iritsi arte. Handik Donostia aldera egingo du: 18:00ak pasatxoan sartuko da, Martutenetik, eta hiriko zenbait auzo igarota, 22:20an atera, Martutenetik berriro ere. Ondoren, euskararen aldeko ekinaldiak Oiartzualdea eta Bortziriak zeharkatuko ditu, eta Saratik sartuko da Lapurdira, 04:40 aldera.

Ordurako martxoaren 24a izango da, Korrikaren azken eguna. 12:30 aldera iritsiko da Baionara. Mezua irakurriko dute segidan, eta, 13:30ean hasita, «jai handia» egingo dute.


Jatorrizko artikuluak