Koro Lores: «Nahi dudan gauza bakarra hemen geratzea da»
Koro Lores Costa Donostian bizi da, familiarekin. Lores eta haren ama etxerik gabe geratzeko arriskuan daude, Sareb banku txarrak ez dizkielako kontratuak berritu nahi orain arteko baldintzetan. Negoziatzea «ezinezkoa» dela dio. Arrisku berean dira Donostiako Egia auzoko bloke berean bizi diren maizter gehiago.
«Zer gertatzen da herritar arruntekin? Ez dugu etxebizitza duin bat izateko eskubiderik?». Koro Loresenak dira adierazpenok; amorruz eta beldurrez betetako hitzak eta testigantza. Donostian bizi da, Egia kaleko 22. atarian, eta bertako bizilagunak jasaten ari diren egoera «latza» kontatu du: kalean geratzeko arriskuan daude bloke horretako lau etxebizitzatako maizterrak. Sareb erakundearenak dira etxe horiek, eta ez diete kontratua berritu nahi.
Sarebek proposatu die alokairua garestitzea: «300 eurotik gora. Ezin dugu hainbeste ordaindu».
Maizterrak kanporatu etxebizitzak saltzeko
Etxebizitza horiek saltzea da Sareb banku txarraren asmoa, eta etxeotako maizterrei bertan bizitzen jarraitzeko oztopoak eta trabak jartzen ari zaizkie, «neurriz kanpoko prezioetan» mugituta. Loresek salatu du «ezinezkoa» dela Sarebekin hitz egitea, eta ez dutela haiekin aritzeko zuzeneko kontakturik.
«Ezin dut edozein etxe hartu. Nora joan behar dugu? Alabak auzo honetan eskolatuta daude...».
Blokeko bizilagunak «ziurgabetasunez» bizi direla dio, kale gorrian geratzeko arriskuaren presiopean. «Pasatzen den egun bakoitzeko, egun bat gutxiago falta da». Eta gaineratu du: «Ezin dut edozein etxe hartu. Nora joan behar dugu? Alabak auzo honetan eskolatuta daude...». Egoera eramanezina dela dio, bidegabea. «Erakundeak jan egiten ditu hemen gauden txikiak. Prezioa zerbait igo nahi digutela ulertu dezaket, baina horrenbeste? Nahi dudan gauza bakarra hemen geratzea da».
Jatorrizko artikuluak
- «Nahi dudan gauza bakarra hemen geratzea da» Jone Bastida Alzuru | |