Bost minututan idatzitako ipuinak

Leizaran Institutua (Andoain)-Batxilergoko 1. maila |

Batxilergo lehenengo mailako Literatura Unibertsaleko ikasleen lanak dira ondokoak. 'Ipuin bat bost minutuan izkribatzeko' Bernardo Atxagaren ipuinean oinarrituta, ikasleek sortutako ipuinetako batzuk dira.

Ipuin bat bost minutuan izkribatzeko

(egilea: Andreea Fartais)


Ipuin bat bost minutuan idazteko, boligrafo bat eta paper zuri bat besterik ez dituzu beharko.

Falta zaizun bakarra ipuinaren gaia aukeratzea da, ez egon horma txuri bati begira. Leihoa ireki, haize freskoa barrura sartzen utzi eta paisaiari begiratu. Txorien txorrotxioa entzun dezakezu, baina beste metodo on bat zure musika gustukoena entzutea da.

Eroso sentitu behar duzu, zure buruari galdetu ea gosea edo egarri dagoen eta bere nahiak asetu.

Konturatu al zara minutu erdia baino ez dela pasa oraindik? Idazten hasiko zara, boligrafoa hartu eta paper txurian esaldi hau idatzi:


«Ipuin bat bost minutuan idazteko beharrezkoa zaizu».


Hasiera egina daukazu. Eroso eta lasai sentitzen bazara, inspirazioa bilatu, imagina ezazu letrez egindako pertsona bat zarela. Segundu gutxi batzuk baino ez dira pasa eta oraindik denboraren erdia daukazu.

Eta tximista batek deskarga jotzen duenean baino azkarrago, letra guztiek zentzua hartzen dute eta lehen hitza idatzi behar duzu, zure ipuina gidatuko duen hitz hori: panpina. Hitz horrek zure inspirazioaren ateak irekiko ditu. Konturatu gabe bigarren hitza idazten ari zara: gaua.

Hitzak lotu eta ipuinaren lehen esaldia idatzi.


Eskerrik asko, aitona! Egunero panpin berriarekin lo egingo dut.


Horrela hiru minutuak bete dira. Lehenengo esaldia idatzita, beste guztiak erraz bururatuko zaizkizu, arnasa hartu eta zure ipuinaren segida idatzi.


Amak panpin itsusi bat dela esan dit, baina niri ez dit axola, niretzako panpinarik ederrena da. Aitonaren txikitako panpina da, beti aritzen zen berarekin jolasean eta bere lagun mina zela esan dit.


Hasiera egina daukazu eta oraindik bi minutu badituzu.


Panpina nirekin leku guztietara eramaten nuen, maite nuen panpina, asko gustatzen zitzaidan berarekin jolastea.

Egunak pasa ziren eta gero eta kasu gutxiago egiten nion panpinari. Gaueko hirurak ziren, lo nengoen eta nire logelan xuxurla bat entzun zen: «Zergatik ez zara nirekin jolasten?». Berehala esnatu nintzen. Hasieran, amesten ari nintzela pentsatu nuen, baina orduan beste xuxurla bat entzun zen: «Zurekin lo egin nahi dut».  Alde guztietara begiratu nuen, eta konturatu nintzen ahotsa panpinagandik zetorrela. Panpina beldur handiarekin hartu eta logelatik atera nuen.


Azken minutua bukatzen ari da eta azken paragrafoa idatzi behar duzu.


Hurrengo egunean, esnatu nintzen eta panpina kaleko zakarrontzi batera bota nuen. Haizea hartu nuen eta erlaxatuago sentitzen nintzen. Etxera iritsi nintzen, ohean eseri, eta nire logelako aulkian panpina ikusi nuen. Nire gorputzeko atal guztiek beldurra sentitu zuten, ez nekien zer egin. Aitonarengana joatea erabaki nuen ea zer pasatzen ari zen galdetzera. Aitonak burutik jota nengoela esan zidan, hori gezurra zela, baina nik gezurra esan zidala banekien. Aitona komunera joan zen eta tartean bere logelara joan nintzen ea zerbaitek lagunduko ote zidan. Bertan, panpinaren kaxa ikusi nuen eta argibideetan hau jartzen zuen: «Panpin hau zaindu behar duzu egunero, bestela, ondorioak egongo dira. Zure eta panpinaren arteko lotura hausteko modu bakarra maite zaituen pertsona bati ematea da».

Etxera bueltatu nintzen, panpina hartu eta esan nion: «Zer nahi duzu egitea bakean uzteko?». Panpinak ez zuen ezer esan eta berriro galdetu nion, baina ez zuen erantzun. Guraize batzuk hartu nituen eta panpin osoa apurtu nuen. Bukatu egin zela pentsatzen nuen, baina hurrengo egunean nire txukarra, Thor, desagertu egin zen eta bere lo egiteko tokian panpina zegoen berriz ere. Negarrez hasi nintzen, ez nekien zer gehiago egin, panpinari su eman nion eta Thor bilatzera joan nintzen.

Etxe ondoko parke batean zegoen. Hanka zaurituta zeukan, hurbildu nintzen eta panpina ahoan zuela ikusi nuen.

