Jesus Tapia: «Neandertalak gai ziren estrategiak planteatzeko»

  • Albistea entzun

Aranzadi zientzia elkarteak aurkikuntza esanguratsu bat egin du San Adriango kobako aurtengo indusketan, Gipuzkoa eta Araba arteko pasabidean, Aratz-Aizkorri mendilerroan: harrizko tresna batzuk eta gizakiek erabilitako animalia hezurrak.

Berezia da haien jatorria: neandertalenak dira, duela 40.000 urtekoak gutxienez.

Espero zenuten aurten halako jauzi bat egiterik?

Pista batzuk bagenituen. Proiektuarekin hasi ginenean, 2008an, ez. Erreferentzia historikoak Erdi Arotik aurrerakoak zirenez, eta hainbeste lan egin izan denez, ez genuen espero azpian ezer kontserbatuko zenik.

Noiz aldatu zen hori?

Bigarren edo hirugarren kanpainan hasi ziren historiaurreko pieza batzuk aurkitzen, Brontze Arokoak, orain dela 4.000 eta 3.000 urte artekoak. ZundaketacloseAzterketa, arakatze.
zabalago batean, maila potente bat aztertu zen, garai hartako nekazari eta abeltzainen okupazioekin. Horrek material pila bat eman zuen, oso interesgarria, baina ikusten genuen bazirela pieza zaharrago batzuk.

Noizkoak?

Paleolitoaren bukaerakoak, edo azken glaziazioa pasatu eta Holozenoa sartu berrikoak. Zundaketa txiki bat eginda, azaldu ziren azken Madeleine aldiko okupazioak, justu Izotz Aroaren bukaerakoak. Horrek beste itxaropen bat ekarri zuen. Eta, lanean ari ginela, pieza askoz zaharragoak agertu ziren. Haien artean, pare bat, suharricloseKuartzo mota trinkoa.
zkoak. Printzak harri masatik erauzteko teknika nahiko desberdina zen. Ez Madeleine aldiko teknika tipikoa, ez Brontze Arokoa; askoz zaharragoa.

Neandertalena?

Bai. Beste aztarnategi askotan ikusi denez, badakigu neandertalek harria nola ustiatzen zuten. Suharria ez da edonon azaleratzen, eta asko gustatzen zitzaien, propietate mekaniko onak dituelako eta oso ondo ebakitzen duelako. Aukera izanez gero, beti erabiltzen zuten. Baina nomadak ziren, ehiztari ibiltariak, eta, mugitu ahal izateko, material erreserba bat eraman behar zuten, stocka.

«Suharria ez da edonon azaleratzen, eta asko gustatzen zitzaien, propietate mekaniko onak dituelako eta oso ondo ebakitzen duelako».

Jesus Tapia (Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa)

Izotz Arokoak dira horiek?

Izotz Aroak iraun zuen 100.000 bat urte, duela 115.000 urtetik duela 12.000 urtera arte. Baina ez zen aldi orocloseGuztia, osoa.
hotz berbera izan, gorabeherak izan zituen. Batzuetan freskoago, besteetan askoz ere hotzago; batzuetan hezetasun pixka batekin, besteetan ikaragarri lehor. Eta epelaldi labur batzuk ere izan ziren, nahiz eta ez iritsi gaur egungo tenperaturetara. Neandertalen okupazioa momentu epeltxo batekoa da. Hala ere, justu-justu ukitu egin dugu.

Inguruan, non aurkitu izan dira neandertalen arrastoak?

Badira batzuk. Lan handia eskatzen du haiengana iristeak, denborarekin lurra metatuclosePilatu.
egiten delako. Baina badira. Besteak beste, Gipuzkoan, Lezetxiki, Ekain, Astigarraga, Praileaitz, Amalda, Amalda III, Labeko Koba; Bizkaian, Venta Laperra, Aranbaltza, Axlor; Araban, Arrillor; Nafarroan ere bai batzuk; eta Iparraldean, noski: Gatzarria, Izturitze.

San Adrian da guztietan garaiena: 1.000 metrotik gora dago.

Eta ez hori bakarrik. Gure aztarnategitik nahiko gertu, Urbasako mendilerroan, badira neandertalen okupazio batzuk, ia 900 metrora. Kontua da San Adrian leku berezia dela. Urbasan, adibidez, suharria ateratzen da, eta ulertzekoa da haraino joan beharra. Baina San Adrianen egoteak esan nahi du tokia oso ondo ezagutzen duzula. Bertaraino joaten ez bazara, ez dakizu pasabiderik dagoen bestaldera, eta ez duzu 1.000 metrora kanpatuko gero jaisteko. Horrek zer adierazten du? Ba, haraino igotzen zirela, bazekitelako bidea zegoela, eta haien estrategiarentzat egokia zelako. Nahiz eta ibiltariak izan, ez zebiltzan noraezean, baizik eta, gure espeziekoek bezala, irizpide batzuk eta estrategiacloseHelburu jakin bat lortzeko egiten diren urratsen multzoa.
batzuk zituzten.

«Nahiz eta ibiltariak izan, ez zebiltzan noraezean, baizik eta, gure espeziekoek bezala, irizpide batzuk eta estrategia batzuk zituzten».

Jesus Tapia (Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa)

Izan ere, misterio handi batek inguratzen ditu neandertalak...

Eztabaida luzeak izan dira. Genetikoki eta fisikoki oso hurbilak gara, baina distantzia txiki bat ere badago. Badakigu bien arteko gurutzatzeak posible direla, Eurasiako populazioaren zati batek, %1 eta %4 artekoak, neandertalen hondar bat duelako genomacloseEspezie edo banako baten geneen multzoa.
n. Baina zera pentsatzen dugu: nola desagertu egin ziren eta pixka bat mardulagoak ziren, tontoagoak izango ziren. Eta azken hamarkadetan gero eta gehiago ikusten da neandertalak gai zirela estrategiak planteatzeko.

Zerk erakusten du hori?

Harria lantzeko ere teknika desberdinak dituzte, ez ohitura mekaniko bakar bat. Mundu sinbolikoa ere uste genuen baino askoz garatuagoa dute. Aurkikuntzak horren aldera bultza egiten du. Adimenaren aldetik, teknikaren aldetik eta ezagutzaren aldetik, gugandik oso hurbil daude; galdera da zergatik desagertu ziren.

«Adimenaren aldetik, teknikaren aldetik eta ezagutzaren aldetik, gugandik oso hurbil daude; galdera da zergatik desagertu ziren».

Jesus Tapia (Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa)

Baduzue lana datorren urterako, beraz.

Bai, ikusi beharko dugu zein den plana. Seguru asko, Madeleine aldiaren eta neandertalen arteko bi metroko geruza hori kendu beharko genuke, eta neandertalen okupazioa agerian utzi, eremu zabalago batean. Horrelako lanek laguntza behar dute beti. Guri Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrak eta Zegamako Udalak laguntzen digute, baita boluntario guztiek ere; hori ere esan egin behar da.

Jatorrizko artikuluak