Iraide Fontaneda: «Helduak gara zentroa, eta argi ikusi da umeen ongizatea ez dutela kontuan hartu neurriak hartzean»
Haurren beharrizanak ez dira kontuan hartu osasun larrialdian segurtasun neurriak ezartzean, Iraide Fontaneda psikologoaren (Gasteiz, 1983) ustez; nabarmendu du, besteak beste, umeek kirola behar dutela pandemiak eragindako urduritasunari aurre egiteko.
Nola eragin die haurrei pandemiaren kontrako segurtasun neurriek?
Nire ustez, kirol jarduera oso kontu agerikoa da. Txorakeria bat balitz bezala kendu dute, baina ume gehienentzat oso garrantzitsua da astero kirola egitea. Bizi garen gizartean, helduak gara zentroa, eta argi ikusi da umeen ongizatea ez dutela kontuan hartu neurriak hartzean.
Zergatik diozu haurrak ez dituztela kontuan hartu?
Umeek ez dute manifestaziorik egingo; neurriak ezartzen dizkiete, eta kito. Garrantzitsua dela neurriak hartzea eta kirola kontrolatzea? Ados, egin dezagun hori. Baina guztiz debekatzea eta ezer egiten ez uztea gehiegi da. Umeek kirola behar dute; normalizatuek, asko, baina behar bereziak dituzten edo arriskuan daudenek ere bai.
Beren garapenean kaltea izan dezakete neurrion ondorioz?
Tira, ez dut mezu alarmistarik zabaldu nahi, nahiko nekatuta nabil-eta beldurra pizten duten goiburuekin. Oraindik ez dakigu. Esango nuke ume batzuek ez dituztela sekulako arazoak izango garapenean baldin eta familian gaia ondo landu badute. Bizi garen egoerak ezjakintasun handia dakar; helduok ere ez dakigu zer gertatuko den hemendik bi astera, eta, hori umeei transmititzen badiegu, karga emozional handia izango dute; eta gerta daiteke horrek haurraren garapenean eragina izatea.
Alarmak pizteko asmorik gabe, baina psikikoki eta fisikoki eragin diezaieke egoera honek?
Pandemia betean gaude. Eta nahiz eta jakin eragina izango duela, nik nahiago dut pentsatu zer baliabide bilatu behar ditugun zoramen honetan, haiek sentitzeko ez daudela bakartuta, eta espazioa izateko, euren beharrez hitz egiteko. Nire ustez, pandemia honek agerian utzi du buruko osasunaren garrantzia, baita zein baliabide publiko gutxi dauden ere. Eta hori aldatu egin behar da.
«Pandemia honek agerian utzi du buruko osasunaren garrantzia, baita zein baliabide publiko gutxi dauden ere».
Gizartean baliabideak egon badaudela esan duzu. Zer baliabide?
Familia askok galdetuko dute ea nola transmitituko duten segurtasuna berak ere izututa badaude. Baina, alde batetik, nik uste dut hori dela baliabideetako bat: segurtasuna helaraztea eta saiatzea egoera baikor hartzen umeei begira. Eta ezin badute oso izututa daudelako edo egoera txarrean daudelako, laguntza eska dezatela; psikologiaren arloan edo beste nonbait. Eta, aldi berean, oso garrantzitsua da erakundeek espazioak sortzea, jendeak aukera izan dezan gauza hauei buruz hitz egiteko eta zer sentitzen duen adierazteko. Guraso taldeak sor daitezke beren kezkez eta zalantzez hitz egiteko.
Eta hirugarren baliabidea, nire ustez, eskolak izan behar du. Arlo akademikoa hirugarren planora pasatu behar da, eta eskolak koltxoi bat izan behar du, umeek gertatzen ari denaz hitz egin dezaten. Nire ustez, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen ari gara eskoletan, baina neurri zorrotzak ezarriz. Zerbait gertatzen ari da, ordea: hitz egin dezagun horretaz.
«Arlo akademikoa hirugarren planora pasatu behar da, eta eskolak koltxoi bat izan behar du, umeek gertatzen ari denaz hitz egin dezaten».
Hain zuzen ere, zenbait guraso bildu egin dira ikastetxeetan haurrek ahalik eta denbora gehien aire zabalean pasa dezatela eskatzeko. Eskaera horiek eraginkorrak dira, zure ustez?
Bai, zalantzarik gabe. Hori umeak babestea da, eta gurasoak elkartzea eta gauzak aldarrikatzea. Halere, nik uste dut eskaerak egin behar direla, baina izuaren menpe izan gabe: gauza garrantzitsuak azpimarratu eta eskatu, lasaitasunez eta segurtasunez.
«Batzuetan biktimizazioan erortzen gara. Atera gaitezen hortik, pentsa dezagun zer baliabide ditugun komunitatean».
Izan ere, estatuak biktimizatuta nahi gaitu, eta gu batzuetan biktimizazio horretan erortzen gara. Atera gaitezen hortik, pentsa dezagun zer baliabide ditugun komunitatean, gizartean, honi aurre egiteko. Aukerak baldin baditugu, bizirik iraungo dugu, fisikoki eta psikologikoki. Izan dezagun konfiantza pixka bat erresilientziacloseArazo, ezbehar eta trauma psikologikoei aurre egiteko pertsonek duten ahalmena.
kolektiboan, ez baikara txotxongiloak; espazioak bilatu behar ditugu, eraiki.
Jatorrizko artikuluak
- «Haurrei eragin egingo die, baina baliabideak bilatu behar ditugu» Maria Ortega Zubiate | |