Panpina hartu eta garraxi egin nion: «Inoiz ez dizut kasurik egingo». Amari esan behar nion, ezin nuen gehiago. Lanean zegoen eta bere bila joan nintzen. Autobusa hartu, eta ailegatu nintzenean, ama odol putzu batean ikusi nuen labana bat bihotzaren erdian sartuta zuela, eskutan paper bat eusten zuela. Bertan hau jartzen zuen: «Orain nirekin jolastuko zara?».


Azken esaldia idatzi eta momentu horretan bost minutuak bete dira.




Ipuin bat bost minutuan izkribatzeko

(Egilea: Unax Goikoetxea)


Ipuin bat bost minutuan idazteko, lehenik eta behin, ideiak bildu behar dituzu, ideia asko behar dituzu eta ideia onenak apuntatu. Behin, zure ideia gustukoena edo aproposena aukeratu duzunean, boligrafoa hartu eta idazten hasten zara.


Behin, Toulonen, paseatzen ari nintzela, bederatziak aldera, kale oso ilun batera iritsi nintzen eta pixkanaka beldurtzen hasi nintzen. Bat-batean, farolak keinuka hasi ziren eta beldurrez etxera joan nintzen korrika.


Ideia gustukoenarekin ipuina idazten hasi zarenean, hasiera ona eman diozunean, jarraipena pentsatu behar duzu eta berriro ere hainbat ideia pentsatu eta egokiena aukeratu. Kontu jakina da zure ipuinak irakurtzeko gogoa piztu behar duela, nik behintzat, hortik tirako nuke.


Hurrengo egunean, berriz ere, bederatzietan, paseatzera atera eta kale berberera iritsi nintzen. Berriro ere, farolako argia keinuka hasi zitzaidan eta beldurtzen hasi nintzen, baina aurrera egitea pentsatu nuen, eta aurrera begiratzean, hiru pertsona ikusi nituen erretzen eta orduan etxera joan nintzen beldurtuta.


Ipuinari, beste ideia bat erantsi diozunean, bi minutu pasa dira, baina jarraipena eman behar diozu, izan ere, ez duzu oraindik ipuin erdia idatzi. Gainera, ipuinak irakurtzeko gogoa piztu beharko luke. Horregatik, berriro ere, zure ideiak apuntatuko dituzu eta zure gustukoena aukeratuko duzu.


Hurrengo egunean, jaiki eta pentsatu nuen egun hartan bai ala bai kale hartatik pasako nintzela, izan ere, kuriositatea nuen ea zer zegoen kalearen beste aldean. Bederatziak jo zutenean, sukaldetik labana bat hartu eta paseatzera atera nintzen, berriz kale horretara joateko. Iritsi nintzenean, berriz ere, farolaren argia keinuka hasi zen eta hiru gazteak han zeuden, baina nik pentsatu nuen: pasa egingo naiz, labana bat dut defenditzeko eta bat-batean, gazteetako batek pistola bat atera eta ni beldurrez aidean etxera joan nintzen.


Orain ipuinaren amaierara iritsi zara, denbora soberan duzu, bi minutu dituzu oraindik amaiera egiteko. Saiatu zaitez amaierarik onena egiten. Lehenik eta behin, hartu hogeita hamar segundu lasaitzeko eta ideiak pentsatzen hasteko. Soberan dakizu dena zuk nahi zenuen bezala doala, izan ere, ipuina ondo geratzen ari zaizu. Amaiera hasieratik pentsatua zenuen, gainera zu amaierarekin irakaspen bat eman nahi duzu, eta hori pentsatzen ari zara. Irakurri orain arte idatzitakoa berriro eta pentsatu zer irakaspen ezarri ahal diozun. Behin pentsatuta daukazunean, hasi idazten. Lasai, presarik gabe, baina, loak hartu gabe.


Hurrengo egunean, pentsatu nuen, ea zer behar nuen kale horretatik pasatzeko eta zer onura aterako nuen. Pentsatzen jarraitu nuen eta pentsatu nuen, zer egingo zidaten hiru gazteek? Gehienez jo egingo zidaten, baina nik ere badakit jotzen. Goiz eta arratsalde kontuari bueltak ematen jarraitu nuen, eta berriro kale hartara joango nintzela pentsatu nuen, handik, pasatzeko beharrik gabe.


Gaueko bederatziak iritsi zirenean, lasai-lasai kalera bidean jarri nintzen. Iritsi nintzenean, berriro ere farolaren argia keinuka hasi zitzaidan, baina ez nion kasurik egin, izan ere, garrantzia gutxien zuen faktorea zen. Ezker-eskubi begiratu nuen, pentsatuz non edo non hiru gazteak egongo zirela, baina ez. Amona zahar bat zegoen, eta pentsatu nuen “orain da momentua kale horretatik pasatzeko”. Hori egin nuen, kale hartatik pasatzen hasi nintzen. Bat-batean, amonak niregana salto egin zuen, pistola bat atera eta neukan diru eta gauza guztiak kendu zizkidan, gainera, belaunera tiro egin zidan eta egun hartatik ez dut inor epaitzen bere fisiko edo adinagatik, ondo ezagutu arte.


Behin ipuina idazteaz bukatzen duzunean, hogeita hamar segundu soberan dituzu, eta aprobetxatu ipuina errepasatzeko. Errepasatzen bukatu bezain laister, amaitu da denbora. Lan ederra egin duzu eta ipuina oso ondo geratu zaizu.


Horrela egiten da ipuin bat bost minutuan.