Annie Ernaux idazle frantziarrak irabazi du 2022ko Literaturako Nobel saria. Eragin handiko idazlea da euskal letretan; euskal autore batek baino gehiagok aitortua du harekiko mira. Tartean da iritzi artikulu honen egilea, Kattalin Miner.
Egia esan, ez dakizu sariak berak duen halako garrantzia ala sari horrek esan nahi duena den inportanteena, baina eguerdian, ordenagailu aurrean Annie Ernauxen izena irakurri duzunean, poz ia pertsonal gisa egin duzu oihu.
Liburuz beteriko apalei begiratu diezu, eta han ikusi dituzu bere bederatzi lan. Lehenengoa, zikindua, erabilia, milatan irakurria da gehien maite duzuna: Pasio hutsa (Igela). Hamasei urte zenituen irakasle baten gomendioz liburua esku artean izan zenuen hartan. Maitalearen deia ez entzuteko beldurrez aspiragailua ere pasatzen ez zuen andrearen kontakizuna irakurri zenuen adi. Noizbait norbait hala desiratzeko antsia eta beldurrak egin zuten leku zugan. Gaur arte.
«Hamasei urte zenituen irakasle baten gomendioz liburua [Pasio hutsa] esku artean izan zenuen hartan».
Egun, hemezortzi urte beranduago, oraindik irrika txoroz itxaroten duzu Ernauxen liburu berri bakoitza. Etxekotu egin duzu, nola dagoen jakin nahi duzu, edozer konta diezazun behar duzu. Askotan, azken liburuekin batez ere, pentsatzen duzu Annierekin paseatu nahi zenukeela errutinaz jositako Parisen barrena. Bestela gorroto duzun hiri hori idazlearen begietatik bakarrik maitatzen ikasi duzu, bere supermerkatuetako argi eta guzti.
«Zuk ez zenuen Annie Ernauxek Nobel saria irabaz zezan behar, edo ez zenuen hori uste behintzat; dakizun bakarra da idazle horri esker ere bazarela idazle».
Zuk ez zenuen Annie Ernauxek Nobel saria irabaz zezan behar, edo ez zenuen hori uste behintzat; dakizun bakarra da idazle horri esker ere bazarela idazle. Ez, akaso, nahi zenukeen idazle mota, hori ere egia da, gehiegitan ekiten baitiozu idatzitakoa irakurri ostean, beldurrak jota, hitzak ezabatzeari, aldatzeari, isiltzeari. Zuk ere izan nahi zenuke Ernaux eta bota beharrekoak bota, zure memoria galbahe bakar, zure irizpidea iragazki nahikoa zilegi. Baina bere ausardia, kontatzeko manera eta autozentsura falta imitatuko dituzun fantasian murgiltzen zara, zain. Hala ere, bere barkamenik eta baimenik ez eskatzeko aldarriak uste baino indar handiagoa eman dizu, eta badakizu.
«Bere ausardia, kontatzeko manera eta autozentsura falta imitatuko dituzun fantasian murgiltzen zara, zain».
Hainbeste urteren ostean, beraz, emakume handi horren bizitza inguruko askorena baina hobeto ezagutzen duzun ziurtasunez, telefonoz deituko zenukeen lagunarekin bezala pozten zara. Poztu eta eskertu, kontatutakoak kontatu izanagatik, esateko modu hain konplexurik gabea lortu izanagatik, dena liburu batean idazteko bezain interesekoa dela erakusteagatik, eta zergatik ez, autofikzioa literatura ez dela hainbestetan aipatu duten gizon horien hitzak irribarrez akordura ekartzeagatik.
Jatorrizko artikuluak
- Kontatzea zilegi Kattalin Miner | |
- Ernaux: hitzik gabe geratzeko idaztea Iñigo Astiz | |