Jevhen Fedtxenko: «Desinformazioaren gerra 2014tik egon da Ukrainan»
Mosku lurrez, itsasoz eta airez ari da Kieven kontra, baita ziberespaziotik eta informazioaren arlotik ere. Ukrainako Stop Fake fact checking plataformako zuzendari eta kazetari Fedtxenkoren ustez, Kremlinek informazioa erabili eta bere «kontakizuna garatu» nahi du.
Noiz hasi zen «gerra informatiboa»?
Desinformazioaren gerra hemen egon da 2014tik. Krimearen eta Donbassen okupazioaren ondotik, informazioaren gerra areagotu egin da, eta Ukrainan egon da askotariko moduz; batez ere, han zeuden hedabide errusiarren eta sare sozialen bidez.
Gerra informazio horren ideia nagusia kontakizun jakin batzuk garatzea da, Errusia laguntzea kontakizun estrategikoak sortzen Ukrainaren gaineko kontrol handiagoa izateko eta kaosa eta ziurgabetasuna zabaltzeko.
Baina hori ez da soilik Ukrainara begirakoa, baita Errusiara begirakoa ere, Errusiako gizartea gerrazaleagoa izan dadin, politika militarren alde egon dadin, eta atzerrian Ukrainaren irudi bat sortzeko, zera islatuko duena: herrialde horrek Errusiari eraso egin nahi diola.
Ukrainak nola indargabetu dezake eraso hori?
Egitura gisa irudikatu behar dugu, eta, ondoren, egitura horren barruko nodocloseInformazioa bidali, banatu eta jasotzeko gailua.en elementuak zein diren ulertu behar dugu. Horri aurre egiteko, gauza pare bat jakin behar dira: sistemak nola funtzionatzen duen, eta nola dagoen antolatuta. Gero, kontakizunak gehitzea eragotzi behar da, horiek salatu eta jendeari horiek zer diren ulertarazi.
Agintarien laguntza ere ezinbestekoa da. Ezin da desinformazio horren aurka borrokatu gobernurik gabe: gauza batzuk egin baititzakegu, hala nola monitorizatu eta ikertu, baina badira gauza batzuk soilik gobernu batek egin ditzakeenak. Esaterako, informazio hori zabal dezaketen telebista kateen lizentziei buruzko erabakiak hartzea.
«Agintarien laguntza ere ezinbestekoa da. Ezin da desinformazio horren aurka borrokatu gobernurik gabe».
Sare sozialen arloko zenbait enpresarekin ere egiten dugu lan; adibidez, Facebookekin, baina baita Googlerekin ere. Horrekin karta bat sinatu genuen Youtuberi buruzkoa, webgune hori ez izateko desinformazioa errazteko espazio bat.
Hedabide errusiar edo errusiazaleak ixtea da desinformazioaren aurka borrokatzeko manerarik hoberena?
Hedabide horiek ez dute zerikusirik errusiar hiztunekin. Egiazki, ukraineraz ziren, baina politikari errusiazaleek antolatu zituzten; ustez, diru errusiarrez. Orain arte itxitako kate guztiak ukraineraz ziren.
Auzia nagusiki diruari buruzkoa da. Hedabide organizazioez aritzean, beti diruari jarraitu behar diogu, norbaiten diruarekin funtzionatzen duelako. Aztertzen badugu diru hori norena den, horren paterik handienak Errusiara eramango gaitu, eta politikari errusiarrengana edo errusiazaleengana.
«2014ko okupaziotik, Ukrainak debekatu egin du telebista kate errusiarrak eskuragarri egotea».
2014ko okupaziotik, Ukrainak debekatu egin du telebista kate errusiarrak eskuragarri egotea. Ukrainako erakunde arautzailearen erabakia izan zen, ez direlako benetako telebista kateak eta gerrako informazioa eta propaganda transmititzen dutelako. Azken finean, kate ukrainar guztiek baldintza berberak dituzte. Horietako batzuek horiek betetzen dituzte, eta beste batzuek, berriz, ez.
Ukrainaz hitz egiten denean, eskuin muturraren gaia ateratzen da behin eta berriro. Zenbateraino da arazo herrialdean?
Gehiegi erreparatu zaio horri. Naziak ez garela justifikatzeko posizioan jarri zuten Ukraina. Herrialdeak hori justifikatu beharra du. Pertsona horiek moral bikoitza ere badute: «Utzi nazioarteko laguntza, utz iezaiozue Ukrainari armak emateari».
Ez dugu eskuin muturreko diputaturik parlamentuan. Antisemitismoaren kontrako legea dugu. Seguruago sentitzen dira Ukrainan beste herrialdeetan baino.
«Ez dugu eskuin muturreko diputaturik parlamentuan. Antisemitismoaren kontrako legea dugu».
Elie Wieselek [idazleak] zera esaten zuen: «Neutraltasunak zapaltzaileari laguntzen dio, inoiz ez biktimari. Isiltasunak torturatzailea animatzen du, inoiz ez torturatua».
Batzuetan, esku hartu behar da. Neutral bihurtzen direnak bekaturik handiena egiten ari dira. Gatazka areagotzen bada, Europako beste leku askotara zabalduko da.
Jatorrizko artikuluak
- «Desinformazioaren gerra 2014tik egon da Ukrainan» Alex Bustos | |