Jean-Luc Godard zinemagilea hil da

  • 457 hitz
  • Albistea entzun

'Nouvelle vague' mugimenduko izar izandakoa hil da, suizidio lagunduz, 91 urterekin. Haren lanek zinemagintzaren lengoaia eraldatu eta, era berean, elikatu dute.

Nouvelle vague mugimenduaren sortzaile izan zen 60ko hamarkadan, eta zinemaren lengoaia auzitan jartzen, eraldatzen eta, aldi berean, elikatzen eman du bizialdi osoa, atzean lan esanguratsuen zerrenda luzea utzita: Une femme est une femme (1961), Bande à part (1964), Alphaville (1965), Prénom Carmen (1983), Notre musique (2004), Film Socialisme (2010), Adieu au langage (2014), Le livre d'image (2018)... Eta, era berean, esanguratsua izan da horri esker lortu duen sari sorta eta aitortza ere. Izan ere, ibilbide osoa aitortzeko ohorezko Oscar saria ez ezik, Berlingo jaialdiko bi Urrezko Hartz, zilarrezko bat, Veneziako Ohorezko Urrezko Lehoi bat, Canneseko Epaimahaiaren sari nagusia eta Urrezko Palma ere jaso ditu.

Libération egunkariak gertuko senideak aipatuz jakinarazi duenez, suizidio lagunduz hil da zinemagilea —legezkoa da Suitzan—. Gaixorik ez baina «nekatuta» zegoela azalduta.

«Ez da film politikorik egin behar: politiko egin behar dira filmak».

Jean-Luc Godard (zinemagilea)

«Ez da film politikorik egin behar: politiko egin behar dira filmak». Filmetara ez ezik, behin eta berriz jo dute Godarden gogoetetara ere artista, idazle, dantzari eta, noski, zinemagileek urteotan guztiotan. «Sagar bat jan egiten duzu, ez ulertu». Eta, beraz, filmetan ez ezik, bateko zein besteko sortzaileek emandako elkarrizketaz elkarrizketa eta aurkezpenez aurkezpen ere hamaika gogoeta pilulatan zatikatuta heldu da haren pentsamendua gizartera.

Zinemagintzaren ertz denak

Eta ez da kasualitatea. Zinemagile izan aurretik zinema kritikari izan baitzen Godard. Eric Rohmer eta Jacques Rivetterekin batera sortu zuen Gazette du cinéma aldizkaria, 1950eko hamarkadan, eta Cahiers du cinéma eta Arts aldizkarietan ere argitaratu zituen bere lanak. Eta, neurri handi batean, hor hasi zen nouvelle vague mugimendua indarra hartzen, hortik pasatu baitzen zinemagintzara Godard. Bai bete-betean pasatu ere. Film labur batzuk egin zituen lehenik, eta 1959an heldu zen haren lehen lan luzea: À bout de souffle. Eta kolpean heldu zen arrakasta.


Zinema zuzendari, gidoigile, ekoizle, muntatzaile, kritikari, pentsalari eta, tarteka, aktore ere izan baita Godard. Eta, ondorioz, gutxi izango baitira «zinemagile» hitzaren ertz guztiak Godardek bezain osorik bete ahalko dituzten sortzaileak.

«Faxista hutsak zarete denak!»

Lerratze politiko argi baten historia ere bada zinemagilearena. 1968ko udaberrian, argi lerratu zen Godard. Adituen hitzetan, «politizatu» egin zen haren zinema sasoi hartan, eta Jean-Pierre Gorinekin batera sortutako lanak jartzen dituzte horren frogatzat. Egiletza indibidualari izkin egincloseSahiestu., eta Dziga Vertov taldearen ezizen kolektiboarekin sinatuta joan ziren sasoi horretako lanak. 

Ezagun da, esaterako, The Rolling Stones taldeari buruz filmatu zuen dokumentalarekin gertatutakoa ere. 1968. urtean izan zen hori ere. Musikariak beren garai historikoan txertatuta irudikatzen zituen collage moduko bat sortu zuen Godardek ordu hartan, eta, hala, musikarien entseguetako errepikapenak erakusteaz gainera, besteak beste, pantera beltzen irudiak ere tartekatzen zituen. One + one zeukan titulutzat zinemagilearen muntatzeak, baina ekoizleek, muntatze alternatibo bat egin, eta Sympathy for the Devil izenarekin zabaldu zuten. Haserre deskribatzen dute Godard sasoi hartako kronikek, esanez film hura ez zela berea, eta indarka atera behar izan zuten segurtasun langileek aretotik, garrasika. «Faxista hutsak zarete denak!».

Jatorrizko artikuluak