Kontsumo merkea, garesti

  • Albistea entzun

Egun bakarra izateari utzi, eta hilabete osoa da orain black friday. Aukera ona izan daiteke bezeroek produktuak merkeago eros ditzaten. Hala ere, saltzaile eta ekintzaile batzuen arabera, AEBetatik etorritako kanpainak kalte handia egin dezake.

AEBetatik iritsitako ohitura da black friday eguna. Han, Thanksgiving edo Eskerrak Emateko Egunaren ondorengo egunean ospatzen dute, eta Eguberrietako kanpainaren hasieratzat hartzen da. Dendek prezioak jaisten dituzte garai horretan, eta Euskal Herrian gero eta errotuagocloseFinkatuago. dago ohitura hori.

«Hasieran oso baliagarria zen, modua ematen zuelako gutxi kontsumitzen zen hilabete batean kontsumoa handitzeko», zehaztu du Rafael Gardeazabal Bilbo Dendak elkarteko presidenteak. Orain, ordea, «enpresa handiak sartu», eta hilabete osora hedatu dute, eta Gardeazabalek ohartarazi du horrek mesede baino gehiago kalte egiten diela merkatari txikiei. «Tokiko merkataritza ezin da multinazional handiekin lehiatu».

 «Tokiko merkataritza ezin da multinazional handiekin lehiatu».

Rafael Gardeazabal (Bilboko Dendak elkarteko presidentea)

Horixe bera uste du Gorka Martijak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformako kideak. Azaldu duenez, tokiko merkataritzak «atzean ez geratzeko» hartzen du parte black friday-ren gisako kanpainetan: «Bizirik iraute hutsa da; izan ere, garai horretan enpresek publizitate baliabide, denda fisiko, estruktura logistiko eta komunikabideetan agertzeko aukera gehiago dituzte, eta horretaz baliatzen dira txikiak ere».

Martijak salatu duenez, instituzioak «krisiaren aurreko kontsumo eredua areagotzen» ari dira: «Black friday egunean hasi eta Gabonetako merkealdia heldu arte, badago segidako bolada bat non jendeak gero eta gehiago kontsumitzen duen». Haren iritzian, «ulergarria» da «batez ere errekurtso ekonomiko gutxiago dituztenak» horrelako aukerez baliatzea, baina ohartarazi du hori ez dela «beharrizan sozialak» konpontzeko bide bakarra.

 «'Black friday' egunean hasi eta Gabonetako merkealdia heldu arte, badago segidako bolada bat non jendeak gero eta gehiago kontsumitzen duen».

Gorka Martija (Kapitalari Planto plataforma)

MULTINAZIONALEI MESEDE

Merkatarien elkarteko presidentearen arabera, Bilbon El Corte Ingles eta Zubiarte merkataritza gunea izaten dira onuradun nagusiak black friday gerturatzen denean: «Egun horiek noiz iritsi zain egoten dira». 

Merkataritza gune horietaz gain, online enpresek ere, hala nola Amazonek, Alibabak eta Aliexpressek, «izugarrizko etekina» ateratzen diote: «Eskaintza basatiak egiten dituzte, eta produktuak egun horretarako gordetzen dituzte. Mundu osoan saltzen duten plataformak dira; beste maila batean daude».

Online denda handien etekinak, ordea, tokian tokiko enpresa txikien kalterako izaten direla ohartarazi dute merkataritza elkarteek. Hala egin dute Comercio Vitoriak eta Arabadendak-ek; Internet bidezko saltoki handiei tasa berezi bat ezartzeko eskatu diote Gasteizko Udalari. Egitasmo horrekin, halaber, online saltoki handien eragin negatiboak salatu nahi dituzte; besteak beste, enpresa horiek ingurumenari sortzen dizkioten kalteak, hiriari egiten dioten ekarpen ekonomikorik eza eta kontsumitzailearenganako «arreta hutsala».

