Iris Dominguez: «Jendeak behin eta berriro esaten dizu alde bat aukeratzeko»
Trans ez-binarioa eta pansexuala da Iris Dominguez LGTBI aktibista (Iruñea, 1992). Bisexualitatea oharkabean igarotzen dela esan du: ikusezina dela, jendeak ez duela ulertzen, eta aurreiritziak daudela, baita LGTBI komunitatean bertan ere. Hala ere, uste du gazte asko identifikatzen direla bisexual gisa.
Zergatik ez da hain erraz ikusten bisexualitatea?
Orain gutxi arte, harreman onargarri bakarra betirako eta monogamoa zen. Eredu horretan bisexualitatea ikusezina da, homosexualtzat edo heterosexualtzat hartuko baita pertsona. Azken hamarkadetan, joera da denboran bikotekide monogamo zenbait izatea; orduan, jende bisexualak indar pixka bat hartu du. Baina oraindik jendeak behin eta berriro esaten dizu alde bat aukeratzeko.
Nahiko ohikoa da pentsatzea bisexualitatea iragankorra dela?
Okerrena da LGTB kolektiboan ere gertatzen dela hori: heterosexualitatetik begiratuta, ikusten da oso gay balitz bezala; eta LGTB aldetik, gutxiegi balitz bezala, edo sobera heterosexual eta normatibo gisa. Erdian geratzen zara.
Oraindik bada maitasunaren ikuspegi erromantiko bat. Aurreko harremanak proba edo akats moduan ikusten dira, osoak izan ez balira bezala. Ikuspegi horretan, bisexualitatea fase bat da, pertsona egokia aurkitzen duzun arte.
«Oraindik bada maitasunaren ikuspegi erromantiko bat. Ikuspegi horretan, bisexualitatea fase bat da, pertsona egokia aurkitzen duzun arte».
Zergatik behar izaten da dena bi tiraderacloseKaxoia.tan banatu?
Pertsona ez-binario gisa, generoaren aldetik ere bizi dut hau. Gizartearentzat oso ezerosoa da jendea eskema normaletatik ateratzea: lehenbizi, ez ikusiarena egiten dute eta ezkutatu, eta, azkenean, txoko bat egiten diote horri, ez molestatzeko. Horrela sortzen da kapitalismo arrosa eta salgai diren ortzadarrak.
Zein dira bifobiaren ezaugarriak?
Iraintzeko maritxu esaten dizutenean, egia da parte batean homofobia dela, iraina esaten duenak ez baitaki bestea bisexuala den. Baina jasotzen duenak bifobia gisa hartzen du. Gizarteak homofobotzat daukanaz gainera, estrak gehitu behar zaizkio: ikusezintasuna, ulertezintasuna, gainditu beharreko fasetzat hartzea, aukeratzeko exijitzea eta aurreiritzi sorta bat, tartean, promiskuitatearena.
Aurreiritzi sorta hori nondik heldu da?
Deigarria da gizarteak LGTB dena normalizatzeko gizon gay bat edo emakume lesbiana bat normalak direla demostratu beharra. Askotan, kolektiboan horri heldu diogu, bizirik irauteko; erabat ulergarria da. Ikuspegi horretan bisexualek molestatu egiten dute, zailagoa baita normalizatzea. Horrek aurreiritzi anitz sortu ditu. Are, kolektiboan badira bisexual batekin egoteko segurtasun handia behar duzula diotenak.
Belaunaldi berriek zergatik onartzen dute hobeki bisexualitatea?
Harrigarria da: gazte asko identifikatzen dira bisexual gisa. Badirudi kolektiboaren %50 inguru izan gaitezkeela. Jende gazte pila bat heldu da landutako diskurtso oso indartsuarekin, nagusiagoei alde ederra ateratzeraino.
«Pansexual etiketa argiagoa da niretzat, genero guziek erakartzea baita pansexualitatea».
Zure Twitter kontuan diozu pansexuala zarela. Are ikusezinagoa den termino bat da hori?
Genero teorietatik heldu garenoi, binarioak ez diren identitateez mintzo garenoi, arrotz zaigu bi hori erabiltzea. Egia da bisexualitateaz gehien zabaldutako definizioak binarioak ez diren pertsonak onartzen dituela, baina pansexual etiketa argiagoa da niretzat, genero guziek erakartzea baita pansexualitatea.
Jatorrizko artikuluak
- «Jendeak behin eta berriro esaten dizu alde bat aukeratzeko» Iker Tubia | |