KALTEAK BEZEROEI ETA INGURUMENARI

Egun horietako erosketekin kontuz ibili behar dela ohartarazi du Jose Andres Cebrecosek, Bizkaidendak elkarteko presidenteak. «Egun batzuk lehenago, denda batzuek prezioak igotzen dituzte, eta egun horretan berriro jaitsi; kudeaketaren edo funtzionamenduaren praxi txarra da hori». Nabarmendu du kontsumoa ez dagoela «bere onenean», eta, deskontu txikiekin bada ere, «jendeak aprobetxatu» egiten dituela halako egitasmoak.

«Egun batzuk lehenago, denda batzuek prezioak igotzen dituzte, eta egun horretan berriro jaitsi; kudeaketaren edo funtzionamenduaren praxiclosePraktika, jarduera. txarra da».

Jose Andres Cebrecos (Bizkaidendak elkarteko presidentea)

Gardeazabalen ustez, erakundeek kontrolatu beharko lituzkete prezioekin gertatzen diren arazoak. Azaldu duenez, dendek ezin dute nahi dutenean aldatu prezioa: «Denbora tarte jakin batean mantendu behar dute prezioa, eta dendek ez dute hori betetzen».

Online dendetan gerta daitezkeen iruzurrez ere ohartarazi du Bilbo Dendak-eko eledunak: «Ziberdelinkuentzia handia dago egun hauetan; hacker edo pirata informatikoek ustez egiazkoak diren baina faltsuak diren orrialdeen estekak bidaltzen dituzte». Horren guztiaren kontra, «ezinbestekoa» da kontsumitzaileek salaketa jartzea, haren ustez.

 «Nazioarteko merkataritza kateetan oinarritutako egun bat da, eta horrek nazioarteko merkantzia garraioa sustatzen du, eta CO2 emisioak areagotu».

Gorka Martija (Kapitalari Planto plataforma)

Martijak, berriz, beste «kalte» batez ohartarazi du: halako kanpainek ingurumenean duten eragina nabarmendu du: «Nazioarteko merkataritza kateetan oinarritutako egun bat da, eta horrek nazioarteko merkantzia garraioa sustatzen du, eta CO2 emisioak areagotu». Era berean, azaldu du «etengabe» plastikoa erabiltzen duten industriak daudela erosten diren produktu nagusien atzean. Adibidez, gogoratu du biodibertsitateak degradatu ezin ditzakeen osagai toxikoak erabiltzen direla ehungintzan.

LAN PREKARIOAK

Badago beste arazo bat: black friday egunean gero eta ohikoagoa denez erosketak online egitea, «lan baldintzak prekarizatu egiten dira», salatu du Kapitalari Planto-ko bozeramaileak. Ohartarazi duenez, hala jokatzen dute multinazional handiek, Amazonek adibidez: «Langileak plataformen bitartez kontratatzen dituzte, gehienetan autonomo faltsu gisa, beren beharretara egokitzeko».

«Gustatuko litzaidake jakitea nork kontratatzen dituen egun horietan langileak. Trapagarango [Bizkaia] Amazon baldin bada, kontratazioa ez da kalitatezkoa izango».

Jose Andres Cebrecos (Bizkaidendak elkarteko presidentea)

Langileak kontratatzea «aldi berean ona eta txarra» da, Cebrecosen iritzian: «Ona da jende gehiagorentzako lana dagoelako, baina txarra da kontratazio mota hori ez delako denboran fidagarria». Haren ustez, bereziki kate handietako dendek kontratatzen dute jendea egun horietan. Denda txikiek, berriz, ez. «Gustatuko litzaidake jakitea nork kontratatzen dituen egun horietan langileak. Trapagarango [Bizkaia] Amazon baldin bada, kontratazioa ez da kalitatezkoa izango», azpimarratu du Bilbo Dendak elkarteko presidenteak.

Jatorrizko artikuluak